Koronabirusa

Hil ondoren ere, neurriak

Koronabirusaren ondorioz, beilatokiek eta hilerriek aldaketak egin dituzte funtzionamenduan. Hiletak ere ezin dira egin. Azaldu dutenez, neurriak hartu dituzte gorpuak manipulatzeko, eta langileek ere babesa erabiltzen dute. Halere, zenbait langilek adierazi dute neurri gehiago behar direla segurtasuna bermatzeko.

Beilatokietako langileek ere babes neurriak hartu behar dituzte; maskarak eta eskularruak, esate baterako. EFE.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Gaixoei soilik ez, hil osteko prozesuari ere eragiten ari zaio koronabirusaren krisia. COVID-19aren ondorioz hildakoen kasuan, galarazita daude hil beilak; gainerako heriotzetan, badago beila egiteko aukera, baina betiere jende kopuruak mugatuta. Hil osteko agur ekitaldiak ez dira egiten ari, eta inguruko senide edo lagun gutxi batzuk egon daitezke lur emateetan eta errausketetan.

Prozedurak egokitzen ari dira beilatokietan. Nafarroako Irache enpresan, adibidez, izan dituzte koronabirusaren ondorioz hildakoak. «Kasu horietan, ezin da beilarik egin, batez ere hildakoaren ingurukoak kutsatuta edo berrogeialdian egon daitezkeelako», azaldu du Lorena Sanchez zuzendariak. Gainerakoetan, bai, zabaltzen dute beilatokia, «baina neurri batzuekin»: aretoan hiru lagun egon daitezke gehienez, eta korridoreetan ezin daiteke egon.

Gorpuak atontzeko moduan ere badira aldaketak. Sanchezek azaldu du jarraibide batzuk jaso dituztela Espainiako Osasun Ministeriotik, zehazteko nola jokatu koronabirusaz hildakoen gorpuekin. «Osasun poltsa hermetiko batean sartu behar da; biodegradagarria izan behar da, eta lekuz aldatzeko balio duena. Zehaztasun handiz egin behar da». Gaixoa bakartuta egon den lekuansartzen dute hilotza poltsan —desinfektatzailea jartzen diote poltsari—. Hilkutxan sartzen dute.

Hildakoaren agur nagusiak izaten dira ohikoak beilatokiaren ostean; gero eta gehiago dira hileta zibilak, baina gehienak erlijiosoak dira. Bata ala bestea, debekatuta daude horrelako ekitaldiak, jendea biltzen delako. Elizan, adibidez, hiletak ez egiteko araua dute, Jesus Maria Arrieta Tolosako (Gipuzkoa) apaizak azaldu duenez. «Beilatokira joan ohi gara. Gorpua erraustuz gero, bertan egiten dugu agurra; bestela, hilerrian». Egunotan egokitu zaizkio heriotza batzuk Arrietari, eta nabarmendu du guztietan nabaritu duela herritarren konpromisoa neurriak betetzeko: jende gutxiago bildu da agurretara, senideak eta hurbilekoak, eta ez kutsatzeko neurriak hartu dituzte, nahiz eta egoera gogorra izan. «Beilatokietako eta hilerrietako langileak, hildakoaren ingurukoak eta ni neu saiatu gara tarteak zaintzen».

Hilerriak eta agurrak

Eman dizkieten arauen barruan, hilerri bakoitzak erabaki du nola antolatu egoera. Irache enpresak, adibidez, Nafarroako zenbait hilerri kudeatzen ditu, eta itxi egin ditu, «salbuespeneko neurri gisara». Itxita daude udalek kudeatutakoak ere. «Ehorzketak edo errausketak egiteko soilik zabaltzen dira. Edukiera hogei pertsonara mugatu dugu, eta segurtasun distantzia mantendu behar da», azaldu du Sanchezek. Arrietak esandakoaren bidetik, adierazi du familiek jarrera ona dutela.

Gasteizen, goizetik eguerdira zabalik dago hilerria, igandeetan izan ezik. Kepa Arza Gasteizko hilerrietako zerbitzuburuak azaldu du ehorzketetarako egokitu dutela ordutegi berria, eta etor daitekeenari aurre egiteko prestatzen ari direla —koronabirusak Gasteizen du eragin handienetakoa—. Ehorzketak edo errausketak egiteko era aldatu egin dute Gasteizen: «Beilatokietatik hilkutxa arruntak jasotzen ditugu; normalean, ireki daitezke, baina orain ezin dugu bat bera ere zabaldu». Koronabirusarekin edo bestela hil, guztiekin dute irizpide hori.

Gainerako hiriburuetako hilerrietan ere hartu dituzte neurriak. Donostian, adibidez, hamabost lagun egon daitezke ehorzketetan, eta hamar errausketetan; koronabirusarekin hildakoen kasuan, ingurukoak ezin dira joan. Bilbon, ezin da inor joan COVID-19arekin hildakoen agurretara, eta gainerakoetan, lau lagun. Baionan, ehorzketetarako soilik dago zabalik hilerria, eta errausketetan ezin daiteke inor egon.

Egoera gogorra da. «Elizkizunetan, pertsona ezaguna edo familia handia bada, multzo handia biltzen da; orain, kopurua asko murriztu da, eta agur zailagoak dira», adierazi du Arrietak. Elizkizunak ezin dira egin orain. Asmoa daukate egoera «normaltzean» orain hildako guztiak oroitzeko. Agurretan gizatasuna falta dela ohartarazi du Sanchezek: «Pertsona bat hiltzen da, eta ez dute uzten hura ikusten eta ukitzen. Hilerrira joan behar da korrika batean. Oso gogorra da».

Langileen egoera

Beilatokietako langileek zuzenean lan egiten dute gorpuekin, eta ez kutsatzeko neurriak hartzen ari dira, Sanchezen esanetan: «Buzoak, betaurrekoak, maskarak eta bi geruzako eskularruak jantzi behar dituzte; garbitasuna ere zaindu behar da eremu komunetan eta autoetan». Hilerrietan ere gisa bereko neurriak hartu dituzte, Arzak dioenez. Areago, Gasteizko hilerrian hasiak dira badaezpadako neurriak hartzen: «Jende gehiagori erakusten ari gara ehorzketak nola egiten diren, ez baitakigu aurrera begira zer gertatuko den; izugarria litzateke momentu batetik bestera ehorzketa bat inprobisatzea».

Nolanahi ere, nabarmena da beharginen ezinegona, arriskua sumatzen baitute. Adibidez, Bilboko Udaleko zerbitzuetako lurperatzaileak neurriak eskatzen ari dira, ELA sindikatuak azaldu duenez: «Onartu zen COVID-19aren ondorioz hildakoen senideak ez joateko araua, baina gainerakoak joan daitezke, etahorrek arriskuan jartzen du gure segurtasuna». Ezarritako segurtasun neurriak betetzen direla ziurtatzeko eskatu diete erakundeei, eta ohartarazi dute hori egin ezean ezin dutela bermatu ehorzketak edo errausketak egiteko prozedura behar bezala egitea. «Osasun kateko azken katebegia gara, azken batean». Bide beretik jo du Sanchezek, beilatokietako ordezkariak: adierazi du osasun katearen azken urratsa egiten dutela haiek, eta osasun protokoloetan aintzat hartu behar direla. Hil ostean ere neurriak behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.