urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Korsikaren ordua

2017ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Behin baino gehiagotan aipatu dugu, jakobinismo zorrotzenean ere, Espainiak ez bezala ukabila ireki eta egoerara egokitzeko gaitasuna eta lekuan lekukoaren arabera jokatzeko malgutasun aski izan duela Frantziako Errepublikak; urtebete baino gutxiago falta da, azken batean, bere menpeko lurralde baten autodeterminazio-erreferendum bat egiteko, hau da, Kaledonia Berrian. Nahi bada, Itsasoaz Haraindiko Departamendu eta Lurraldeei dagokien salbuespena da, deskolonizazioaren azken arrastoak, alegia, mundu zabalean Europako potentziek dituzten azken lurraldeen aztarna gisa. Korsika ere Itsasoz Haraindi da, baina Europan, Hexagonotik berrehun kilometro baino gutxiagora Mediterraneoan, Sardinia eta Italia hur, eta Espainiaren menpeko Herrialde Katalanak ere ez oso urrun.

Urte bi beteko dira ostegunean korsikar abertzaleen lan estrategikoak (borroka armatuaren amaierak eta autonomisten eta independentisten arteko elkarlanak) garaipen historikoa eman ziela hauteskundeetan. Batek baino gehiagok metropolian egiaren ordua iragarri zuen harropuzkeriaz, hizkuntzaz eta nazioaz baino hitz egiten ez omen zuten haiek kudeaketa-ardurak hartzerakoan ikasiko omen zuten zer den egiaz politika. Frantziako politika tradizionalaren gainbeherak zirrikitua ireki duela inork ez du zalantzan jartzen. Zirrikitu hori une batean baliatzeaz haratago, bi urteko esperientziak agerian utzi du porrotaren kudeaketa behar zuen horrek Korsikako herritarren oniritzi zabala eskuratu duela, aldaketetarako prest dagoela, eta abertzaleak nahi dituela horren gidari.

Lekuz eta unez kanpo, Jean-Pierre Chevenement ministro ohiak ozen salatu du «[Korsikako] nazionalismoaren hazkundea, 40 urtez ezker eta eskuineko [Frantziako] gobernuek izandako utzikeriaren ondorio» dela. «Valery Giscard d'Estaing izan zen korsikar nazionalismoaren sorleku eta arragoa izan den Cortiko unibertsitatea sortu zuena. Ezkerrak lehen estatutua adostu du Korsikan, eta kontseilu konstituzionalagatik izan ez balitz, korsikar herria nozioa aitortuko ziokeen» adierazi du Le Figaro-n. Eder da metropolia urduri nabaritzea eta zure bazterrean zentraltasuna lorturik, botere-ardura duzula, denbora komeni zaizun gisan antolatzen, bidea markatzea.

«Konstituzio batek ez badu herri bat aitortzen, konstituzio hori da aldatu behar dena, ez herria desagerrarazi», argi adierazi du Gilles Simeoni lehendakariak, Korsikan gaur bozkatuko dena duela bi urteko garaipena berrestea eta uhartea errealitate berri baterantz abiaraztea dela. Eta sinbiosi interesgarri horren osagarri, Jean-Guy Talamoni Asanbleako presidente independentistak bide horren mugarriak ere nabarmendu ditu: «Une jakin batean, aintzat hartu beharko da korsikarren borondatea. Hiru aldiz jarraian bozkatu dute nazionalisten alde; horrek esan nahi du korsikarrentzat Korsika nazioa dela».

«Korsika Katalunia berria ote?» titularra idatzi du kazetariren batek, erantzuna independentistek eurek eman badute ere: datozen hamar urteetan behintzat, ez da gai hori mahai gaineratuko. Lan handia dute aurretik. Mediterraneoan mendebaldera, behetik gorako ahalduntze prozesuaren zipriztinek seguru bustitzen dutela Korsika ere. Parisen atzo euskaldunek eginak ere izango du ispilurik korsikar preso politikoen auzia eztabaidatzerakoan. Baina denaren aurretik, euren bidea eurek egin behar dutela ikusi dute korsikarrek. Ondo bidean, hala berretsiko dute gaur, departamendurik gabeko lurralde elkargo sendo eta ahaldundu baterako bidean. Festa di a Nazione, Nazioaren Festa ospatu zuten herenegun, 1729an piztutako matxinadak 1735ean Genoatik independente zen estatua aldarrikatu zuela gogoan. Orain bertan, agendan ez dago estatu berri baten sorrera. Baina Frantziak Europan izango lukeen lehen lurralde autonomoa bai, horretarako negoziazioak urtea hasi eta berehala nahi dituzte korsikar abertzaleek. Eta biziki interesgarria izango da nola negoziatzen duen Parisek, behinolako DOM-TOMetan beharrean Europan bertan autonomia aldarrikatzen dion elkargo baten nahia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.