Urrezko burbuila

Paladioaren balioa izugarri handitu da azken hilabeteetan, eta urrea bera baino garestiagoa da jadanik. Autogintzaren industrian metal preziatua da, katalizatzaile lanak egiten dituelako. Adituek uste dute espekulazioa baino ez dela, eta gasolina autoen eskaria igo izanak eragin duela.

Urrezko burbuila.
aitor biain
2020ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Urrea balio du paladioak; zehazki, urrea bera baino garestiago da dagoeneko. Autogintzaren sektorearentzat metal preziatu bilakatu da azken urteetan, eta nazioarteko merkatuak astindu ditu ordutik. Izan ere, 2016an metalaren prezioak goranzko bidea hasi zuenetik haren balioa %400 inguru handitu da, eta inoizko baliorik handiena lortu du egunotan. Egun, 2.600 dolar inguru balio du ontza batek, urre ontza batek baino 1.000 dolar gehiago; kiloak, berriz, 70.000ren langa gainditu du. Raquel Ferret CIC Energiguneko ikerlariaren hitzetan, «astakeria» da hori. «Gehiegizko prezioa da berez metalak balio beharko lukeenerako; burbuila bat sortu da nire ustetan, argi eta garbi».

Ikerlariaren arabera, «egoera kritiko batean» gertatutako eskaintzaren eta eskaeraren arteko kasu bat da. Hau da, metalaren eskaera handitu egin da tarte laburrean, eta horrek kezka sortu du, merkatuetan ekoizpen arazoak sor daitezkeelakoan. Aurretikere gertatu izan dira halakoak. «Gauza bera gertatu zen silizioarekin, litioarekin eta nikelarekin ere». Eguzki panelenen eskaera izan zen erantzuleetako bat, esaterako. «Eskaera asko handitu zen bat-batean, eta larritasuna eragin zuen merkatuetan. Horrek silizioaren prezioa handitzea ekarri zuen, ekoizpen arazoak izango zirelakoan. Baina ez zen halakorik gertatu: kalkuluak egin zituzten, eta ikusi zuten ez zela halakorik izango».

Errekuntza autoetan erabiltzen da ustiatzen den paladioaren %85 inguru. Hibridoek ere erabiltzen dute; ez, ordea, elektrikoek. Ihes hodietan katalizatzaile lana egiteko erabiltzen da. «Funtsezkoa da autogintzarako, errekuntzaren ondorioz isurtzen diren gas toxikoak gutxitzen laguntzen baitu». Iragazki lana egiten du, «ezaugarri ezin aproposagoak baititu horretarako». Eta hor dago, hain zuzen, metalaren prezioaren gorakadaren gakoa.

'Dieselgate', hasiera

Gasolina autoen ekoizpena nabarmen handitu da, batez ere azken bi urteetan. Ferretek bi arrazoi eman ditu aldaketa hori azaltzeko. «Dieselaren ospe txarra dago batetik. Volkswagen autoen isurien iruzurrak norabide aldaketa bat ekarri zuen gasolina autoen eskariei dagokienez». Auto hibridoena eta elektrikoena da bestea. «Hibridoen ekoizpenak ere gora egin du; izan ere, auto elektrikoen iritsieraren erdibideko aukera edo berme moduan ari dira sustatzen».

2015eko iraila gorriz margotutako data da autogintzaren industrian. Alemaniako Volkswagen fabrikatzaileak milaka auto saldu zituen mundu osoan zehar gasolio motor trukatuekin. Igorpen kutsagarriak faltsutzeko programa informatiko bat zuten autoek, isurien azterketak gainditu eta merkaturatzeko homologazioa lortzeko. Ameriketako Estatu Batuetan egindako ikerketa batek azaleratu zuen iruzurra.

Dieselgate auziak berehalako eztanda eragin zuen sektorean, eta, aldi berean, baita lehengaien merkatuetan ere. Izan ere, errekuntza motorren etorkizunaren inguruko eztabaidaren erdian erditu zen auzia. Kutsaduraren inguruko araudiak eta horien gaineko kontrolak gero eta zorrotzagoak dira, eta, ondorioz, ezinbesteko osagai bilakatu dira paladioaren gisako lehengaiak autogintzarako. Horrek esan nahi du katalizatzaile efizienteagoak beharko dituztela autoek, isuriak ahalik eta gehien murrizteko. Eta fabrikatzaileek badute behar horren berri.

Aldaketa sakonak datoz industrian, baina zalantzaz betetako geroa du oraindik aurrean. Kutsadura da sektorea ataka estuan jarri duten arrazoietako bat, baina ez bakarra. Auto elektrikorako trantsizioak ere nozitu ditu lehengaien prezioen inguruan sortutako sukarraren ondorioak. Bateriak egiteko litioarena da horren adibidea, Ferretek azaldu duenez. «Gaur egun, badakigu ez dugula litio eskasiarik izango. Edo, gutxienez, badakigu ez diola eragingo baterien eta auto elektrikoen ekoizpenari. Alderantziz, une honetan eskaintza handiagoa da eskaera baino, eta, ondorioz, prezioa jaisten ari da». Nabarmen egin du behera prezioak azken hilabeteetan: %30 inguru jaitsi da haren balioa iragan urtean, hain zuzen. Errekuntza motorretatik elektrikorako trantsizioa iragarri baino motelago gertatzen ari da, eta, ondorioz, litioaren aurreneko krisia zena uste baino azkarrago amaitu da. Oraingoz.

