Zaintzaren eremuko gidariak

Preskripzioaren inguruan zituzten eskeak bideratzear dira, eta modu autonomoago eta seguruago batean jarduteko esperantza dute erizainek; aldarri gehiago ere badituzte, osasun sisteman ezinbestekoak direla gogora ekarrita. 2020a propio haiei zuzenduriko nazioarteko urtea da.

Osasun arloko profesional batzuk Gurutzetako erietxean, artxiboko irudi batean. FOKU.
arantxa iraola
2020ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Historikoa» izanda erizainentzat preskripzioaren inguruko aldarria; izan ere, usu botiken gaineko erabakiak hartu behar izaten dituzte beren jardunean, eta orain arte ez dute lege babes egokirik izan horretarako. «Baina gure eguneroko lana da», onartu du Efekaze Euskadiko Familiako eta Komunitateko Erizaintzaren Zientzia Elkarteko eledun Gloria Santosek. Eta aldaketa hemen da. Espainiako Gobernuak horretarako lege esparrua zedarrituta, Nafarroako Gobernua urte amaieran hasi zen erizainei preskripziorako ziurtagiriak ematen; Jaurlaritza, lehengo astean. Gipuzkoako Erizainen Elkargoko lehendakari Pilar Lekuonak ez du dudarik: arloko profesionalek «seguruago» lan egingo dute orain. «Normalean, patologia kronikoetan erabiltzen diren botikak izaten dira erizainok ematen ditugunak: bronkitiko kronikoen inhalagailuak, intsulina dosiak... Botika antikoagulatzaileen jarraipena ere, adibidez, egiten dugu». Lege babes egokirik gabe, duda iturri izan dira jarduera horiek maiz erizainentzat: «Sarri ibili izan dugu galdera buruan: 'Zerbait gertatuz gero?'. Izan ere, pazienteak esan dezake: 'Pilar Lekuonak eman dit botika hori; nahasita zegoen'». Izan dituzte esperientzia gogorrak. «Etorri zaizkigu erizainak negarrez». Egoera ezberdina da Iparraldean: aurrez arautua dute jarduna.

Aldaketa garrantzitsu hori orokortuta murgildu dira, beraz, Euskal Herriko erizainak 2020. urtean, esperantzatsu; izan ere, propio izendatu du OME Osasunerako Mundu Erakundeak ofizioaren aldeko Erizainen eta Emaginen Urtea. «Guretzat aukera bikaina da gure lana ikusarazteko. Izan ere, herritarrentzat, oro har, aski ezezaguna da; baita zenbaitetan gurekin batera diharduten gainerako profesionalentzat ere», azaldu du Santosek. Osasun sistema barruan duten lekua aldarrikatu nahi dute, eta, preskripzioan bezala, aurrera egin nahi dute beste hainbat arlotan. Lehen arretako zerbitzuetan medikuak aukeratzen diren gisan, esaterako, erizainak ere aukeratu ahal izatea nahi dute. «Erizain erreferente gisara ikustea garrantzitsua iruditzen zaigu, eta gure kide medikuak hautatzen dituzten gisan, pazienteek erizainak hautatzeko era izatea nahi dugu», azaldu du Santosek. «Izan ere, guk nahi dugu pazienteek gu ezagutzea gure izenarengatik, ez halako edo bestelako medikuren erizain garelako». Jaurlaritza horretarako dekretu bat ontzen ari da; begi onez dute Efekazen horrek ekar dezakeena: «Izan ere, hautaketa hori egin ahal izateak apurtu egiten du erizainak bigarren mailan uzten zituen antolaketa ereduarekin».Bat dator Lekuona: «Pazienteari aukera eman badiozu medikua aukeratzeko, erizaina zergatik ez?».

Eskasegi

Zuztarreko arazo sakonak aldatu ezean, ordea, aldaketa horiekin bakarrik nekez egingo da aurrera sektoreko arduradunen arabera. «Izan ere, erizain falta dago, orokorrean: Europako batezbestekora iristeko, adibidez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gutxienez mila erizain gehiago behar dira», azaldu du Lekuonak. Erietxe publikoetan, pribatuetan, zahar etxeetan: denetan dira eskas. Urria da ofizioari ematen zaion aitortza ere. Gradu ikasketak amaituta, espezializazioaren aldeko hautua egiten dute erizain askok, eta, zenbait espezialitate aintzat hartzen badira ere, hor garatzeko eremu bat ikusten dute. «Izan ere, erizainok espezialitateak ditugu, baina sistemak usu ez die ahalbidetzen dagokien tokian jardutea», salatu du Lekuonak.

