Koronabirusa

2.000 tumore inguru atzemateke geratu dira

Arantxa Iraola - Juanma Gallego
2021eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Izurriak sortutako osasun egoeraren ondorioz, 2020an Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gutxienez 1.897 tumore atzeman gabe geratu ziren, Osakidetzako zuzendaritzak eta Biocrucesek Espainiako Epidemiologia Elkartearen azken kongresuan aurkeztutako kalkuluen arabera.

Gaitza aurretiaz atzemateko erabiltzen diren baheketa sistemetan izandako atzerapenek zenbat laguni eragin dioten kalkulatu dute ikerketa batean, eta aurretiazko ondorioak aurkeztu dituzte kongresu horretan.

Koloneko minbiziaren kasuan, proba egiteko deitu beharreko lagunen %39 baino ez zituzten deitu. Atzerapen horren ondorioz, kalkulatu dute iaz mota horretako 1.695 tumore atzeman gabe geratu zirela.

Bularreko minbizia atzemateko programetan, berriz, pazienteen %54 baino ez zituzten deitu. Horregatik, 202 tumore detektatu gabe geratu zirela uste dute.

Azkenik, umetoki lepoko minbiziak atzemateko programan, proba egin behar zuten andreen %70 deitu zituzten. Aurrenekoz 2018an martxan jarri zuten baheketa programa honen kasuan, ez dute zehaztu zenbat tumore geratu ziren atzeman gabe.

Heriotzen igoera

Ohartarazi dute egoerak «epe labur edo ertainean» eragina izango duela heriotzen datuetan ere, baheketak atzeratzearekin batera, gaitza oso fase aurreratuetan atzemateko aukerak handitzen direlako. Halere, atzerapen horrek ondorioak «gutxitzeko» neurriak hartu dituztela iragarri dute.

Neurri horien berri eman dute kongresuan ere. Bularreko minbizia garatzeko arrisku handiagoa duten emakumeei mamografiak egitea lehenetsi dutela esan dute. Koloneko minbiziari dagokionez, gutunak eta testak bidaltzeari ekin diote. Arlo horretan, iazko irailean pandemia aurreko antzeko egoera batera iristea lortu zutela azpimarratu dute. Kasu horretan ere premia gehien zutenen kolonoskopiak lehenetsi zituzten, lehen arretako profesionalekin adostuta.

Umetoki lepoko minbiziari dagokionez, barne protokoloa aldatu zutela iragarri dute, emaginekin hartu beharreko hitzorduak errazteko hainbat aldaketa martxan jarriz. Aldaketa horiek guztiek modua eman zuten «konfinamenduan etendako jardun guztia» berreskuratu ahal izateko, agiriaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.