Prezio aldakorra

Paladioaren sukarrak autogintzaren industriari eragin dio oraingoan, baina ez da kasu bakan bat, metal preziatuen balioa oso aldakorra baita, eta prezioak gorabehera asko izaten baititu unearen arabera. Azken bi hamarkadetan izan dira bereziki antzeko kasuak. Horietako asko espekulatzaileen goseak eragindakoak izan dira, hain zuzen. Paladioak berak, esaterako, antzeko bilakaera izan zuen 1996tik 2001era bitartean. Platinoa ere %500 inguru garestitu zen 1990eko hamarkadaren amaieran. Rodioaren balioa, bestalde, ikaragarri handitu zen ez orain asko, auto ekoizleek hura gutxiago erabiltzeko modua aurkitu zuten arte.

Espekulazio hori bera salatu dute paladio ekoizleek. Kexu dira metala balio handiko inbertsio aukera bilakatu dutelako finantza eragileek. Aitzitik, uste dute prezioaren bilakaerak ez duela lotura zuzenik eskaeraren eta eskaintzaren arteko desorekarekin. Metalaren eskaintza merkatuan behar baino urriagoa dela iritzi diote. Haian irudiko, auto garbiagoen eskaria handitzen ari den heinean eskaintza ere handitu egingo dute ekoizleek. Hala ere, paladioaren eskaera nabarmena da autogintzaren industrian, eta, adituen esanetan, horrek esan nahi du auto ekoizleak lehengaia erosten ari direla.

Hain zuzen ere, prezioaren gorabehera horretan eragin zuzena dute metal ekoizleek ere. Metala ez baita oso ugaria, eta hura ustiatzeko meatzeak mundu guztian dauden arren —Kanadan, AEBetan, Etiopian eta Australian, besteak beste— , lokalizatua dute non dauden ustiategi garrantzitsuenak. Zehatz esateko, Errusia eta Hegoafrika dira paladio gehien ekoizten duten bi herrialdeak: merkatuaren %77 inguru kontrolatzen dute bien artean. Edo beste hitz batzuetan esanda, bi herrialde horietako metalurgia industrian gertatzen den orok zuzeneko eragina izango du metalaren prezioan.

Eta izan dira kasuak; iaz azkenak. Errusian, batetik, kezka sortu zen paladioaren eskasiak metalaren esportazioen debekua ekarriko ote zuen. Hegoafrikan, bestalde, paladioaren prezioak ezinegona sortu zuen meatzeetan, lan baldintzak hobetzeko eskaerek ez baitzuten aldeko erantzunik jaso. Argindar mozketa masiboen mehatxuak izan ziren, eta kezka sortu zen,egoera nahasi horrek paladioaren ustiaketa geldiaraziko zuelakoan.

Paladio kantitate txiki bat lortzeko soilik, beharrezkoa da mineral kantitate izugarria erauztea, eta horrek are gehiago garestitzen du hura lortzea. Izan ere, beste metal batzuekin batera aurkitzen da gehienetan, platinoarekin, rodioarekin eta rutenioarekin kasurako, baita urrearekin ere. Txina, AEBeak eta Europa dira paladio gehien erosten dutenak: auto gehien ekoizten dituzten lurraldeak baitira.

2018an, 200 tona paladio erauzi ziren munduan —auto bakoitzak 20 gramo paladio inguru izaten ditu—, baina ikusteko dago zer bilakaera izango duen aurrerantzean. Zenbait adituk uste dute goranzko joerari eutsiko diola paladioaren prezioak datozen hilabeteetan; izan ere, zalantza dute eskaerari erantzuteko adina egongo ote den merkatuan. Ferretek, ordea, bestelako iritzia du. «Gasolina autoen eta hibridoen ekoizpena handitzen ari da, eta lehengaien stock-a amaitzeko arriskuan egon daitekeela esaten badu batek, halako prezio igoerak gertatzen dira. Egia da paladioa ez dela metal ugaria, baina kalkuluak modu egokian egin behar diren une batean gaude orain».

Platinoa baliokide

Argi dago autogintzak ordaindu beharko duela paladioaren prezioaren gehigarri hori, isuriak gutxitzeko beste modurik bilatzen ez duten bitartean. Bi modu dituzte horretarako: errekuntza motorren merkatua txikitzea, edo paladioa beste lehengai batekin ordezkatzea. Bigarren aukera horretan egon daiteke gakoetako bat, Ferreten arabera. Izan ere, paladioa ordezkatu daitekeen lehengai bat da autogintzan.

«Platinoa eta paladioa baliokideak dira katalizatzaile lanak egiteko; beraz, ordezko erraza du», Ferreten ustetan. Hain zuzen ere, garai batean platinoa erabiltzen zen paladioaren ordez autoen isuriak murrizteko osagai gisara. Metala garestitzeak, ordea, berekin ekarri zuen bata bestearekin ordezkatzea. «Bai platinoak eta bai paladioak antzeko ezaugarriak dituzte katalizatzaile lanak egiteko. Biak dira egokiak horretarako. 2000. urte inguruan, ordea, paladioa platinoa baino merkeagoa zen, eta autogintzan hura erabiltzen hasi ziren».

Areago, Ferretek uste du platinoa katalizatzaile «apur bat hobea» dela platinoa baino. «Nire esperientziaren arabera, behintzat, bai». Errekuntza motorren katalizatzaileen inguruan ikertu zuen Ferretek doktorego tesian. Autogintzan, ordea, ez dirudi ordezkapenaren alde daudenik; aldaketa handia litzateke motor elektrikoen aroa hurbiltzen ari den honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.