Osasun sistemako lantaldeetako behin-behinekotasun handiak ez du batere laguntzen —sindikatuen arabera, Osakidetzan, esate baterako, %40koa da; Osasunbidean, %57koa—. «Onartezina da erizain bat gaur traumatologian egotea, bihar zaharren egoitza batean, etzi lehenmailako arretan. Eta hori gertatzen ari da. Zer jazo ohi da halakoetan? Erizainari segurtasun falta sortzen zaio, okerrago jarduten du, eta arrisku handiagoa du hanka sartzeko: ez da posible», salatu du Lekuonak. Prekaritatea bazter utzi ezin duen eredu horretan egungo sistema ekonomikoan gailendutako beste aldagai bat sarriegi agertzen dela azaldu du elkargoko buruak: «Beldurra: beldurra hor dago. 'Lan egingo dut. Ez dut lanik egingo... Edo badakit lan egingo dudala, baina non?'. Gaiztakeria puntu bat bada hor. Beti daukate profesionala ataka horretan».

Maiz erizainen lanak bestelako prestakuntza duten profesionalen esku uzten direla ere salatu du Lekuonak.«Intrusismoak kezkatzen gaitu: gero eta gehiago. Hainbat teknikari badira, esaterako, argi eta garbi erizain lanak egiten». Osasun publikoan zeinpribatuan ikusten dituzte halakoak. Baita zaharrak artatzeko zerbitzuetan ere: «Askotan, horietan patologia asko dituzten pazienteak daude; zaintza aringarriak hartzen ere ari dira horietako asko. Erizainak behar dira halakoetan. Ez da posible, esaterako, intsulina jartzeko lanak erizain laguntzaileen esku uztea, edo morfina edo bestelako botikekin lotutakoak». Erizain laguntzaileak ez ezik, antzeko jardunbideetan ikusi izan dituzte kolegioko buruek etxeetan zaharrak artatzen aritzen diren zaintzaileak.

Lehen lerroan

Osasun sistemen antolaketan erizainak lehen lerroan egotea nahi dute. «Ezinbestekoa iruditzen zaigu antolaketa eta kudeaketa organoek maila guztietan edukitzea erizainak; soilik era horretan lortuko da sistema ez lerratzea beti medikalizazioaren alde, eta erizainen ezagutzak aintzatestea», esplikatu du Santosek. «Izan ere, osasun sistema zaharra, medikuen eta erietxeen inguruan ardaztua, krisian dago. Heldu den ekaitz demografikoari aurre egiteko kultura berri bat beharko dute osasun zerbitzuek. Krisi orok dakar aukera bat, eta, kasu honetan, lehen mailako arretako erizaintzarako aparta da unea; giltzarri gara zaintzara zuzenduriko helburu estrategikoak garatzeko eta zaintzaren kudeaketa hobetzeko: alegia, medikalizazioa eta gastuak apaltzeko, gure zaintzaileen eta pazienteen eguneroko arazoak konpontzeko, eta kronikotasunari, mendekotasunari eta zahartzeari aurre egiteko». Bat dator Lekuona: argi du lehen mailako arretan, bereziki, «geroa» erizainena dela. Bidean, haiek medikuen esanetara zeudeneko arrastoak baztertzera egin behar da. «Osagarriak gara». Menpekotasunik gabe: «Kontsultako atea irekitzeko, paziente bati sartzeko esateko, ez da behar erizain bat». Bide horretan, sisteman duten lekua indartze aldera, erizainei ikerkuntzan-eta jarduteko erraztasunak ere eman behar zaizkiela esan du; izan ere, andreak dira erizain gehienak, eta lana eta familia bateratzea aldats gorako erantzukizuna da maiz.

Erizainek pairatzen dituzten erasoen gaineko kezka ere badute. Hainbat kasu artatzea egokitu zaie, adibidez, Gipuzkoako Erizainen Elkargoan, eta hutsuneak ikusi dituzte: oinarrizkoak. «Baditugu protokoloak, salatzeko erak ere bai... Mutualitateek eta Gizarte Segurantzak, ordea, ez dituzte gero horien ondorioak lan arloko eritasun gisara onartzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.