I-11k hogei urte

Akatsen zerrenda luzea

Duela hogei urteko erasoen ondorioz, AEBek «terrorearen aurkako gerra» abiarazi zuten, denak balio zuen «gaizkiaren munduari» gailentzeko logikarekin. Erasoek eragindako 'shock'-a ere izan da mintzagai, baina ez hainbeste epe luze honetan zelan gailendu zen beldurra gizartean.

Jacob Albert Chansley Qanon mugimenduko kidea, erdian, Kapitolioa hartu zutenean, urtarrilean. JIM LO SCALZO.
urtzirrutikoetxea
Washington
2021eko irailaren 10a
00:00
Entzun
Omenaldi eta oroitarrietan iaioa da herrialdea, baina ez hainbeste memoria lantzen. Bai, AEBetako bazterrik bazter daude une historikoak gogorarazten dituzten monumentu eta memoriaren parkeak; besterik da gizarte moduan horiek aztertu eta eztabaidatzeko gaitasuna. Bizkor eta etengabe aldatzen den herrialde bat da, eta gutxitan hartzen du bere buruarekin zintzo mintzatzeko eta hausnartzeko tartea.

Ispilu horretan begiratuta, itzultzen duen irudia ez da askok beti irudikatu dutena bezain liraina inondik ere. Liburu eta artikulu asko idatzi dira, argi dago hori, eta egoeraren larriaz ez dira denak orain ohartu. Oso ezaguna da 2012an estreinatutako The Newsroom (Erredakzioa) telesailaren abiapuntua: unibertsitateko ikasle batek «zergatik dira AEBak munduko herrialderik onena?» galdetutakoan, Will McAvoy kazetari ospetsuak zinismoz erantzuten du, harik eta moderatzaileak ganorazko erantzun bat ematera estutzen duen arte. Hala, erantzuten dio AEBak ez direla munduko herrialderik onena, beste hainbat herrialde aurretik dituztela estatistiketan; espetxeratu kopuruan eta gastu militarretan direla lehenak gaineratzen dio. Horren segidan, baina, gogorarazten du inoiz baietz, izan zirela onenak, ia hamar urte geroago ere egunerokotasun handia duen eran: «Inteligentzia helburu genuen, ez genuen gutxiesten, ez gintuen txikiago sentiarazten, ez ginen identifikatzen azken hauteskundeetako botoengatik, eta ez ginen hain erraz beldurtzen».

Fikziozko monologoa da, noski, baina egungo egoeraren analisian ados datoz geroz eta gehiago. «Irailaren 11z hitz egiten dudanean ikasleekin, bizitza aldatu zuen gertaera bat izan zela azaltzen diet. Gobernuak lan egiteko era aldatu zuen, estatubatuarrak babesteko arduran. Eta egungo estatubatuarren bizimodua ere aldatu zuen», esan du Alberto Gonzales unibertsitate irakasle eta AEBetako fiskal nagusi ohiak; duela 20 urte George W. Bushen aholkulari zen Etxe Zurian.

Beldurra nagusitu da

Irailaren 11ko erasoek berekin ekarri zuten salbuespen egoeretako neurriak hartzea, eta, ohartzerako, salbuespeneko behar zuena AEBetan egunerokotasuna zen. Presidentearekin batera herrialdea gidatzen zutenek, Dick Cheney presidenteordeak eta Donald Rumsfeldek besteak beste, berehala abiarazi zuten «terrorearen aurkako gerra», denak balio zuen «gaizkiaren munduari» gailentzeko. «Denbora eman beharko dugu ilunpeetan inteligentziaren eremuan. Egin beharrekoaren zati handi bat isilik, eztabaidarik gabe egin beharko da, gure inteligentzia agentziek dituzten iturri eta metodoak erabiliz».

