Eneritz Zabaleta.
ANALISIA

2021-818 DC epaia, zein ondorio?

2021eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Hautsak harrotu ditu ostiralean Konstituzio Kontseiluak hartutako 2021-818 DC epai erabakiak. Tokiko hizkuntzen babesa eta promozioa helburu zuen Molaclegearen 6. artikulua ontzat eman arren, haren 4. eta 9. artikuluak Konstituzioaren aurkakotzat jo zituen. Bi artikulu horiek, murgiltze pedagogiaren araberako hizkuntzen irakaskuntzari ezagupen legal bat ematen zieten, eta egoera zibileko dokumentuetan frantsesezkoak ez ziren zeinu diakritikoen erabilera baimentzen zuten.

Epai erabaki horrek ondorio garrantzitsuak izan ditzakeen arren, Konstituzio Kontseiluak ez du jarrera berririk erakutsi. 1991tik, gure hizkuntzen inguruko xedapenak kontrolatzeko tenorean, ildo argumentatibo koherente bat jarraitu du Kontseiluak, aldi oro hizkuntzen garapena murrizten duen interpretazioaren alde eginez. Aldi honetan ere hala izan da, eta interpretazio murriztaileak murgiltze pedagogia aplikatzen duten ikastetxeei eragin die.

Argudioak eta galderak

Murgiltze pedagogia Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluaren aurkakoa dela ebaztea sorpresa erdia izan da. Legearen 4. artikulua kontrolatzeko inolako betebeharrik ez zuen Kontseiluak,

61 diputatuk pausatu helegitean ez baitzen xedapen hori erasotzen. Artikulu hori kontrolatu badu, nahi izan duelako da, eta urrats hori egin izana haren jarreraren adierazgarria da. Murgiltzeari buruz hitz egin nahi zuen Kontseiluak, eta aukera baliatu du.

Haren hari argumentatiboa ez da erabat berria. Konstituzioaren 2. artikuluak duen eragin normatiboa oroitarazi du, 99-412 DC erabakiaz geroztik behin eta berriz egiten duen gisan: hizkuntzen irakaskuntzak ez du eskubide subjektiborik sortu behar, ez eta hizkuntza horien erabilera inposatu behar ere.

Ildo horri, baina, interpretazio murriztaile berri bat eman dio. 2001-456 DC erabakian, murgiltze pedagogiari buruzko modus vivendi bat marraztu zuen Kontseiluak. Alde batetik, Diwan sareko eskolek Estatuarekin itunpean lotuta egotea ontzat eman zuen, murgiltze eredua aplikatzen duten eskolen funtzionamendu eta irakasle gastuak finantzatzea onartuz. Beste alde batetik, murgiltze sistema eta eskola horiek eskola publikoan sartzeari buruzko zalantzak azaleratu zituen.

2021-818 DC erabakian, murgiltzea haren osotasunean Konstituzioaren 2. artikuluaren aurkakotzat jo du, izan eskola publikoek proposaturik izan Seaska sareko ikastolek proposaturik. 2001eko modus vivendi-a ezeztatu du, beraz, Estatuaren eta ikastolen arteko finantzaketa itunen etorkizuna kolokan ezarriz. Ikusteko dago zer gertatuko den finantzaketa horiekin: diru laguntzak jasotzen jarraitzeko, murgiltzea bazterrera utzi beharko ote dute ikastolek?

Jean-Michel Blanquer Hezkuntza Ministroak Ouest France kazetari emandako elkarrizketan, bide hori ulertzera eman du. Blanquerren hitzetan, epai erabakia «aukera» bat da Diwan sarearen garapenarentzat, baldin eta haren ereduak «eboluzio batzuk ezagutzen» baditu. Argitu beharko da adierazpen horiek zein intentzio ezkutatzen duten Ministerioaren aldetik: finantzaketak mantentzearen truk, murgiltzea lausotu?

Ingelesezko masterrak

Azkenik, eta ez da epai erabakiaren paradoxarik txikiena, 2021-818 DC erabakiak hainbat Unibertsitate frantsesek eskaintzen dituzten ingeles hutsezko Masterrak ezbaian ezarri ditu. 2013ko uztailaren 22ko Fiorasolegeak, frantsesaren erabilera inposatzen duen 1994ko legea lausotu zuen, Unibertsitatean ingeles hutsezko formakuntza baimenduz. Orain, baina, Konstituzio Kontseiluak ongi zehaztu du frantsesa ez den beste hizkuntza bat irakaskuntzaren hizkuntza nagusia egiten duen pedagogia bat Konstituzioaren aurkakoa dela. Gure hizkuntzei pentsatuz eman du epai erabaki hori, baina Kontseiluaren argumentazioa osoki aplikatzen ahal zaio edozein atzerriko hizkuntzari.

Unibertsitate munduan, ahots batzuk kezkatuta agertu dira, 2021-818 DC erabakiak ingeles hutsezko Masterretan izanen duen eraginari buruz. Batzuek murgiltzeari buruzko artikulua berriz Parlamentura sartzea galdegin dute, bertsio aldatu batean, ingelesezko Masterrak salbatzeko asmoz, eta, bide batez, gure hizkuntzen irakaskuntza murgiltze ereduan salbatzeko ere. Ingelesak salbatuko al du gure hizkuntzen irakaskuntza? Ez litzateke paradoxa txikia izanen...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.