VII. Inkesta Soziolinguistikoa. Udalerri euskaldunak

«Gainbehera» zantzuak ageri dira arnasguneetako hainbat datutan

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak VII. Inkesta Soziolinguistikoko datuak aztertu ditu, propio udalerri euskaldunetako egoerari begira; kezka du eremu euskaldunenetako datuen harira

arantxa iraola
2023ko apirilaren 28a
00:00
Entzun

Igaro asteotan VII. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak ezagutarazi dituzte Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak. Udalerriz udalerriko daturik ez du biltzen azterlan horrek, baina inkesta garrantzitsua da, bost urtean behin egoera soziolinguistikoaren berri ematen duen erretratu esanguratsua. Horregatik, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin batera eredu bat adostu du udalerri euskaldunetako datuak lortzeko. Udalerri euskaldunetan, euskaldunen ehunekoa %63-100 tartean egoten da, eta, beraz, Inkesta Soziolinguistikoaren lagin osotik hartu dituzte %63-100eko ezagutza duten udalerrietan egindako inkestak. Datu horiek «xehatuta», ikerketa bat plazaratu du orain UEMAk, eta, eremu euskaldunenetara begira, bereziki euskararen arnasgune diren horietara, aurrez ere erakutsi izan duen kezka berritu du: «gainbehera» zantzuak ageri dira hainbat datutan.

Ikusi gehiago:«Ikusten ari gara euskaldunen profila nola ari den aldatzen»

Laugarren gune soziolinguistikoko udalerriak daude batetik, euskaldunenak; euskaldunak %80 dira horietan. Hirugarren gune soziolinguistikoan, ehunekoa apalagoa da: euskaldunak %63-80 dira. Bien artean badira aldeak datuetan. Atalka, horra:

HIZKUNTZA GAITASUNA

Udalerri euskaldunetako 16 urtetik gorako biztanleen %76 euskaldunak dira. Herritarren %8 euskaldun hartzaileak dira, eta %15, erdaldunak. %76ko portzentajea 1990eko hamarraldikoen parekoa da, nahiz eta azken urteetan gora egin duen. «Alde horretatik, Euskal Herriko bilakaeraz bestelakoa daukate udalerri euskaldunek; ezagutza datuak apalagoak dira Euskal Herrian, baina hamarraldiotan igoera adierazgarria izan dute; udalerri euskaldunetan nabarmen dago hedatuagoa euskararen ezagutza, baina aurrerapen mugatuak izan dira», ondorioztatu du UEMAk. Udalerri euskaldunetan, oro har, ageri dira «bi dinamika» klase. Laugarren gune soziolinguistikoan, behera egin du euskaldunen ehunekoak, eta 2021ekoa igaro 30 urteotako datu apalena da. Horra aldea: 1991. urtean, euskaldunak %90 ziren; orain, %81,9. «Alde horretatik, laugarren gune soziolinguistikoa nabarmen ari da ahultzen», ohartarazi du UEMAk. Bestelakoa da eboluzioa hirugarren guneko herrietan; urteotan «pixkanaka» handitu egin da euskaldunen ehunekoa, eta egun %73,9 dira.

 

 

 

 

TRANSMISIOA

«Euskara da udalerri euskaldunetako herritar gehienen lehen hizkuntza (%63), eta, etxean ele biak jasotakoak gehituta (%8), hamarretik zazpi dira», nabarmendu du UEMAk azterlanean. Atzera begira, ehuneko hori apaldu egin dela adierazi du: «Euskal Herrian oro har gertatu da lehen hizkuntza euskara dutenen jaitsiera, baina bereziki nabari da udalerri euskaldunetan», ohartarazi du. 1991n, lehen hizkuntza euskara zutenen ehunekoa %74 zen; orain, %63. Hauskorrago ageri dira horretan ere udalerri euskaldunenak: «Hirugarren gunean baino handiagoa da jaitsiera laugarren gunean».

ERABILERA

«Euskara da udalerri euskaldunetako hizkuntza nagusia: %58ko erabilera. 30 urtean bilakaera positiboa izan du: zazpi puntuko irabazia», nabarmendu du UEMAk. Euskal Herriko datu orokorrak konparatuta, «diferentziarik handiena» hortxe dagoela adierazi du. Hauskor ageri da berriro ere laugarren gunea: «Erdararen erabilerak gora egin du laugarren gunean, eta lau herritarretik baten hizkuntza da orain». Udalerri euskaldunetan, euskara gazteek erabiltzen dute gehien, eta 50-64 urte artekoek gutxien. «Aldaketa handia gertatu da hamarkada hauetan; 1991n, zenbat eta helduago, handiagoa zen euskararen erabilera; orain, erabat hautsi da hori. Batez ere, hirugarren gune soziolinguistikoan gertatu da, gazteen eskutik».

 

 

 

 

JARRERA

Euskara sustatzearen alde daude biztanle gehienak, zazpitik sei; aurkako jarrera bazterrekoa da, %2. «Euskararen ezagutza funtsezkoa da», ohartarazi du UEMAk. «Euskaldunen %92k dute aldeko jarrera, eta erdaldunen %59k».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.