Koronabirusa

Munduan heriotza gehien dituzten herrialdeetan 12.a da Euskal Herria

Biztanleriaren eta hildakoen arteko proportzioari begiratuz gero, laugarrena da. Araban sortu ziren fokuak; Nafarroa eta Bizkaiko eremu batzuek dituzte tasa altuenetakoak orain

mikel p ansa
2020ko apirilaren 1a
00:00
Entzun

Populazio txikietan eragin bortitzagoa izan dezake koronabirusak. Hori erakusten dute datu gordinek. Adibidez, atzoko datuekin, San Marino da 100.000 biztanleko heriotza gehien dituen herrialdea: 34.000 biztanle eskasekin, 25 heriotza izan ditu. Alegia, 100.000 biztanletik ia 74 hil ditu gaitzak. Ranking horretan, laugarrena da Euskal Herria: 100.000 herritarreko, ia 13 hil dira koronabirusagatik. Italia (19) eta Katalunia (18,6) bakarrik ditu aurretik. Indize horretan, atzetik daude Espainia (11,7), Herbehereak (5), Frantzia (4,6), Belgika (4,4), Iran (3,3), Galizia (2,4) eta Erresuma Batua (2); herrialde horiek dira heriotzaren intzidentzia tasa altuenak dituztenak. Gaitzak duen eraginaren adierazle bat da (klikatu herriz herriko mapa interaktiboan).

Baina proportzioetara jo gabe ere, zenbaki absolutuak begiratuta soilik, oso goian dago Euskal Herria: COVID-19ak heriotza gehien eragin dituen herrialdeen artean hamabigarrena da. Italian 11.591 ziren hilak herenegun; Espainian, 5.465 —Hego Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako datuak aparte kalkulatuta—; Amerikako Estatu Batuetan, 3.042; Frantzian, 3.021... Iran, Katalunia, Erresuma Batua, Herbehereak, Alemania eta Belgika doaz ondoren, eta Euskal Herrian, 402 —atzo 441 ziren, baina konparaketa egiteko, herenegungo kopuru sendotuak erabili ditu BERRIAk, herrialdeen artean konparaketak egin ahal izateko—.

Gaitza oraintxe hasi da zabaltzen herrialde askotan, eta Euskal Herria atzean gelditzen joango da denborarekin, baina koronabirusak oraintxe Euskal Herrian foku nagusietako bat duela erakusten dute zenbaki horiek.

Eskualdeen arteko aldeak

Baina Euskal Herrian ere, oso egoera ezberdinak daude eskualde batzuetatik besteetara. Martxoaren 19an eskualdeetako datuak ematen hasi zen Eusko Jaurlaritza, eta martxoaren 26an, Nafarroako Gobernua. Herrikako datuak ere ematen ditu Jaurlaritzak harrezkero, baina Nafarroak ez. Erreferentziazko osasun zentroen araberako datu horiek bildu ditu BERRIAk mapa batzuetan, gaitzaren hedapena aztertzeko —hemen azpian dira mapa interaktiboak—. Eta horietan argi ikusten da gaitza non hedatu den gehien. Gasteiz eta haren inguru batzuk, Arabako Errioxa eta mendialdea, Tafalla eta Artaxoa inguruak, Agoitz inguruak, Zangoza aldea, Iruñerria, Basauri, Zalla aldea... Horiek dira COVID-19aren foku nagusiak Euskal Herrian. Halere, mapari falta zaizkio datu batzuk: ospitale pribatuetan dauden gaixoak ez ditu ematen eskualdeka Nafarroako Gobernuak.

 

 

Nafarroan, Artaxoako osasun eskualdean du koronabirusak Euskal Herriko intzidentzia tasarik altuenetakoa —mila biztanletik 10,7 gaixotu dira—, eta Agoizko eskualdea (milatik, 9,6 gaixo) eta Tafallakoa ditu atzetik (milatik, 8,2 gaixo). Biztanleriarekin proportzioan, eskualde horietan zabaldu da gehien gaitza. Zarrakaztelu aldean (6,5), Cintruenigo inguruan (5,9), Barañainen (4,5), Zangoza aldean (4,5), Villatuerta inguruetan (4,5) eta Zizur-Etxabakoitzen (4,4) ere intzidentzia tasa altuak dituzte, Euskal Herriko altuenetakoak. Iruñean mila biztanletik 2,4 kutsatu dira datu ofizialen arabera. Erronkarin eta Bortzirietan ez da eririk agertu. Nafarroako Gobernuak ez daki arrazoia, Osakidetzara bideratu dituzten, edo kasurik ez den.

Arabako fokuak ezagunak dira, han hasi baitzen gaitza zabaltzen, Bastidan aurrena, eta Gasteizko Txagorritxuko osasun zentroaren bueltan gero. Proportzioan eta zenbaki absolutuetan, Gasteizen du gaitzak eragin gehien: 1.770 gaixo zeuden atzo han (milatik, 7,3). Arabako Mendialdean ere pareko intzidentzia tasa dute (6,4), baina 17 soilik dira gaixoak. Apalagoak dira Arabako Errioxako (4,5) eta Legutio iparraldeko (4) osasun eremuen tasak.

Bizkaiari dagokionez, Bilbon ari dira pilatzen gaixo gehien (931), baina Erandio da gaixotuen tasa altuena duen herria, Euskal Herriko altuenetakoa ere badena: milatik, 5,5 eritu ditu koronabirusak han. Zalla inguruetan (milatik 5,1 gaixo) eta Basaurin (milatik, 4,1 gaixo) daude herrialdeko beste bi foku nagusiak. Trapagaranen (3,4), Txorierrin (3,3), Galdakao-Larrabetzun (2,9), Sestaon (2,7) ere herrialdeko datu altuenak dituzten osasun eskualdeen artean daude. Bilbon, milatik 2,6 pertsona eritu dira. Barakaldon eta Getxon, kopuruak altuak izan arren, tasak txikiagoak dira: 2,4 eta 2,2, hurrenez hurren.

Gipuzkoan, foku nabarmen bat sortu da Tolosako —Iurreamendi zaharren egoitzan daude gaixoen erdiak inguru— eta Villabonako osasun eremuen inguruan. Herrialdeko datuetatik oso urrun daude bi eskualde horietako kopuruak: mila pertsonatik 4,2 kutsatu dira Tolosaldean, eta milatik 2,7 Villabonan. Herrialdeko batez bestekoak oso azpitik daude datu horietatik. Donostian, adibidez, milatik 1,5 pertsona kutsatu dira (267 gaixo).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.