Jaka Horiak. Macronen agintaldia

Hondoratzearen hiru bekatuak

Macronek iazko presidentetzarako bozetan sortu zuen itxaropenaren arrasto gutxi geratzen da. Oinarri elektoral ahulak, herritarrekiko deskonexioak eta botere bertikalak eragin zuzena izan dute horretan.

Macron Frantziako presidentea iragan urrian, Parisen, soldaduei egindako omenaldi batean. IAN LANGSDON / EFE.
ander perez zala
2018ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Iazko presidentetzarako hauteskundeetatik, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak badu oinarrizko arazo bat: babes elektorala. Lehen itzulian botoen %24 eskuratu zituen, eta, bai, emaitza ona da, baina ez hainbestekoa, adibidez aurreko biekin alderatuz gero: 2007an, Nicolas Sarkozyk %31 lortu zituen, eta, 2012an, François Hollandek, %28,6. Ez da arazo bakarra: bigarren itzulian Marine Le Pen eskuin muturrekoari gailendu zitzaion arren —botoen %66,1 lortuta—, boto emaile gehienek Le Penen garaipena saihesteko egin zuten haren alde. Gauza bera gertatu zen lehen itzulian: askok beldurra zioten Le Penen eta François Fillon eskuindarraren arteko lehiari. Zilegitasun arazo bat du, beraz, Frantziako presidenteak, eta arazo hori da azken hilabeteotan bizi duen krisiaren arrazoietako bat. Haren alde bozkatu zutenak, gainera, etsituta daude: hauteskunde kanpainako hautagaia eta Macron presidentea ez datoz bat, macronismoak inboluzio bat jasan baitu.

«Sozial-horizontaletik liberal-bertikalera» egin du salto Frantziako presidenteak, Luc Rouban Cevipof ikerketa taldeko politologoak BERRIAri azaldu dionez. Macronen agintaldiaren garapena eta, finean, macronismoaren eboluzioa aztertu ditu hauteskundeetatik urte eta erdi pasatu den honetan, eta aldaketa argia ikusi du: «Macronek horizontaltasunean oinarritutako alderdia aurkeztu zuen [LREM Errepublika Martxan], baita agintzeko modua ere, orain arteko sistema eta hura desberdinak zirela zin eginda». Baina agintaldiak orain arte erakutsi duen bezala, errealitatea bestelakoa da, eta ohiko sistemaren parte dela frogatu du Macronek: guztiz bertikala.

«Kanpainan, horrela aurkeztu zuen bere burua: europarra, globalizazioaren aldekoa, horizontala funtzionatzeko eran eta sistema tradizionalari buelta ematearen aldekoa, alderdi sistematik at». Emaitza izan da Frantziako presidentea «funtzionarioei gustatzen zaien gobernatzeko era» sustatzen ari dela: «Garrantzitsuena ez da balioak izatea, erreformak egitea baizik, ahalik eta azkarrena, eta ahalik eta urrunena joanez. Abiadura hori zergatik? Uste duelako Hollanderen garaian ez zirela behar adina erreforma egin, eta orain horretarako garaia eta aukera duela. Asanblean, gainera, gehiengo osoa du haren alderdiak. Teknokrata bat da Macron».

Finean, urte eta erdian Frantziako presidenteak eraikita zeuden zubi guztiak hautsi ditu, eta, beraz, bakartuta geratu da boterean, errealitatetik deskonektatuta. Ikuspuntu horretatik agintzen du. «Hori bai, funtzionarioen artean dagoen ideologia erreformistarekin egiten du bat», ohartarazi du Roubanek. Hori ulertzeko, bi gertakari hartu behar dira kontuan: Macronek ENA Administrazioaren Eskola Nazional elitistan ikasi zuela, eta funtzionario gisa ibilbidea duela.

Presidentegai zenean eman zituen jarrera horien lehen zantzuak, frantziarrek autoritate «sendoa» behar zutela argudiatuta: «presidente jupitertar» bat, alegia. «Macron presidente denetik, macronismoa sistema bertikal bat da. Progresiboki, bere burua bakartu egin du, zubiak hautsi ditu sindikatuekin, bere diputatuekin, eta, bien bitartean, erreforma neoliberalak sustatu ditu. Gainera, norabide politikoak eskuinerantz egin du».

Bide horretan, Konstituzioaren erreformak berebiziko garrantzia izango du. Udako Benalla auziaren ondorioz, batetik, eta asteotako Jaka Horien krisiaren ondorioz, bestetik, bi aldiz atzeratu behar izan dute eztabaida Asanblean, eta datorren urteko martxoa baino lehen ez dute aurreikusi gai horri berriz ere heltzea. Macronen arabera, beharrezkoa da erakunde «eraginkorragoak» izatea, eta, beraz, aurkezturiko neurriek, onartuak izanez gero, helburu hori beteko dute; ordea, oposizioarentzat, neurriek botere legegilea ahulduko dute, gobernuareneta Macronen botere bertikalaren mesederako.

Besteak beste, Frantziako presidenteak hauek nahi ditu: «malgutasun handiagoa» ganberetako eztabaidetan —testuak aztertzeko denbora murrizteko—; gobernuko kideentzako auzitegia kendu —Errepublikako Justiziaren Gortea—; ganberetako ordezkari kopurua murriztu, eta hauteskundeetako boto sistema aldatu.

«Macronek ez ditu erakundeak kontuan hartzen. Konstituzioaren erreforma bultzatu du horretarako, eta kolektibitate lokalen baliabideak murriztu ditu. Azken hori hutsegite larri bat da, Frantziako politikak dimentsio lokal oso garrantzitsua baitu. Herri mailako egunerokoa oso garrantzitsua da frantziarrentzat», gogorarazi du Roubanek.

Sustraiak falta zaizkio

Herrietan dago, beraz, Frantziako presidentearen krisiaren beste arrazoietako bat. Estatuaren—presidentearen— eta kolektibitate lokalen artean haustura bat izan da Macron agintean dagoenetik, eta Jaka Horiek sorturiko krisiak lotura zuzena du horrekin: Frantziako presidenteak eta LREMren diputatu gehienek ez dutenez lotura zuzenik herriekin, ezin izan dute aurreikusi Jaka Horien krisia.

«Macronen diputatu gehienek ez dute kargurik izan maila lokalean. Zatiketa politiko bat dago, estatuak ez du ulertzen herritarrari gertatzen zaiona, eta hori gertatu da Macronen botereak ez duelako sustrai lokalik, dena goitik ikusten duelako», uste du Roubanek. Horren ondorioz, krisia haren aurkakoa da, Macron presidentearen aurkakoa, manifestariek oinarri zehatz bat dutelako: presidentea eta gobernua beste klase sozial batekoak direla.

Argi dago egoera ez dela erraza Frantziako presidentearentzat, eta azken hilabeteotan krisi bat bestearen atzetik jasan behar izan duela. Hala ere, Roubanen iritziz, Macronek oraindik badu argudio bat, eta datorren urteko Europako Parlamenturako hauteskundeetan ikusiko du eraginkorra ote den: «Esan dezake ez dela perfektua, hutsegiteak izan dituela, baina, azkenean, hura dela irtenbide bakarra populismoaren kontra, eta hark soilik berma dezakeela demokrazia eta erakundeen funtzionamendua».

Boterean jarraitu nahi badu, Macronek orain arteko bidearekin hautsi beharko du —hamar bat ministrok dimititu dute—, eta, hasteko, urte eta erdian izan dituen bekatuak berriro ez egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.