Albistea entzun

Pilar, agendan eguna hautatzen

Asteon, Mikel Baza medikuak eta Soraya Perez Rebollar psikologoak hitzaldi batean azaldu dute nola egin duten eutanasia bat zahar etxe batean. Hasiak dira egoitzetan ere horrelako prozesuekin; profesionalen artean kezkak eta dudak agertu badira ere, ari dira apurka bidea egiten.
Mikel Baza, Soraya Perez Rebollar eta Blanca Morera, asteazkenean, hitzaldia hasi aurretik.
Mikel Baza, Soraya Perez Rebollar eta Blanca Morera, asteazkenean, hitzaldia hasi aurretik. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2023ko maiatzak 13 - Donostia

«Nor zen Pilar?». Galdera hori erantzuteko Mikel Baza familia medikuak eta Soraya Perez Rebollar psikologoak egindako solasaldian, isiltasuna nagusitu zen asteazkenean Gipuzkoako Medikuen Elkargoan, korapilo batean. Aubixa elkarteak antolatua zuen, Hiltzea erabakitzen denean: nola egin aurre eutanasiari egoitzetan goiburupean. Bizkaiko zahar etxe batean egina zuten eutanasia baten berri eman zuten bi profesionalek, Pilar izeneko andrazkoarenaren berri —abizenik gabe aurkeztu zuten—: gaixotasun arraro baten ondoriozko «pairamendua» amaitu nahi izan zuen, 68 urte zituela.

Bazak eta Perezek ondoan izan zuten Blanca Morera, psikiatra, bioetika gaietan aditua eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eutanasia kasuen jarraipena egiteko egituratua duen berme batzordeko kidea. Haren arabera, zahar etxeetan «motel» hasi ziren eutanasiak egiten; 2021ean onartu zen Espainiako legea, eta lehen urte hartan ez zen bakar bat egin zentro horietan. Iaz, berriz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 39 eutanasia egin ziren guztira; horietako sei, zahar etxeetan. Aurten egin diote Pilarri, otsailean. Ahizpak ondoan zituela, agenda bat esku artean hartuta, berak erabaki zuen horretarako eguna.

«Beldurra». Perezek eta Bazak, biek aitortu dute sentimendu hori izan zutela Pilarren eskaria jaso zutenean, hari arreta emateko bidean. Beldur horren ondorioz heldu zen, hein batean, Baza egoitzara. Zentroan bertan ez zegoen eskeari erantzuteko prest zen osasun profesionalik, eta, bere ESI erakunde sanitario integratuko kasu bat zenez, halaxe iritsi zen egoitzara. Perezek harremana joritua zuen ordurako gaixoarekin; egoitzako psikologoa da, eta hasieratik egon zen andrearen ondoan.

Ikusi gehiago: Mikel Baza: «Laguntzea onartu nuen, ofizioaren parte delako mina arintzea»

Kezka eta ezinegona beste eutanasia kasu askoren bueltan ere ikusi dituztela aitortu du Morerak. «Profesional asko lehenengo aldiz egon dira hil nahi duen norbaiten eskariaren aurrean». Legeak gako on batzuk ematen dituela azaldu du, baina «dorpeak» direla beti errealitateak dakartzan egoera askotarikoei erantzuteko, eta horregatik garrantzitsua dela sare lana.

Perezen arabera, egoitzara heldu orduko argia izan zen Pilarren eskea, eta iraunkorra: «Ezin zuen gehiago, eta norbaitek hiltzen laguntzea nahi zuen». 15 urte zituenetik eri zegoen, oinaze handiak izan zituen beti. Orain dela urte batzuk, iktus batek mendekotasun handi bat eragin zion, eta hiltzea beste esperantzarik ez zuen. Tratua usu zaila izan zela aitortu du. Egoitzako profesionalek egoiliarrei eskaintzen dizkieten zerbitzuak eta aukerak, oro har, hobera egiteko pentsatuta daude, baina murru bat zen Pilar: «Denari uko egiten zion». Sistematikoki. «Nekatuta zegoen, haserre bizitzarekin». Haren izaeraren «gogortasun» hartan, emakume «distiratsua» ere aurki agertu zen: «Oso azkarra». Psikologoari esan zion aurrez adierazi izan zuela hiltzeko nahia: «ez entzuna» sentitu zen beti.

