Jean Jacques Lasserre hautatu dute presidente Paueko kontseiluan

Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluko lehen bilkura egin dute Pauen, presidentea izendatzeko. «Berrikuntza sozialerako laborategi» baten sorrera iragarri du Lasserrek

Jean Jacques Lasserre, presidente hautatua izan berritan, atzo. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Ez da sorpresarik izan: Jean Jacques Lasserre izendatu dute Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluko buru ondoko sei urteetarako. Igandean izan zen bozen bigarren itzulia, eta atzo goizean egin zuten kontseilu nagusiko lehen bilkura. Bi hautagai aurkeztu ziren: zentro-eskuineko gehiengoaren izenean, Lasserre, eta EH Bairentzat, Iker Elizalde. Departamenduko ezkerrak ez zuen hautagairik aurkeztu. Gehiengo zabal batek egin zuen Lasserreren hautua.

Bigarren agintaldia izanen du, jarraian, Lasserrek (Bidaxune, Nafarroa Beherea, 1944); 2001etik 2008ra ere izan zuen kargu hori. Presidente hautatua izan berritan, departamenduak instituzio gisa duen zilegitasuna defendatu zuen. «Anitzek zaharkitua zela zioten; guk departamendu eskalaren egokitasunean sinesten dugu», adierazi zuen, eta «elkartasuna» oinarri duten politika publikoen «noblezia» azpimarratu zuen. «Badakigu bizi dugun osasun krisiak eta bizi ditugun trantsizio handiek elkartasun beharra indartu baizik ez dutela egiten ahulenengan. Elkartasun horri esker, gure diferentzien gainetik komunitatea osatzen dugu», baieztatu zuen. Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren «aniztasun kulturalaren» defentsa «elkartasunaren, errespetuaren eta irekitasunaren adierazpena» izan behar dela erran zuen.

Era berean, hauteskundeak markatu dituen abstentzio handia ere aipatu zuen. «Hautesleen urruntzeak geure burua galdekatzera eraman behar gaitu. Tokiko hautetsien eta herritarren artean konfiantza harremanak tinkatu behar dira; lurraldeekiko hurbileko harremana indartu behar da. Niri dagokidanez, suhartasunez, irudimenez eta arriskuak hartuz aritzera bultzatzen zaituztet».

Departamenduaren politika sozialekin adin guzietako herritarrei laguntza ekartzeko borondatea erakutsi zuen, eta «berrikuntza sozialerako laborategi» baten sorrera iragarri zuen, herritarren beharrei konponbide «egokiagoak» atzemateko «gogoetatzea, irudikatzea, testatzea eta ebaluatzea» ahalbidetuko duena. 18-25 urte arteko gazteei «erantzunak» proposatuko zaizkiela erran zuen.

Etxebizitzaren gaia ere izan zuen hizpide. «Gure lurraldearen erakargarritasun zoragarriari lotua dela uste dut, baina ez dut uste nor bere baitan hetsirik egotea edo halako jarduera edo halako publiko bat hatzarekin erakustea denik konponbidea». Tresnak badirela eta partaide ezberdinen artean lanean aritu behar direla baieztatu du. Herritarren parte hartzeari, ingurumen trantsizioari eta bizi inguruneari buruz lan egitea ere aipatu du.

Oposizioa, lanerako prest

Lasserre presidentearen hitzaldiaren ondotik, oposizioko hautetsien txanda izan da. Departamenduko ezkerraren izenean, Stephanie Maza Paueko hautetsia mintzatu da. «Abstentzio handiak behartzen gaitu kontuan hartzera gure herritarren parte handi batek ez duela interesik ikusten bozkatzera joatean. Triunfalismoak baztertu eta lan egin behar da». Oposizio «determinatu» bat izanen direla erran zuen, eta nabarmendu zuen zerbitzu publikoaren defentsan arituko direla. «Ez gara enfrentamendu antzu batean izanen: instituzioaren eta departamenduaren interesak defendatuko ditugu; ez dugu figurazioa eginen».

Iker Elizalde EH Baiko hautetsiak ere hartu zuen hitza. Annie Povedarekin batera, ezkerreko abertzaleen ordezkariak izanen dira Pauen. Bi «oinarrizko» puntu aipatu zituen: Ipar Euskal Herriaren instituzionalizazioa eta AHTaren trenbidea. Estatus bereziko lurralde elkargo baten alde direla erran, eta oroitarazi zuen Ipar Euskal Herriko gehiengo baten babesa izan zuela bere garaian. Abiadura handiko trenarentzat trenbide berriak eraikitzearen kontra ere agertu zen. «Ez da beharrezkoa». Baliabideak orain diren azpiegiturak indartzeko erabiltzea hobetsi zuen. Azkenik, euskaraz ikasteko eskubidea ere defendatu zuen, Donapaleuko (Nafarroa Behera) Amikuze kolegioa okupatzen ari direnei babesa erakutsita.

Berehala hartu beharreko bost neurri zerrendatu zituen Elizaldek: etxe laguntzaileen lan baldintzen hobetzea, besteak beste, 28 orduko lanaldiarentzat gutxieneko lansaria bermatuz; gutxieneko errenta bermatzea 18-25 urte artekoentzat; etxebizitzaren egoerari konponbidea ematea, azpimarratuz instituzioaren ardura dela denentzat eskuragarri izatea; bakartutako adingabekoen harrera denentzat bera izatea, edonongoak izanik ere; turismo iraunkorraren Europako itunarekin bat egitea. Lasserrek erantzun zion bistakoa dela eztabaidak izanen dituztela, baina prest agertu zen elkarlanean aritzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.