Sabino Cuadra. 1978ko Sanferminak Gogoan elkarteko kidea

«Justiziarik gabe, egia eta erreparazioa herren geratzen dira»

43 urteren ondoren, German Rodriguezen hilketaren eta 1978ko sanferminetan gertatutakoaren egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzen segitzen du. Oztopo guztien gainetik, baikor dago Cuadra: «Arrazoia gure alde dago».

IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
<i>Iruñea</i>
2021eko uztailaren 9a
00:00
Entzun
1978ko uztailaren 8an zezen plazan zen Sabino Cuadra (Amurrio, Araba, 1979), La Unica peñarekin. Ordu haietako irudiak nahasian datozkio gogora, baina, guztiaren gainetik, Polizia Armatuaren oldarraldi basati hark eragindako amorrua geratu zaio iltzatuta. Argi du garai hartan pil-pilean zegoen egoera politikoaren aurrean «kolpea» eman nahi izan zutela, eta, German Rodriguezen hilketa alde batera utzita, Nafarroaren aurkako eraso orokorra izan zela nabarmendu du. Horregatik, gizarte eta memoriaren arloko hainbat taldek babestu dute aurtengo ekitaldia. Plataforma bat sortu dute.

43 urteotan eman al da aurrerapausorik?

Hemen, batez ere. 40. urteurrenarekin, aurreko legealdian, Iruñeko Udalak oso pauso garrantzitsua egin zuen: Dora Salazarren monumentua, biktimei omenaldia, laguntzak... Parlamentuan, batetik, dokumentu ofizialen desklasifikazioa eskatzeko mozioa ia-ia aho batez onartu zen. Bestetik, guk kereila kriminala jarri genuen, eta hura babesteko eskaera ere onetsi zen. PSN alde agertu zen, adibidez. Hala ere, estatuko erakundeek ez dute deus ere egin. Hutsaren pare.

Zuen eskariz, lau parlamentu taldek mozio bat erregistratu dute Espainiako Estatuari eskatzeko bere gain har dezala 1978ko gertakarien erantzukizuna.

Tamalez, gure asmoa zen orain eztabaidatzea, baina ez da posible izan. Irailerako geratu da. Itzuliko gara parlamentura esatera hemen gertatu zena oso larria izan zela. 1978an, Rodolfo Martin Villak [garai hartako Barne ministroak] agerraldia egin zuenean esan zuen ikerketaren emaitzak aurkeztuko zituela. 43 urte pasatu dira, eta ez dugu deus jakin.

Martin Villak 1978ko uztailaren 19an Kongresuan aipatu zuen txosten bat zegoela. 2019an, agiri hori lortu eta haren edukia publiko egin zenuten. Zer nabarmenduko zenuke?

Hamaika eskaera egin ditugu Defentsa Ministerioan, Barne Ministerioan, Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzan. Erantzuna jaso izan dugunean, erantzun bera eman digute: «Ez dugu zuk eskatutako dokumentuaren berririk». Hala ere, azkenean lortu genuen. Kongresuan bertan zegoen gordeta. 1980ko hamarkadaren hasieran, epaileek beraiek ere eskatu zuten espediente hori behin eta berriz, sumarioan sartzeko, eta ez zuten erantzunik jaso. Inportantea da, zeren hor Poliziaren zuzendariordeak, infanteria arloko Dionisio Bartret jeneralak, esaten zuen plazan sartzeko modu hura zentzugabea izan zela: Poliziaren irizpideen arabera eta oinarri-oinarrizko jokabide baten ikuspegitik, ez zuen zentzurik. Horrez gain, Bartretek zioen Poliziaren komandante buruak bazuela modua aginduak ez betetzeko. Orduan, jeneral horrek hori badio, argi eta garbi dago zigor arloko erantzukizunak daudela. Hori ezkutatu egin zen.

Kereila aurkeztua duzue epaitegian. Zer bide egin du?

