Ingurumena. Luizia Zaldibarren

Sinesgarritasunik ez edukitzea egotzi dio oposizioak Eusko Jaurlaritzari

EH Bilduk «gardentasunez» ez jokatzea egotzi dio gobernuari. Elkarrekin Podemosen ustez, instituzioek «kaos sentipena» transmititu dute

Iriarte eta Otero, atzo, legebiltzarrera sartzen. ADRIAN RUIZ-HIERRO / EFE.
Igor Susaeta.
2020ko otsailaren 19a
00:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzako kideek Zaldibarko (Bizkaia) zabortegian gertatutako luiziari buruz emandako azalpenek ez dute oposizioa konbentzitu. EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk eskatuta, agerraldia egin zuten Iñigo Urkullu lehendakariak eta lau sailburuk, atzo, Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean, eta oposizioko taldeek sinesgarritasunik eza aurpegiratu zieten.

EH Bilduren legebiltzarreko bozeramaile Maddalen Iriarteren esanetan, gertatutakoari buruzko informazioa falta da, eta nabarmendu zuen Jaurlaritza «zuhurtziarik gabe» eta «deskoordinatuta» jokatzen ari dela. Hori azaltzeko, gobernuko kideei gogorarazi zien, esate baterako, ezbeharra gertatu ondorengo lehendabiziko egunetan adierazi zutela airearen kalitatea ona zela, eta «bederatzi ordu» behar izan zituztela amiantoa zegoela esateko. «Baina gobernuak bazekien han amiantoa zegoela».

Iriartek ez du gizartea «asaldatzeko» intentziorik, baina iruditzen zaio herritarrak ez direla tratatu behar egoerari aurre egiteko «nahikoa zentzutasun edukiko ez balute bezala». Koalizio independentistako eledunak nabarmendu zuenez, «gardentasunez» jokatzen ez denean, jendea «haserretu» egiten da. «Gobernuak sinesgarritasuna galdu du», ohartarazi zuen.

Elkarrekin Podemosen ustez, instituzioek «kaos sentipena» transmititu dute krisia kudeatzeko orduan. Lander Martinez koalizioaren legebiltzarreko bozeramaileak «beste aldera begiratu» duela aurpegiratu zion Jaurlaritzari. Pentsatzen du, gainera, gobernua bere «gaitasunik eza» ezkutatzen ahalegindu dela, eta «harrokeriaz» eta «inprobisatuz» jokatu duela.

«Okerrago ezin da kudeatu»

«Krisi bat ezin da okerrago kudeatu. Lehendakaria ez da biktima bat, erantzule nagusia baizik», adierazi zion Alfonso Alonso PPren bozeramaileak lehendakariari. Haren iritziz, «autokonplazentzian kokatuta» dago Jaurlaritza, eta «gaindituta» dagoen sentsazioa ematen ari da. Gainera, «sinesgarritasun falta» egotzi zion, eta modu koordinatuan ez aritzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.