Prestakuntzari azken ukituak emanez

Lan kargaren arabera, txirrindulariak bi multzotan banatu dituzte entrenamenduan Laboral Kutxako teknikariek. Talde lana hobetzea eta prestaketa fisikoa fintzea izan dira lan saioaren helburu nagusiak.

Laboral Kutxako txirrindulariak entrenatzen, iragan astean, Altean. MARKEL BAZANBIDE.
Iñaki Berastegi.
Altea
2023ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Goizeko hamarretan abiatu da lan saioa, eguzkipean eta 10 graduko tenperaturarekin. Hamabost txirrindulariek batera egingo dituzte aurreneko 11 kilometroak, eta, ondoren, bi taldetan banatuko dira: Almerian (Espainia) korrituko duten zortzi ziklistek entrenamendu espezifikoa dute, eta gainontzeko zazpi txirrindulariek bi orduko lan saio lasaia osatu beharko dute.

Ion Lazkano zuzendariaren eta Beñat Arana mekanikoaren autotik jarraitu du BERRIAk entrenamendua. Calpeko noranzkoan doa multzoa. «Biribilgune honetan banatuko gara. Coffee ride [entrenamendu lasaia] duzuenok Benidorm aldera jo bi orduak osatu arte. Besteok, segi zuzen», agindu du Lazkanok. Yurani Blanco, Eider Merino, Nadia Quagliotto, Alba Teruel, Ariana Gilabert, Aileen Schweikart, Idoia Eraso eta Usoa Ostolaza doaz orain taldeko autoaren aurretik. «Has gaitezen lanarekin. Tarte batez, bi minutuko erreleboak egingo ditugu bikoteka».

Taldearen atzealdean kokatu da autoa. Schweikartek bizikletako aulkia zertxobait igo zuen bezperan, eta ea postura berrian gustura doan galdetzera agertu da zuzendaria. «Ez dut aldaketa asko nabaritzen», erantzun du Schweikartek. Txirrindulari alemaniarraren bizikleta gaineko posturari erreparatzen jarraitu dute autotik. «Oso ongi doa», bat egin dute Lazkanok eta Aranak. «Gogoratu: jan eta edan, neskak. Gorputzari erregaia sartu behar zaio. Segi erritmo horretan, oso ondo ari zarete. Eta gogoratu: haizetik babestu», esan du geroxeago Lazkanok. Lan saioaren erdia eginda, txiza egiteko gelditu dira.

Entrenamenduaren bigarren zatian, Bernia mendatea igoko dute. 10 kilometroko igoera da, eta, batez beste, %4koa da aldapa. Dena den, bi kilometro pasatxoko atsedengune bat dago mendatearen erdian. «Igoeraren lehen erdian serieak egingo ditugu; bos watt kilora minutu bat, eta, ondoren, bi minutu lasai. Bigarren zatian, nahi beste estutu dezakezue». Xalo herrian hasi dira goranzko joeran. Schweikartek ezin izan du lan saioa osatu: «Belaunean sastada txiki bat nabaritzen dut». Igoeraren lehen erdia amaituta, autora igo da.

Azken ahalegina

Txirrindulariak igarotzen hasi da autoa. Merino doa maldan gora lehenengo postuan. «Hau bai igotzen dela ondo!», nabarmendu du Schweikartek, barrezka. Hotelera bidean, azken kilometroetan, esprint bat egiteko eskatu die zuzendariak Quagliottori eta Terueli, nahiz eta edonork parte har dezakeen. Gilabert ere sartu da. Gutxigatik, baina italiarra izan da azkarrena. «Oso ondo, neskak. Lan bikaina egin duzue. Lehenengo lasterketa prestatzeko egin behar zen guztia egin dugu, eta, orain, 48 ordu ditugu atseden hartzeko eta suspertzeko». Lazkanok irrati bidez egin dituen azken hitzak izan dira. 3 ordu eta 47 minutuko iraupena izan du entrenamenduak, eta 103 kilometro osatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.