Jaume Salmeron. Kataluniako Arbucies herriko zinegotzia

«2017az geroztik falta zen erantzun sozial bat piztu du akordioak»

Amnistiaren eta Autodeterminazioaren Aldeko Akordio Soziala aho batez onartu du Arbuciesko Udalak. Jaume Salmeron herriko zinegotzia indarrak batzeko beharraz aritu da, estatuko egiturei «presio» egiteko.

BERRIA.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Kataluniako mugimendu independentista bidea egiten hasi da berriro. Amnistiaren eta Autodeterminazioaren Aldeko AkordioSozialaren helburua da ahalik eta babes zabalena biltzea 2017ko independentzia erreferendumaren bosgarren urteurrena betetzen denerako. Egitasmoaren bultzatzaileek mozioak aurkeztu dituzte Kataluniako udaletan amnistiaren eta autodeterminazioaren alde. Horretaz aritu da Jaume Salmeron (Arbucies, Herrialde Katalanak, 1971) Entesa per Arbucies alderdi independenteko kidea eta zinegotzia.

Noiz onartu zenuten mozioa?

Iragan hilabete hasieran aho batez onartu genuen. Hamabost egun lehenago, David Fernandez Amnistia eta Autodeterminazioaren Aldeko Akordio Sozialaren koordinatzailearekin batera, hautagaitza independente subiranistak elkartzen hasi ginen alderdi horien babesa lortzeko. Girona probintziako lehen udala izan ginen mozioa onartzen.

Zer iruditzen zaizu akordioa?

Balorazio positiboa egiten diot, egitasmoa ahalik eta espazio eta adostasun handiena lortzera bideratuta dagoelako, eta funts politikoa duen gatazka bati konponbidea aurkitzeko eratu delako. Arazo horren irtenbidea da autodeterminazio eskubidea gauzatzea, eta amnistia ematea 4.000 errepresaliatuei, zeinak auzipetuak edota epaiketaren edo sententziaren zain dauden. 2017az geroztik falta zen erantzun sozial bat piztu du akordioak.

Catalunya en Comu Podemen parte hartzea garrantzitsua da egitasmoan?

Ezinbestekoa ere bada. Gatazka politiko baten aldarrikapen demokratikoa egiteko espazioak independentismo gisa ulertzen dugunaren muga politikoak gainditzen ditu. En Comu Podem bezalako indar ez-independentista baina subiranistak direnen espazio politikoaren babesa beharrezkoa da xedeak lortzeko, eta herrialde honen aniztasun politikoa islatzeko.

Amnistia eta autodeterminazioa. Zein iritsiko da lehenago zure ustez?

Biak eskutik doaz: autodeterminazio eskubidea gauzatzeak errepresaliatuentzako amnistia dakar. Eta alderantziz: ez genuke ulertuko amnistia lege bat autodeterminazio eskubidea gauzatzeko aukerarik ez duena. Errepresaliatuak daude eskubide demokratiko bat aldarrikatzen duen mugimendu bat dagoelako, erabakitzeko eskubidea dena.

Epeez hitz egiten dugunean, eskubide horiek aldarrikatzen ditugun gehiengoak zalantzan jartzen dugu Espainiako Estatuaren egitura. Badakigu ez dela izango epe laburreko kontua, baina azken bost urteotan, 2017ko independentzia erreferenduma egin zenetik, asko aurreratu dugu, eta akordio sozial hau bide horretatik doa. Ez da zilegi auzipetua, epaitua eta zigortua izatea adierazpen askatasunaren eskubideen, biltzeko eskubideen, eta eskubide politiko eta zibilen gisako oinarrizko eskubideak defendatzeagatik.

Posible da Espainiako Gobernuari presio egitea babes sozialaren bitartez?

Akordioa lortzeko egin dugun bideak bi xede ditu. Lehena, Kataluniako udalen babesa lortzea; eta bigarrena, sindikatuen, eta kulturako, hezkuntzako eta arlo sozialeko erakundeen babesak biltzea. Prozesu honek indarra eman behar digu urriaren 1eko espiritura bueltatzeko. Egun horretan, Espainiako estatuaren errepresio bortitza jasan ondoren, espazio politiko zabalagoak sortu ziren indar independentista politikoetatik haratago zihoazenak, eta indar sozialak barne hartzen zituenak.

Posible da estatuari presio egitea? Amnistiaren eta autodeterminazio eskubidearen aldeko aldarrikapena ez da soilik lau udalen kontua. Estatistikoki inkestek behin eta berriz 2017tik esaten digutena islatzen du: Kataluniako herritarren %80 ados daude Espainiaren eta Kataluniaren arteko gatazka politikoa bide demokratikoetatik konpontzearekin. Behetik gorako prozesua izan behar du. Horrela, espazio koordinatua lortuko dugu estatuko egiturei presio egiteko. Betiere, gatazka politiko eta demokratiko honi irtenbide demokratikoa bilatuz.

Espainiako Gobernuak eta Generalitateak politikari «izaera juridikoa» kentzea adostu dute. Hori izan daiteke bidea?

Jarraitu beharreko bide bat izan daiteke, baina ez bakarra. Apustu politiko bat da. Baina hemen botere judizial bat dago behin baino gehiagotan ez duena esku hartu aspektu demokratikoetan, eta ez bakarrik Katalunian, baita Euskal Herrian ere. Eta horrela ezinezkoa da egoera jakin batzuk gainditzea. Eta hori diot Espainian botere judizial bat dagoelako, ez duena demokraziarako trantsiziorik egin. Agerikoak dira hainbat epailek dituzten aldagai faxista eta frankistak.

Beraz, akordio politikoa gauza bat da, eta beste bat da botere judizialaren administrazioa demokratizatzeko beharra. Batetik, mandatu demokratikoa dago, guk babesten duguna elkarrizketaren eta negoziaturiko irtenbide baten bitartez, eta, bestetik, botere judizialak dituen demokraziaren aurreko garaiko pentsamenduak daude. Politikak aurrera egiten badu, baina botere judiziala beste bide batetik badoa, horiek talka egingo dute. Horregatik, botere judizialaren eraldaketan lan egin beharra dago, gauzatu ez den trantsizio bat behar duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.