Okupaziopean irauten

Ia zortzi hilabete igaro dira Turkiak Siriako Kurdistango Afrin barrutia inbaditu zuenetik. Herritar gehienek alde egin zuten, eta horietako gutxi batzuk itzuli egin dira. Errealitate gordin bati aurre egin behar diote orain: etxeen galera, segurtasun gabezia, langabezia eta lapurreta....

Okupaziopean irauten.
Istanbul
2018ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Nire ahizpa bueltatu egin da Afrinera». Rania Ocu ari da hizketan. «Bi hilabete pasatu behar izan dira bere etxera berriro sartu ahal izateko, eta, lortu zuenean, bere gauza guztiak desagertu zirela konturatu zen. Soilik izozkailu bat geratzen zen etxean, eta kablea moztua zuen erabili ahal ez izateko». Turkiak urtarrilean inbaditu ondoren, jaioterrira itzuli direnek topatu dutenaren adibide bat da Ocuren senideena. «Nik ere alde egin nuen, eta orain Kobanen bizi naiz. Hala ere, familiaren zati handi bat daukat Afrinen: ahizpa, osaba eta lehengusuak». Han jarraitzen duten kurduen egoera «jasanezina» dela kontatu du Ocuk. «Han bizitzea kartzelan bizitzea bezala dela diote». Okupazio egoeran bizirik iraun beharra dute alde egin ez zutenek, eta itzultzea erabaki dutenek.

Joan den urtarrilean Turkiako Gobernuak Siriako Kurdistango Afrin barrutiari erasotzea erabaki zuen. Lurralde hori Herriaren Babes Unitateen (YPG) kontrolpean zegoen. Milizia kurdu hori «talde terroristatzat» jotzen du Ankarak, PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin harremanak dituelako. Hori izan zen Erdoganek aurkitu zuen arrazoia biztanle kurdu gehienak Afrindik botatzeko. «Turkiako muga guztiak terroristaz garbituko ditugu», esan zuen erasoa hasi baino lehen emandako mitin batean. Martxoan, Turkiak eta Siriako Armada Askeak (FSA), Baxar al-Assad Siriako presidentearen kontra borrokan ari den taldeak, Afrin hartzea lortu zuten, hiru hilabeteko guda baten ostean.

Turkiaren eraso eta garaipen horren ondorioa eremuaren aldaketa demografikoa izan da. Guda hasi baino lehen Afrinen 170.000 pertsona bizi ziren, horietatik %80 kurduak. Argi dago orain kopuru horiek aldatu egin direla. NBE Nazio Batuen Erakundeak esan duenez, urtarriletik martxora 137.000 pertsonak alde egin zuten Afrindik. Gutxi batzuk bueltatu ziren guda bukatu zenean. Afringo biztanleriaren gehiengoa Al-Assadengandik alde egin duten arabiar sunitak dira orain.

Afrinera bueltatu diren eta bertan geratu ziren kurduen egoera oso latza da. Bueltatzean etxerik gabe aurkitu dira asko, horietan FSAko kideak edo FSAren alde dauden pertsonak bizi direlako orain. Beste asko, Ocuk dioenez «zortea» izan dutenak, hilabeteak pasatu eta gero sartu ahal izan dira etxeetan. Alde egin zutenean dena utzi behar izan zuten, eta, orain, bueltatu direnean, konturatu dira ezer ez dela geratzen. «Nire osabak etxea berreskuratu du; sartu zenean, konturatu zen ez zegoela ezer jada. Bere gauza guztiak desagertu egin ziren».

Etxeen arazoaz aparte, lana edo bizitzeko sostengua lortzeko arazoa da larriena. Aldaketa demografikoaren ondorioz, egoera guztiz aldatu da. Orain kurduek ez daukate dirurik lortzeko aukerarik, ezin baitira etxeetatik atera. «Nire osabak alde egin baino lehen hainbat olibondo zituen. Orain olibak jasotzeko garaia heldu da, baina ezin ditu bere lanaren fruituak jaso. Olibondoetara hurbiltzen bada bahitua izateko arrisku handia baitu», azaldu du Ocuk. Beste kurdu askok dendak edota beste motatako negozioak dituzte Afrinen, baina ezin dute haietan lan egin, beraienak ez direlako jada. Ocuk azaldu du poliziek eta Afringo administrazio berriak kurduak bigarren mailako pertsonatzat hartzen dituztela: «Inoiz ez digute sinisten; edozer gertatzen zaigunean, beste alde batera begiratzen dute poliziek. Ez daukagu inolako segurtasunik Afrinen».

