Albistea entzun

Txirrindularitza

Erronkaren tamainara hazi

Alteako egonaldiarekin amaitu du Laboral Kutxa taldeak 2023ko denboraldirako prestaketa fasea. Zaila bada ere, helburua, 2024an World Tour mailan tokia egitea da. Hala ere, txirrindulariek azpimarratu dute erronka hori ezin dela «obsesio» izan. Ilusioa izan dute lanerako akuilu nagusi.

Idoia Eraso, Nadia Quagliotto eta Naia Amondarain txirrindulariak, Alteako egonaldian.
Idoia Eraso, Nadia Quagliotto eta Naia Amondarain txirrindulariak, Alteako egonaldian. MARKEL BAZANBIDE Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Berastegi - Berriemaile berezia

2023ko urtarrilak 31 - Altea

Laboral Kutxa taldeak mimo handiz prestatu du 2023. urtea. Ezin da bestela izan, datorren urtean World Tour mailako taldea izatea baitu helburu. Erronka zaila da, oso zaila ere, baina taldeak motibazioa eta ilusioa sobera ditu, eta datozen hilabeteetan errepidean maila hori badutela frogatzeko asmoz ari dira lanean. Hori lortzeko, taldeak aurrerapauso nabarmena eman du aurten, eta hurrengo urteetan taldea eta egitura are eta gehiago indartzeko konpromiso sendoa dago. Erronkaren tamainara hazi nahi du taldeak.

 

Denboraldi garrantzitsu hau prestatze aldera, Aitor Galdos managerra eta Ion Lazkano zuzendaria buru dituen taldeak Alteako (Herrialde Katalanak) Cap Negret hotelean egin du prestaketa garaiko azken egonaldia. Urtarrilaren 19an ailegatu ziren Alacantera, eta joan den larunbatean Almeriarako (Espainia) bidea hartu zuten, herenegun urteko lehen lasterketa korritzeko. Taldea osatzen duten hamazazpi txirrindulariak hamar egunez bildu ziren Altean, nahiz eta azken egunetan, azterketak direla-eta, Mireia Arriazuk eta Mireia Triasek etxera bueltatu behar izan zuten.

Ikusi gehiago: Txirrindularien entrenamenduaren kronika

2022ko urtarrileko egonaldiarekin alderatuta, esan daiteke aurtengoa ezberdina izan dela hainbat arrazoirengatik. Taldea eta egitura, zentzu guztietan, hazi egin dira: txirrindulari gehiago daude, egonaldia luzeagoa izan da. Gainera, prestaketa exijenteagoa eta gogorragoa izan da, txirrindulariek diotenez. «Nabari da aldaketa. Baldintzak aldatu egin dira, onerako. Jauzi bat egin dugu, eta iruditzen zait hori errendimenduan nabarituko dela», esan du Idoia Eraso (Iruñea, 2022) taldeko txirrindulariak. Naia Amondarainek (Ibarra, Gipuzkoa, 2001), berriz, aurten jantzi du lila koloreko maillota, azken urteetan Sopela taldean ibili eta gero. «Nik ezin dut iazko egiturarekin eta baldintzekin alderatu, baina, bai, sentitzen dut taldeak aurrerapauso bat eman duela».

Helburua argia da: 2024an World Tourrean aritzea. Baina, erronkak duen zailtasunaz ohartuta, helburua «obsesio» ez bilakatzearen garrantzia azpimarratu dute Amondarainek eta Erasok. Txirrindulari nafarrak jarraitu du hausnarketarekin: «Presioa guk jartzen diogu geure buruari. Gauzak ongi egiteko eta hor egoteko maila dugula erakutsi nahi dugu. Erantzukizun handiagoa sentitzen dugu aurten». Edonola ere, helburua lehen ahaleginean lortu ezean, beste aukera batzuk izango ditu taldeak, 2029ra arteko iraupena bermatuta daukalako Laboral Kutxari babesle nagusiari esker. «Helburu nagusia hori bada ere, taldekoek lasaitasuna helarazi digute. Hain luzerako babesle bat lotua izateak lasaitasuna ematen du gauzak ondo egin ahal izateko», azaldu du Amondarainek. «Aitor Galdosek esan zuen exijentzia handiko trantsizio garai batean geundela. Ez dakigu horrek zenbat iraun dezaken, denboraldi bakar bat edo gehiago izango diren», gaineratu du Erasok.

11 fitxatu berri

Idoia Erasok, Yurani Blancok, Usoa Ostolazak, Tania Calvok, Mireia Arriazuk eta Ariana Gilabertek jarraitzen dute taldean, eta, hasi berri den denboraldirako, 11 txirrindulari berri ailegatu dira. Iritsi berrietako bat da Nadia Quagliotto (Maser, Italia, 1997). «Talde honek hazteko ilusio handia dauka. Oso motibatuta dagoen jendea aurkitu dut, langilea. Anbizio handiko egitasmoa da». Uda partean jarri zen Aitor Galdos Quagliottorekin harremanetan, eta urrian lortu zuen fitxatzea. «Azaldu zidaten egitasmoak eta aurkitu dudanak bat egiten dute. Taldea oso ondo egituratuta dago, eta neskoi ez zaigu ezer falta. Italiako taldeetan kosta egiten da horrelako zerbait aurkitzea». Bi urterako sinatu du: «Taldeak niregan konfiantza duela erakutsi du, eta nik ere bi denboralditarako sinatzea nahi nuen. Lan egiteko segurtasuna eta egonkortasuna bermatzen dizkizu horrek». Taldeak urte askotarako babesle nagusi bat izateak ere lagundu zion erabakia hartzen: «Babesle batekin hain epe luzerako akordioa duen beste talderik ez dut ezagutzen».