Luzaroan ikertu izan da zerk egin zuen huts 2001ean, zer zantzu zeuden halakorik gertatzeko, 1990eko hamarkadako beste atentatu batzuen eta FBIk eta CIAk egindako oharren arabera. Erasoek eragindako shock-a ere izan da mintzagai, baina ez hainbeste epe luze honetan zelan gailendu zen beldurra gizartean, askatasunaren ustezkoideia patriotiko bati heltzeko. Irailaren 11ko ilunabarrean, George W. Bush presidenteak hitz egin zuen Bulego Obaletik. «Estatu Batuak askatasunaren eta aukeren itsasargirik distiratsuena dira munduan», esan zion nazioari. «Eta inork ez du lortuko argi horren distira itzaltzea». 2019ko Pulitzer kritika saridun Carlos Lozadak aipatu du presidente ohiaren esaldia: «Bushek arrazoi zuen: Al-Qaedak ezin zuen ilundu Estatu Batuen zina. Guk geuk baino ezin genuen hori egin».

«Bin Ladenek ez zuen irabazi ideien gerra. Baina guk ere ez», dio Lozadak. Bat dator Garrett M. Graff kazetaria. Gogora dakar lehen ere izan zirela erasoak. Dorre Bikietan bertan horietako bat, 1993an. Egilea Pakistanen atxilotu zuten. 1998ko Kenya eta Tanzaniako enbaxadetako ustezko erasotzaileak ere Afrikan atzeman zituen FBIk. Irailaren 11ko erasoekin berdin jokatu behar zelakoan dago: «Auzitegi zibiletan eta eskubide zibilen babesarekin munduari erakutsiko zitzaion gaizkilerik okerrenak ere legearen menpeko justizia zutela zain. Horren ordez, Patriot Law legea iritsi zen 2001eko azaroan, eta, hala, terrorearen aurkako gerran harrapatutakoak ez ziren kriminal gisa tratatuko, ezta gerra preso moduan ere, baizik borrokalari etsai izen lausoa hartu zuen kategorian».

Hala prestatu zen Guantanamo, eufemismoak sortu ziren, eta tortura legeztatu, baita tortura hori gauzatzeko herrialdeak eta lurralde eremuak aurkitu ere, interesatuki AEBetako justiziaren eskumenetik kanpo. Denak balio zuen terrorearen aurkako gerran. Mitt Romneyren hauteskunde kanpainak Guantanamo bikoiztea agintzen zuen.

Atzerako begirada

New Yorken eta Washingtonen nagusiki, baina AEBetakohiri askotara iritsi ziren aldaketak. Bolardoak bide bazterretan, poliziak nongura kaleetan zein garraio publikoetan, geltokietan, eta adi ibiltzeko oharrak. Antraxa, eraso nuklearra, etengabe haizatu ziren mamuek herritar bakoitzaren beldurrak hauspotu zituzten.

Elkar zelatatzea arau bihurtuta, azal ilunxeagoa izatea infernu bihurtu zen milaka herritarrentzat, zer esanik ez izen musulmana izatea. Baina, ohartu zirenerako, Edward Snowdenek agerian utzi bezala, gobernuak herritar guztien komunikazioak zelatatzen zituela ikusi zuten.

Shock-a edo dolua, herrialdeak batasun sentipen bat bizi izan zuen erasoaren osteko uneetan, beldur eta guzti. Sentimendu hori oso interes berezietara bideratu zuten, horratik, eta aspaldiko naziorik zatituena ageri da orain bertan. Washington Post-ek berriki egindako inkestak dioenez, herritarren % 86k aitortzen dute erasoek bizimodua aldatu zietela, eta gehienek okerrera egin dutela diote. Konparazio baterako, atentatuen ostean piztutako elkartasun giroan, bi herenek herrialdeak hobera egin zuela esan zuten.

AEBek —bai gobernuak, bai nazioak— ia dena egin zuten txarto emandako erantzunean, dio Graffek. «Gobernuak bi helburu nagusiak lortu zituen: Al-Qaedak berriz erasorik ez egitea AEBetan, eta Bin Laden aurkitu eta hiltzea. Baina terrorearen aurkako gerrak nazioa ahuldu du —AEBek beldur handiagoa dute, askatasun gutxiago, moralki etsiago, eta bakartuago munduan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.