Mohammed Hassan. Ipar Siriako Federazioko Atzerri ordezkaria

Krisi humanitarioa dago, eta lehertu egin daiteke»

Damaskorekin egin duten akordioa defendatu du Hassanek, «kontzesio mingarriak» edo «genozidioa» baitzituzten aukera bakarrak.

2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Mohammed Hassani elkarrizketa egin baino pixka bat lehenago heldu da Siriako Indar Demokratikoen (SDF) eta Damaskoko gobernuaren arteko akordioaren albistea: atzotik Siriako armada Turkiako mugan hedatu da, batez ere Kobanen eta Manbijen. Hassanek SDFko komandante Mazlum Abdiren hitzak errepikatu ditu: «Badakigu kontzesio mingarriak egin beharko dizkiogula Errusiari eta Baxar al-Assadi, baina kontzesioen eta gure jendearen kontrako genozidioaren artean aukeratu behar badugu, dudarik gabe gure herriaren bizitzaren alde egingo dugu».

Akordioa egin duzue Rojavaren eta Damaskoko gobernuaren artean. Siriako armadak tropak bidaliko ditu. Zer esan dezakezu akordioaz?

Damaskorekin dugun elkarrizketari buruz esan behar dut, beti egon garela prest elkarrizketaren bidez Siriako arazoak konpontzeko, eta eskualdekoa, oro har. Aurretik ere izan ditugu bi elkarrizketa sorta. Saiakera haiek ez ziren ongi atera, baina beti agertu dugu hitz egiteko prestasuna.

Zer rol beteko du Errusiak akordioetan?

Orain gutxi dei egin genion Errusiari, Damaskorekin elkarrizketetan bermatzaile lanak egiteko. Errusia prest dago horretarako. Hala esan zuen Atzerri ministro Sergei Lavrovek. Edozein akordio eta elkarrizketa ongi etorriak izango dira. Uste dugu modurik onena dela Siriako egoera konpontzeko.

Zer pentsatzen duzue Nazio Batuen Erakundearen erantzunari buruz?

Etsituta gaude Nazio Batuen bilerarekin, ez baitute inolako neurririk hartu Turkiako erasoa gelditzeko.

Zer eskatzen diozue nazioarteari?

Mendebaldeko herriei eskatu nahi diegu presioa egin diezaiotela Turkiari eraso zentzugabe hau gerarazteko. Kontuan hartu behar dute EIko milaka kide preso ditugula, eta euren senideak hainbat eremutan. Kaosa eta ihesaldia eragotzi behar dute berrantola ez daitezen.

Azken albisteen arabera, Estatu Islamikoko kide askok ihes egin dute. Baiezta ditzakezu albiste horiek?

EIko kideen eta haien senideen egoera oso arriskutsua eta delikatua da. Inbasioaren lehen hiru egunetan turkiarrek Qamixliko eta Hesekeko [Al-Hasaka] espetxeei eraso zieten, nahita. Han EIko kideak daude, eta baieztatu ahal izan dugu EIko hainbat mertzenariok ihes egitea lortu dutela. Erasorik larriena igandekoa izan da, Eyn Isa [Ain Issa] errefuxiatuen eremuaren ondoan dagoen espetxean. Turkiako hegazkinek espetxeko ateak ireki zituzten, eta EIko 785 kidek alde egin zuten, baita eremuan zeuden ehunka senidek ere.

Trumpek esan zuen preso horiek Turkiaren esku daudela, baina azken finean zuen esku daude. Turkiaren erasoren erdian ardura zaitezkete preso horiez?

Egoera oso arriskutsua da, eta gure kontroletik kanpo gera daiteke. Al-Hol eremuan dauden EIko emakume erradikalak oso bortitzak dira, eta saiatu dira alde egiten Turkia ingurua bonbardatzen ari zela jakin zutenean. Uste dugu denbora gutxian ez dela egoera kontrolatzerik izango. Hori da Turkiako inbasioaren ondoriorik larrienetako bat. Gure ardurari dagokionez, SDFk joan den larunbatean argi utzi zuenlehentasuna gure herrietako segurtasuna bermatzea dela. Erasoak geratu egin behar du, bestela, EI berrantolatu egingo da, eta mehatxu handia izango da, gure eskualdearentzat ez ezik nazioarteko komunitatearentzat ere.

Nola egiten ari zarete aurre zibilen lekualdaketei?

Administrazio autonomoa ahal duen guztia egiten ari da gerra eremutik ihes egiten ari diren errefuxiatuen oinarrizko beharrak asetzen. Serekaniyetik [Ras al-Ain] eta Gire Spitik [Tel Abyad] bakarrik 70.000 zibilek baino gehiagok ihes egin zuten lehen egunetan. Eskoletan eta eraikin publikoetan hartu dute aterpe. Oinarrizko zerbitzuak eta bizitzeko ezinbestekoak eskaintzen ahalegintzen ari gara, baina administrazio autonomoak egin dezakeena baino larriagoa da egoera. Gure eskuetatik kanpo dago.

Krisi humanitarioa al dago?

Krisi humanitarioa dago, eta lehertu egin daiteke. Dagoeneko gertatzen ari dela esango nuke. Larriagoa izan daiteke, gainera, Turkiako armadaren erasoak jarraitu eta jende gehiagok ihes egin behar badu. Jende guztiak ikusi du Turkiako Estatuaren eta haren aliatuen erasook bereizi gabe eginikoak direla, eta herritarrak dituztela helburu. Argi dago Turkiak eta haren aliatu mertzenarioek eskualdeko garbiketa etnikoa egin nahi dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.