Hasieran, atzera bota ziguten, auziari bide emateko arrazoi juridikorik ez zegoela argudiatuta. Argudioak betikoak ziren: garai hartan gertatu zela eta Zigor Kodeak epe bat markatzen duenez gainditu egin zela aspaldi. Esaten zuten ez zegoela froga berririk, eta hori gezurra da, geuk aurkeztu genuelako txosten polizial hori. Errekurtsoa jarrita dago Nafarroako Auzitegi Nagusian, eta ikusiko dugu zein den erantzuna.

Hala ere, 1978ko gertaeren ondotik, ikerketa judiziala egon zen. Zer gertatu zen?

Esan behar da lau kereila egon zirela: bata, zezen plazakoa; bigarrena, Germanen hilketarena; hirugarrena, kaleko istiluena; laugarrena, kalte ekonomikoena. Denak artxibatuta geratu ziren. Inor ez zen eseri epaitegietan akusatuen aulkian; epaitegien atarian geratu zen auzia. Ikerketarik sakonena peñek eurek egin zuten.

Azkenean, Argentinatik etorri da itxaropena. Nola dago auzia?

Geldirik. Hasieratik sartuta gaude hor. Estatuko beste kereilekin batera gaude, gizateriaren aurkako krimenak aldarrikatuz. Iaz deklarazioa hartu zioten Martin Villari, bideokonferentzia bidez. Horrekin zer gertatuko zain gaude. Argentinan, pandemiaren eragina oso handia izan da, eta justizia hankaz gora dago.

Argentinan izan zineten. Nolakoa izan zen esperientzia hura?

Oso ona. Manuela Servini epailearen aldetik jasotako harrera oso positiboa izan zen. Lehen aldiz, epaile batek gurekin biltzea onartu zuen, eta merezi du horretarako 11.000 kilometro egin behar izatea. Txalogarria da, baina, aldi berean, oso tristea. Epaitegiko jendearekin, abokatuekin ere hitz egin genuen, eta irratietan eta komunikabideetan oso harrera ona izan genuen. Hauspotu egin gintuen aurrera jarraitzeko.

Espainiako Gobernuak Memoria Demokratikoaren legearen aurreproiektua aurkeztu zuen iazko irailean. Zer ekar dezake lege horrek?

Ikusiko dugu. Oraindik aurreproiektu bat da, eta ez da sartu Kongresuan. Estatuko 300 elkarte inguruk adierazi dute aurrerapauso batzuk eman direla, baina salatzen dute frankismoarekiko zigorgabetasun erregimenari eusten diola. Zer esan nahi du horrek? Justizia lege horretatik at geratzen dela. Ez dago biderik justizia erreklamatzeko. Oztopo nagusia Amnistiaren legea da, eta, horrekin batera, nazioarteko araudi batzuk ez aplikatzea. Halaber, Zigor Kodea berritu egin beharko litzateke delituen preskripzioa kentzeko. Guk erreparazio sinboliko administratiboa deitzen diogu horri: adierazpenak egin, plaka bat jarri, argazkiak han eta hemen, eta kito.

Eta hori bera geratzen da orain dela gutxi indarrean sartu den Nafarroako eskuin muturreko taldeen eta polizien indarkeriaren biktimen legearekin?

Antzeko zerbait da. Justiziarik gabe, egia eta erreparazioa herren geratzen dira. Zer-nolako erreparazioa egin daiteke ez baduzu onartzen delitu bat egin dela eta horren arabera errudun batzuk daudela eta erantzukizun penal bat dagoela? Ez dugu esaten kartzela zigorrak ezarri behar direnik, baina, bederen, hori onartzea. Erreparazioa hankamotz geratzen da. Eta egiari dagokionez, zer esanik ez. Estatuko aurreproiektu horretan eskandalagarriena da biktimen zerrenda luzea egiten dela eta torturen biktima gisa aintzat hartzen direla soilik Mauthausengo kontzentrazio esparru nazian egon zirenak. Kito. Eta frankismoan ez zen torturatu? Trantsizioan ez zegoen torturarik? Eusko Jaurlaritzak egindako txostenean aipatutako 4.000 tortura kasuak tontakeria bat dira? Hori dio memoria demokratikoaren aurreproiektu horrek. Azkenean, egia mugatzen du, justizia ezeztatzen du, eta erreparazioa hankamotz geratzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.