Gauzak ondo, taldeko liderretarako bat izango da italiarra. «Denboraldi osoan erregularra izatea nahi nuke. Mendate luzeak nahiko ondo igarotzen ditut, eta malda motzetan ondo moldatzen naiz. Lider izateko eskatu didate, errepidean zein hortik kanpo».

Alteako egonaldia, prestaketa fintzeko ez ezik, taldekideak hobeto ezagutzeko eta talde gisa hazteko ere baliatu dute. «Taldea dezente aldatu da, eta taldekide ohi batzuen falta sumatzen badugu ere, oso ondo elkar hartu dugu guztiok. Talde zabala gara, eta horrek gauza gehiago eta hobeak egiten lagunduko digu. Duela bi denboraldi bizikletan ibiltzea gustuko zuen talde bat ginen, baina orain beste zerbait gara; beste seriotasun eta ideia bat dago», dio Erasok. «Talde kohesioa lantzea funtsezkoa da hainbeste txirrindulari berri iritsi garenean. Denbora bat beharko dugu, baina egonaldia oso baliagarria gertatzen ari da», erantsi dio Amondarainek. Altean elkartu aurretik, taldekide batzuk baino ez zituen ezagutzen Quagliottok: «Estrategia baliatuta eta talde gisa korritzen badugu, emaitza onak lortzeko gai izango gara. Exijentzia handia da, eta, puntu asko behar direnez jauzia egiteko, taldeak oso bat eginda egon beharko du».

Behin Almeriako proba korrituta, igandean Valentziako Erkidegoko itzulia [egun bateko lasterketa] korrituko dute, datorren astean Arabiar Emirerri Batuetan egingo den World Tour mailako lasterketan parte hartu aurretik. Egutegiari dagokionez ere jauzi bat egin nahi du taldeak: «Badirudi aurten nazioarteko proba garrantzitsu gehiago korritzeko aukera izango dugula. Lasterketa horietan egotea garrantzitsua da, asko ikasten baita. Taldea ez da ia kanpoan aritu, eta, horrenbestez, ez gaituzte asko ezagutzen. Beraz, hori ere bada helburua: kanpoan jendeak Laboral Kutxa gehiago ezagutzea», nabarmendu du Erasok. Lasterketa garrantzitsuak aipatuta, Amondarainek bere «ametsen» berri eman du: «Espainiako Vuelta bat egin dudanez, Frantziako Tourra eta Italiako Giroa egin nahi nituzke. Eta horrekin batera, etxeko lasterketez, Itzuliaz edo Donostiako Klasikaz, benetan gozatu nahi nuke».

Prestaketa amaituta, dortsalak janzteko garaia iritsi da. Hitzetatik ekintzetara, edo hobeto esanda, emaitzetara. Quagliottok argi dauka txirrindularien esku dagoela orain taldearen hazkunde hori errepidean frogatzea: «Taldeak toki bateraino eraman zaitzake, baina hortik aurrerakoa txirrindulariak egin behar du. Taldeak lanabesak eman dizkigu, ondo prestatu gaitu, baina emaitzak lortzeko beharrezkoa den azken ahalegin hori gure gain hartu behar dugu». Helburu argiarekin, baina itsutu gabe. Datorren urtean ez bada, hurrengoan izango dela argi dute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Baionako zaleak Anoeta inguruetan. ©A. CANELLADA / FOKU

Donostia are txuri-urdinago

Ainara Arratibel Gascon

Baionaren milaka zale izan dira Anoetan, taldea animatzen. Aurretik giro ederrean ibili dira Donostiako kaleetan, Paueko zaleekin batera egun polit bat igaroz.
Baionako eta Paueko jokalariak, nor baino nor gehiago, atzo, Anoetan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Anoetan galdu du lehenengoa

Iñaki Berastegi

Baionak denboraldiko lehen partida galdu du etxean, Paueren kontra. Txuri-urdinen hamabostekoan lau euskal jokalari aritu dira. 38.646 zalek bete dituzte harmailak
Take Kubo jaurtiketa bat egiten, aurreko igandean, Elxen aurkako norgehiagokan. ©JUAN HERRERO / EFE

Gereziondoa loretan nola

Jon Ander De la Hoz

Take Kubo izan da orain artean Realean gehien nabarmendu diren jokalarietako bat. Lehen sasoia osatzen ari da japoniarra Donostian, eta eroso ari da: bost gol sartuta, garrantzitsu bilakatu da.
Guillaume Rouet—eskuinetik hasita hirugarrena—Baionak Anoetan azken aldiz jokatu zuenean. Lapurtarrak berriz arituko dira gaur Donostian. ©BAIONA

Anoetan, etxean bezala

Iñaki Berastegi

Baionak Paueren aurkako Top14 ligako partida jokatuko du gaur Anoetan (17:00). Gaurkoarekin, baionarrek bosgarrenez jokatuko dute Donostian etxeko talde gisa: aurreko lau neurketak irabazi ditu. Sarrera guztiak agortuta daude.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.