Heriotza ona helburu

Botikak bere kasa hartzeko zuen ohitura bitarteko, «bide lasterra» aukeratzekotan ere egon izan zela aitortu zion Pilarrek inoiz psikologoari. Ez zuen inoiz erabaki bere buruaz beste egitea, ordea. Motibo bat ematen zuen horretarako: «Zera esaten zuen: 'Nik ondo hil nahi dut'».

Tankerako lehen kasua izan du Bazak. Hasieran, bere lasaitasunerako, legeak zedarritutako pausoak egitera mugatzeko era izango zuela sinetsarazi nahi izan zion bere buruari, lan «burokratikoa» bakarrik egingo zuela. Aitortu du gero harreman joria izan zuela Pilarrekin, ulertu zuela haren solasari «adi» erreparatu behar ziola, eta kezkak ere izan zituela. «Egin behar nuen txostenak kezkatzen ninduen. Bizitzan egingo nuen txosten garrantzitsuena zela uste nuen».

Bidean, aipatu zizkioten Pilarri oinazeekin hobeto bizitzeko erak, bideak. Baina erantzunean irmo segitu zuen. «'Nik ez dut honetara egokitu nahi, nik hil egin nahi dut', esaten zuen». Profesional gisa hori onartzea zaila dela aitortu du Perezek, barne gatazkak sortzen direla eta egoitzan ere bazirela hainbat ikuskera. Prozesu osoan «epeak» Pilarrek jarri zituela nabarmendu du Bazak: hark agindu zuen noiz eta nola.

Taldearen garrantzia

Konfiantzazko erizain batekin jarri ziren harremanetan, eta, Pilarren eskeak legezko bide osoa konplitu zuela ikusita, haren nahia bete zuten azkenean iragan otsailaren 8an. Egunari buruzko xehetasunak eman dituzte Bazak eta Perezek, oraindik hunkituta. Ahizpak ondoan izan zituen egun hartan Pilarrek; gustuko alkandora bat jantzi zuen; gogoko musika jarri zuten... Bere gordinean «ederra» izan zela uste dute biek. Eta argi dute: garrantzitsua da halakoak ondo egituratutako talde batean egitea, babestuta.

Egoitzako zuzendaritzaren babesa goratu du Perezek. Erabatekoa izan zen. «Beldurra ere egon zen, ordea. Isiltasun handia igarri nuen nik. Gero hasi da jendea ulertzen». Bidean eraisteko murru asko daudela onartu du Morerak, heriotzari aurrez aurre begiratzen ikastea falta dela: «Heriotza ona ez du lege batek ekarriko. Pertsonon heltze prozesu bat behar da bidean, gizartearena, osasun arloko profesionalena».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Martxelo eta Amagoia: lekuko aldaketa

«Kazetaritza egitea: hori da gure funtzioa»

Arantxa Iraola

Neurria ondo hartua diote elkarri. Otamendik 30 urte egin ditu zuzendari; Mujikak erredakzioko taupaden erritmoan egin du lan ibilbidea, eta, orain, arduraz hartu du zuzendari izateko «erronka». BERRIAren 20. urteurrenarekin batera dator aldaketa, egunkaria berritzeko ahalegin betean.
Martxelo Otamendi, Amagoia Mujika Tolaretxipi eta Beatriz Zabalondo ondoan dituela, atzo. ©JON URBE / FOKU

Amagoia Mujika Tolaretxipik hartuko du Martxelo Otamendiren tokia

Jon Ordoñez - Arantxa Iraola

Erretiroa hartuko du Otamendik, 30 urtean 'Euskaldunon Egunkaria'-ren eta BERRIAren gidaria izan eta gero. Hedabide bietan zaildutako kazetaria da zuzendari berria; zuzendariorde egin ditu urteok
RD-936 errepidea, Beskoitze (Lapurdi) parean. ©BERRIA

Bi lagun hil dira Beskoitzen, trafiko istripuan

Berria

Motorrean zihoazen biak, eta traktore baten kontra talka egin dute. Atzo arratsaldean gertatu zen ezbeharra.

Lasterbidean lasterketako korrikalariak, atzo, Villabona-Amasan. ©AITOR KARASATORRE / FOKU

Lasterbidean egin dute, euskal presoen eskubideen aldeko lasterketa

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Pertsona ugarik egin dute korrika Villabona-Amasan; hainbat kontzertu ere egin dituzte. BERRIA izan da lasterketaren laguntzaileetako bat

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...