urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

2019, urrun begirada

2018ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Euskarazko egunkari bakarreko urteko azken zenbakian idazteak badu berezitik zerbait. 2016tik mendebaldean daukagun zurrunbiloak 2019an zer ekarriko duen begiratzeko parada ematen digu horrelako data batek.

Trantsizio epe eta guzti, herrialde serio batek bere oinari tiro egiten dion adibide argienetakoa da brexit-a. Martxo amaierarantz doa erlojua, eta agertoki guztiak zabalik: akordiorik eza, erreferendum berri baten aukera, eta lidergoa kolokan (bai Theresa May lehen ministroarentzat, baina baita Jeremy Corbynentzat ere). Kontinentearen alde honetan, berriz, eskuin muturra gorantz Espainiatik Poloniaraino, Italiako ezinegona, Frantziako jaka horiak, eta lurrikara itxura duten bozak maiatzean.

Itsasoaz beste aldean, Estatu Batuetako Kongresuko gehiengo demokratak berehalako ondoriorik ekarri du Gabonotan ere. Eta urtea aurrera joan ahala, hautagai demokraten izenak joango gara ezagutzen, 2020ko primarioetara eta hauteskundeetara begira. Kanpoan, Siriako erretira iragarri baino luzexeagoa izan liteke, baina argi dago jokalekutik kanpo gura duela herrialdea Trumpek, Afganistanen ere argi utzi duen legez. Saudi Arabia eta Turkia bere ildora ekartzeko prezioa izan liteke, dena Damasko eta Moskuren arteko lerroan ebatziko balitz. Baina Teheran eta Tel Aviv ere sartu behar dira ekuazioan. Eta Yemen, ahanzturaren ostean itxaropen izpiren batekin.

Latinoamerikan, eskuinerantz hasitako mugimendua dugu: Argentina hauteskundeetara doa, amildegiaren ertzean berriz ere, eta bozak dituzte oraingoz oldar eskuindarrari aurre egin dion Bolivian ere. Bi herrialde handienetan, berriz, elkarren kontrako fenomenoak: Brasilen Bolsonaroen agintaldia hasiko da, eta Mexikon Andres Manuel Lopez Obradorrek piztutako itxaropena gauzatzerik den. Euskal PEN kide duen PEN Internationalek, esaterako, Chiapasen egingo du maiatzean Hizkuntza Eskubideen bilera, 2019a Hizkuntza Indigenen Urtea izendatu baitu NBEk.

Gure inguruari eragiten dioten prozesu independentistetan, berriz, lehen begiratuan dirudiena baino urte garrantzitsuagoa da. Europan dena dago ikuskizun: Belgikan bozak, Eskozian brexit-aren arabera egin beharko dute zirt edo zart erreferendum berri baten perspektibarekin (Irlanda geroz eta batuago muga fisikoaren aurka), eta Katalunian independentismoaren estrategiek, hastear den epaiketak eta Espainiako giro politikoak baldintzatuko dute egoera. Espainiaren baitako sezesiorik izatekotan, historikoki gertatu den bezala izango da: indarrez eta krisi politiko sakonean. Eta hori guztia, eskuin muturra oso indartsu datorren Europako hauteskundeen atarian.

Begirada urrunago eroanda oso sezesio prozesu interesgarriak ikus daitezke, eta horietako batek gutxienez aurten bertan gauzatzeko aukera handia dauka. Irailean, Pazifiko aldeko hiru prozesu independentista genituen aipagai. Lehen hitzordua azaroan izan zen, Kaledonia Berrian. Espero bezala, ezetza gailendu zen, baina independentismoak gutxik iragartzen zuten babesa lortu zuen: inkesta positiboenek botoen herena pasa ematen zioten; ehuneko 43 erdietsita, kanak independentismoa hauspotu du Noumeako akordioek 2018aren ostean ahalbidetzen dituzten beste bi erreferendumei heltzeko. 2020an eta 2022an dei litezke berriz ere, eta horretarako, oso garrantzitsua izango da datorren maiatzaren 12an egingo dituzten hauteskundeak. Independentistek ez lukete arazorik izan beharko, bozak irabazi gabe ere, erreferendum berri baterako beharrezko ordezkari kopurua lortzeko.

Kaledonia Berria bezain urrun, eta are ezezagunagoa da gehienentzat Chuuk, Mikronesiako lau estatu federaletako populatuena. Bertako gobernuak federazioa uzteko asmoa erakutsi du behin baino gehiagotan, 2015erako deitutako erreferenduma atzeratu egin zuten, eta azkenean 2019ko martxoaren 5eko hauteskundeekin batera egitea erabaki dute. II. Mundu Gerraz geroztik hitzarmen berezia dute AEBekin (diru-laguntza jasotzeaz gain, AEBn bizi, lan egin eta armadara joateko aukera dute Mikronesiako biztanleek), estrategikoki oso azalera handi eta garrantzitsua dutelako. AEBetako enbaxadoreak Chuuken independentziaren arriskuez ohartarazi du, baina dena ez dago Washingtonen esku: Txinarentzat ere oso leku garrantzitsua da Pazifikoko eremu hori, eta akordio estrategiko ugari mahaigaineratu dizkie eskualdeko estatuei. Abenduan egondako eztabaiden arabera, baliteke urtebetez atzeratzea galdeketa, 2020ko martxora.

Ekainean dago zita garrantzitsuena: Bougainvilleko uharteak Papua-Ginea Berritik bereizi nahi duen bozkatuko du. Gerra odoltsua izan zuten 1998 arte, eta orduko bake-hitzarmenaren arabera izango da erreferenduma. Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohia izango da nazioarteko batzordearen buru, eta, itxura guztien arabera, Hego Sudanen bezala independentziaren aldeko gehiengo handia izango da (zehazki, Ginea Berriak egiten dion autonomia proposamenaren aurka). Hala balitz, XXI. mendean laugarren aldiz sartuko da estatu berri bat NBEn: Ekialdeko Timor, Montenegro eta Hego Sudan baino ez dira sartu. Hurrengoa izan liteke Bougainville.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.