Artelanen biltokitik harago

Museoari buruzko ezer ez da jada agerikoa. Datozen urteetako zeregina erakundea berrasmatzea da». Esaldi hori abiapuntutzat hartuta hasi zuten Elvira Dyangani Osek eta Yaiza Hernandez Velazquezek museoen etorkizunari buruzko solasaldia atzo. Gasteizko Artiumen aritu ziren hizlari, museoak hogeigarren urteurrenaren harira antolatutako hitzaldian. Macba Bartzelonako Arte Garaikidearen museoko zuzendaria da 2021eko ekainaz geroztik Dyangani, eta filosofoa eta Goldsmiths University of Londoneko Ikusizko Kulturen Departamentuko irakaslea Hernandez. Ongi ezagutzen dute elkar, maiz aritu izan baitira elkarrekin lanean, eta argi geratu zen hori hitzaldian, etengabeko elkarrizketan aritu baitziren biak. Gaiari modu «libre» eta «utopiko» batetik helduta aritu ziren, hori bai.
Bat etorri ziren biak hasierako ideiarekin: agerikoa da, «krisi bat» dago museoaren identitatean. Hernandezek argudiatu zuen zalantzan dagoela «beste behin ere» musoen eginkizuna eta izaera. Eta horren erakusgarri da, haren irudikoz, ICOM Museoen Nazioarteko Kontseiluak museoen definizioa gaurkotu izana. Izan ere, 1972an adostu zuten azkenekoz definizioa, eta iaz gaurkotu zuten. «Hainbeste urteren ondoren behar hori ikusi izana, eta horrek azken urteetan erakundeak izan duen krisirik handienetakoa sortu izana horren guztiaren adierazgarri da».
Azaldu zuen museoen «gramatika» zalantzan jarri dela ostera, jada ez dagoelako argi ondarea pilatu eta erakusten duten erakundeak izan behar duten, edo, Hego Amerikako herrialdeek argudiatu moduan, artelanik gabeko kultur erakundeak izango diren. «Birpentsatzeko zeregina, beraz, saihetsezina da».
Dyanganiren iritziz, baina, badira museoen etorkizuna birpentsatzeko beharra areagotzen duten egoera estruktural eta mugimenduak ere: arrazismoa, deskolonizazioa eta feminismoa, tartean. «Guzti horiek museoa birpentsatzera behartu gaituzte, ezinbestean. Izan ere, gure kultur eta arte instalazioez pentsatu behar badugu, derrigorrez egin beharko dugu testuinguruaz eta bizitzea tokatu zaien garaiaz».
Dramaturgia eta edukiak
Azaldu zuen, gainera, «zaila» dela eraikinari ezarri zaizkion eginkizunak «apurtzea». Maiz, museoak eraikin itxiak direlako herritarrentzat, eta barrura sartzeak esanahi bakarra izan duelako: artelanak ikustea. «Gaur egun dagoen dramaturgia amaitu beharra dago», adierazi zuen. «Gaur egun barruan egoteak esan nahi du ez zaudela beste edozein lekutan; hau da, bertan zaudela, kontzentratuta, inguratzen zaituzten artelanek ulertzen eta ikuskatzen. Hori apurtzea zaila da, baina planteatu behar da, gutxienez, posible ote den hori aldatzea».
Hernandezek ohartarazi zuen, halere, «biziraupen» kontua ere badela. «Ez baduzu lortzen jendeak museora joan nahi izatea, desagertu egingo zara. Hau da, jendeak ezin du museora joan eskolatik derrigortu diotelako, edo oporretan dela euria hasi zaiolako, kasu horretan ez baita museoa existitzeko beharrik egongo».
Hori dela eta, haren ustez, ezinbestekoa da museoen edukiaz hausnartzea. «Hasi behar dugu pentsatzen zer defendatuko dugun arte gisa». Eta horretan lotura zuzena du, hain zuzen ere, artelanak pilatzearen helburuak. «Zalantzan jarri behar dugu zertarako ari garen obren bildumak egiten».
Berak zuzentzen duen museoaren adibidea jarri zuen Dyanganik galdera hori nabarmentzeko: «Macbak sei mila obra inguru izango ditu guztira bilduman. Horietatik, agian, mila inguru erakutsi dira soilik». Eta berehala egin zuen itauna: «Zer esan nahi du obra bat edukitzeak?». Aitortu zuen merkatua eta «dena erakutsi beharraren ideia» direla artelanak erostera bultzatzen dietenak askotan, eta horrek sortzen duen «sukarrak» ez diela tarterik uzten horretaz pentsatzeko.
Digitalizazioa ere izan zuten hizpide; izan ere, haien ustez, beste inflexio puntu bat bilakatu da. Dyanganik adierazi zuen museoek «ariketa zintzo bat» egin behar dutela prozesu hori herritarrekin egiteko, gainontzean, ez duelako zentzurik izango: «Jendea ahaldundu behar dugu artearen kodeak bere egin ditzan». Ideia hori babestu zuen Hernandezek ere, eta azpimarratu zuen alfabetatzea dela horretarako giltza: «Hori izan behar da gure ardura museo gisa».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.