Kanpadendak negurako

Afrindik alde egin eta bueltatu ez diren kurduen egoera ez da bueltatu direnena baino hobea. Gehienak Afrindik hurbil dagoen Xahba barrutian bizi dira. Eremu horrek YPGen kontrolpean jarraitzen du. Beste batzuk, Ocu bezala, Kobanera joan ziren, eta gutxi batzuk Jazirara —Eufrates ibaitik ekialdera daude Kurdistango bi barruti horiek—. Xahbara alde egin zuten pertsonen gehienak kanpadendetan edo inor bizi ez den etxeetan bizi dira. Egoera oso latza da, baina orain arte aurrera egin dute. Negua heltzear da, eta beste arazo bat gehituko zaio jada oso txarra den egoera bati: eguraldia. «Xahban Afrinen baino hotz handiagoa egiten du. Gainera, kanpadendetan bizi direnek ez dute baliabide nahikorik hotzaren kontra. Aukera bakarra denda horiek indartzea da», esan du Ocuk. Kobanen eta Jaziran egoera berdina dute. Ez daukate inolako sostengurik bizitza aurrera eramateko. «Kobanen egoera lasaiagoa da, baina ez daukat lanik, eta lanik gabe bizitzea oso zaila da. Lan bila ari naiz, eta GKE askotara bidali ditut mezu elektronikoak, baina ez dut erantzunik jaso».

Turkiaren inbasioak goitik behera aldatu du Afringo herritarren bizitza, eta guztien egoera oso larria dela salatu du Ocuk. «Afrinen bizi diren kurduak izututa bizi dira, eta kanpoan bizi garenok ez daukagu bizi duin bat aurrera eramateko aukerarik. Bizitza oso gogorra da egoera honetan».

Erdoganek Afrinen aurkako erasoak aurrera eraman zituenean, Turkiako oposizioko alderdi nagusiak, CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoak, bat egin zuen. CHPko iturri batek BERRIAri azaldu dio alderdiaren barnean gai horri buruz banaketa bat dagoela gaur egun. Nahiz eta jarrera ofiziala berdina izan oraindik ere, horren kontrako hainbat ahots entzun dira. «Turkia aurrera eramaten ari den politika Afringo gaian erabat kaltegarria da. Denbora aurrera pasatu ahala, politika horren ondorioak ikusiko ditugu», esan du Cagla CHP alderdiko kideak. Ez du izen osoa eta bestelako daturik eman nahi izan, «arriskutsua» izan daitekeelako.

Aldaketarako aukera gutxi

Caglak azaldu duenez, politika horien guztien helburua da kurduak Turkiatik urrun mantentzea. «Hasiera batean Al-Assaden kontra dauden arabiarrekin bat egin zuen Erdoganek, eta, gero, Errusiarekin. Horren guztiaren helburua da kurduak eta Al-Assad Turkiatik urrun mantentzea».

Turkiako lehendakariak ez du aldatu Afrini buruzko jarrera. «Ez dugu atzera egingo gai honetan, gaizki pasatzen ari diren pertsonen alde gaude, zapalkuntza jasan behar duten pertsonen alde», esan zuen bere alderdiko bilera batean —AKP Justizia eta Garapena Alderdiarenean—. Gainera, CHPk jarrera aldatu ezean, oraindik eta segurtasun handiagoa dauka bere hasierako erabaki horrekin jarraitzeko, nahiz eta gaur egun oposizioak indar gutxi izan Turkiako sistema politikoaren aldaketaren ondorioz.

Horregatik guztiagatik, ez dirudi egoera epe motzean aldatu daitekeenik. Hala uste du Ocuk. «Nire alde optimistak esaten du egoera azkar aldatuko dela, eta bueltatuko garela. Nire alde logikoak esaten du, ordea, lan handia egin beharko dugula gure etxera bueltatzeko. Mundua indartsuaren alde jarri da, eta guk ezin dugu ezer egin indartsuaren boterearen kontra». Afringo herritar kurduek ez diote irteera on bat ikusten oraingo egoerari. «Nire ahizpak atzo esan zidan: 'Kurduak ez dugu irauten Afrinen indartsuak garelako, ez dugu irauten azkarrak garelako, beti bai esaten ikasi behar izan dugulako irauten dugu bizirik hemen'».

Herri kurduaren egoera jasanezin hori aldatzeko, beharrezkoa da 180 graduko bira bat Turkiaren politiketan. Azken hauteskundeetako emaitzak ikusita eta Erdoganen pentsatzeko era ezagututa, Caglak uste du oraingoz aldaketa hori nahiko urrun dagoela: «Nazionalismoa asko handitzen ari da, eta Afringo egoera gertaera horren ondorio argi bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.