Paper errea, zehaztu ezean

Euskarazko zirkuituek epe eta betebehar zehatzak behar dituzte, Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren arabera. Ohartarazi du halakoak sortzeak «trantsiziozko» neurria behar lukeela.

Julen Aperribai.
2022ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Hala eskatzen dutenei arta euskaraz ematea sistematizatzea du helburu Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Planak. Euskarazko zirkuituak sortzeak, ordea, ez luke epe luzerako neurria izan behar, Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariaren arabera, «trantsiziozko neurria» baizik.

Halaber, uste du zirkuitu horiek martxan jartzeko epe eta neurri zehatzak falta direla. «Zirkuituez-eta ari garenean, epe eta betebehar zehatzak ezartzeaz ari gara, ez dadin etorri laugarren plan bat eta oraindik zirkuitu horietako asko aktibatu gabe egotea». Halaber, herritarra hizkuntzen artean aukeratu behar izatera bainoago, zerbitzua bera euskaraz bermatzera jo behar luke Osakidetzak, Gaubekaren arabera.

Atzo Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako planari hainbat ekarpen egin zizkioten iazko abenduan Behatokiak, Kontseiluak eta Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak, baina horiek ez ditu jaso planak, dioenez: planaren asmoak baino gehiago, horiek gauzatzeko baliabide eta zehaztapen falta kritikatu ditu Gaubekak. Barne harremanetan, esaterako, gogora ekarri du Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak eskatutakoa: profesionalei zuzendutako prestakuntza jarraitua euskaraz izan dadin neurri zehatzak hartzea.

Euskaraz lan egiteko baliabide falta ere sumatzen dute profesionalek, Gaubekak dioenez, eta horrek langileei eurei eragiten die, baina baita haien zerbitzua jasotzen duten herritarrei ere: «Osakidetzak euskarri digital pila bat sortzen du, bai lanerako eta baita herritarrei begira ere, eta ikusten duguna da jarraitzen dela euskarri horiek guztiak gaztelaniaz sortzen. Askotan, beranduago euskaratzen dira, eta arazoekin euskaratzen dira».

Bermerik eza, ohiko

Euskarazko zerbitzua bermatzeko baldintza da langileak euskalduntzea. Alferrik eskatuko zaio herritarrari adieraz dezala zein hizkuntzatan jaso nahi duen arta, ondoren hori bermatzeko modurik ez bada, Gaubekak ohartarazi duenez. Aitortu du badirela «aurrerapausoak» planean, baina nabarmendu du «neurri eraginkorragoak eta azkarragoak» behar direla. «Jarraitzen dugu euskarazko zerbitzua eskatua duten herritarrei horretarako bermerik eman gabe», salatu du, eta gaineratu egoera hori eremu euskaldunetan ere «gero eta ohikoagoa» dela.

Zerbitzuen euskalduntze maila desberdina izango da eremu soziolinguistikoaren arabera, planak dioenez, eta, halaber, izendatuta daude toki bakoitzean euskalduntzeari begira lehentasunezkoak izango diren eremuak. Azken urteetan, baina, lehentasunezko eremu horiek geroz eta urriagoak direla dio Gaubekak.

Beste kritika bat ere egin dio banaketari: eremu euskaldunetan lehentasunezkoa den zerbitzu batek beste lehentasun maila bat izatea beste eremu batean. Zerbitzu batzuek denean behar dute lehentasunezkoak, dioenez: kasurako, pediatriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.