'Langraiz bidea', azken pausoetan

'Langraiz bidea' hartu zuten 27 presoetatik hiru baino ez dira geratzen zigorra betetzeko. Urrusolok prozesuaren balorazio «positiboa» egin du. Rafael Caride izan da aske geratu den azken presoa

Euskal presoak gizarteratzeko bideari izena eman zion espetxea: Langraiz (Araba). RAUL BOGAJO / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2019ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Hamar urte igaro dira Espainiako Gobernua Langraiz bidean lehenengo pausoak ematen hasi zenetik, eta egun, bide horren amaiera gero eta hurbilago dago. Zehazki, Langraiz bidea hartu zuten 27 presoetatik hiru baino ez dira geratzen zigorra bete eta behin betiko aske geratzeko: Kepa Pikabea, Ibon Etxezarreta eta Luis Mari Carrasco. Hirurak, hala ere, zigorraren azken fasean daude, eta, kalera ateratzeko baimenak dituztenez, lotara baino ez dira itzuli behar espetxera.

Langraizko (Araba) espetxeak eman zion izena 2008-2011 legegintzaldian Espainiako Gobernuak abiatu zuen euskal presoak gizarteratzeko prozesuari. Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak Langraizko espetxea aukeratu zuen hiru baldintza betetzen zituzten euskal presoak Euskal Herrira hurbildu ahal izateko: borroka armatutik aldentzea, biktimei barkamena adieraztea eta erantzukizun zibila ordaintzeko konpromisoa hartzea. Bide hori aukeratzen zutenek hirugarren gradua lor zezaketen, eta, zigorraren hiru laurdenak betetzean, gizarteratze aurreikuspen positiboak zituzten presoak baldintzapean aske gera zitezkeen. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak ez zuen prozesu hori begi onez ikusi, eta erabaki hori hartu zuten guztiak kolektibotik kanporatu zituen. 2011tik, PP Espainiako Gobernura iritsi zenetik, etenda dago bide hori. «Pena izan zen PP gobernura iritsi zenean prozesua eten zuela», azpimarratu du Langraizbideko preso ohi Joseba Urrusolo Sistiagak.

Rafael Caride (74 urte) izan da aske geratu den azkena; igandean joan zen azkenekoz sinatzera. Azken hamar urteak Zaballako kartzelan egin ditu, baina, orotara, 26 urteko espetxe zigorra bete du. Azkenengo bi urteak baldintzapean aske eman baditu ere, astean behin sinatzera itzuli behar izaten zuen espetxera. Besteak beste, ETAk egindako atentaturik odoltsuenean parte hartzeagatik atxilotu zuten Caride: 1987ko ekainaren 19an, 21 pertsona hil eta 45 zauritu ziren, Bartzelonako Hipercor merkataritza zentroaren aparkalekuan bonba auto bat lehertuta.

Pikabeari ere hilabete gutxi falta zaizkio kondena amaitzeko. 1994an atxilotu zuten, Baionan, ETArekin lotuta. Donostiako Martutene kartzelan egon zen espetxeratuta, baina otsailetik, kontrol neurriak ezarri dizkiote, eta ez da kartzelara lo egitera itzuli behar. Etxezarretak eta Carrascok ere baldintzapeko askatasuna dute. Egunez lan egiten dute, eta gauez itzultzen dira espetxera. Hala ere, Urrusoloren hitzetan, «norberak erabakitzen du baimenak nola kudeatu».

Urrusolok «oso balorazio positiboa» egiten du Langraiz bidearen inguruan: «Martxan egon den bitartean oso positiboa izan da, eta gerora ere bai, geure kabuz urratsak egiten jarraitu ahal izan dugulako». Nolanahi ere, gizarteari begira «oso gai konplexua» dela azaldu du Urrusolok: «Askok uste zuten gure onura propioa bilatzeko asmoz egin genuela hautu hori». Dena dela, prozesu horrek «erabakiak hartzeko askatasuna» eman diela azpimarratu du Urrusolok, eta «hausnarketa eta balorazio bat» egiteko aukera izan dutela. «Gure helburu nagusia ekarpen politikoa egiteko aukera izatea zen; gainerakoa bigarren maila batean zegoen».

Antzeko prozesua martxan

Bidea amaitzear dela eta, Jesus Loza Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariak adierazi du espetxe politika berri batmartxan jartzeko asmoa dutela. Langraiz bidearen antza izango duen prozedura bat izango dela jakinarazi dute. Izan ere, Lozak adierazi du Langraiz bideak «helburu bat» bete zuela: «Damuari eta autokritikari esker, ETAko presoei birgizarteratzeko aukera eman zaie». Hala ere, Lozak aurreratu du Espainiako Gobernua osatu arte aurrerapausorik ez dutela emango. Era berean, Lozak jakinarazi du presoen ongietorrien auzian erakunde guztiak «ados» jartzea ere «oso garrantzitsua» dela egoera konpontze aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.