Albistea entzun

COP26

Neurri zehatzik gabe, COP27ra

COP26ko akordiorako lehen zirriborroak proposatzen du estatuek 2022 bukaeran xehatzea Parisko Hitzarmenaren helburuak bete ahal izateko hartuko dituzten konpromisoak
Patricia Espinosa, Antonio Guterres eta Boris Johnson, atzo, COP26 goi bileran.
Patricia Espinosa, Antonio Guterres eta Boris Johnson, atzo, COP26 goi bileran. ROBERT PERRY / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Berasategi Otamendi -

2021eko azaroak 11

Glasgowko (Eskozia) negoziazioei buruzko xehetasun gehiago egin ziren publiko atzo, COP26 Nazio Batuen Erakundearen klima larrialdiari buruzko goi bileraren hamargarren egunean. Greenpeacek herenegun salatu zuen ia 200 herrialderen arteko balizko itun baterako lehen zirriborroan ez zela jasotzen neurririk erregai fosilak baztertzeko eta berotegi gasen isuriak mugatzeko. Bada, halako neurririk ez dela baieztatu zen atzo, COP26ren presidentetzak behin-behineko dokumentua kaleratu zuenean. Are, testuak proposatzen du konpromisoak zehazteko lana datorren urte amaierara arte atzeratzea.

Zirriborroak estatuei eskatzen die ezarriak dituzten helburuak «berrikusteko eta indartzeko», Parisko Hitzarmenean jasotako berotze mugarekin bateragarri izan daitezen, eta 2022. urtearen amaiera arteko epea ezartzen die horretarako. Idatziak ez du aipatzen erregai fosilei jarri beharreko muga zehatzik ere. Soilik agintariei dei egiten die ikatzaren erabilera eta erregai fosilen ustiaketara bideratutako diru laguntzak «lehenbailehen» alboratzera.

Bestalde, herrialde aberatsenei eskatu die diru gehiago jar dezatela garabidean direnen esku, emisioen murrizketarako aldaketak martxan jar ditzaten eta klima aldaketaren ondorioetara egokitu daitezen, haiek jasango dituzte-eta kalterik larrienak. «Atsekabea» adierazi du, oraindik ez delako lortu herrialde aberatsenen 2012ko konpromisoa: 2020tik aurrera 85.000 milioi euro bideratzea urtero garabidean diren herrialdeetara. Hori baino laguntza dezente handiagoa beharko dela ere ohartarazi du.

Konkrezio handirik gabeko konpromiso horietatik harago, egoeraren larritasunari buruzko diagnostikoa egitera mugatu da zirriborroa. Ohartarazi du Lurraren tenperatura dagoeneko 1,1 gradu igo dela industriaurrekoarekin alderatuta, eta igoera gehigarri batek muturreko fenomeno meteorologikoak ugarituko dituela.

Dokumentuak «kezka handia» aitortzen du, estatuek orain arte beren buruari ezarri dizkieten konpromiso ez-lotesle guztiak beteta ere karbono dioxido isuriak %13,7 igoko liratekeelako 2030erako, 2010eko kopuruen aldean. Hala, lantalde bat sortzea aurreikusten du, zeinak estatuak urtez urte konpromiso handiagoak hartzera bultzatuko dituen eta aurrez hartutakoak betetzen dituztela gainbegiratuko duen.

Parisko Hitzarmenaren arabera, estatuek bost urtean behin berrikusi behar dituzte isuriak mugatzeko beren buruari ezarritako konpromisoak. Alde horretatik, Anbizio Handiko Koalizioa delakoak —AEBak, Europako Batasuna eta klima aldaketarengatik arriskurik handienean dauden herrialdeak biltzen ditu— proposatu du epe hori urtebetera murriztea, 1,5 graduko xedea betetzeko bidetik kanpo daudenen kasuan.

Zirriborroaren edukia negoziatuko dute munduko agintariek datozen egunetan, eta dokumentua COP26ren amaierako akordioaren oinarria izatea espero da.

Climate Action Tracker klimaren ikerketarako egitasmoak mende amaierarako egin duen azken iragarpenaren biharamunean egin da publiko negoziaziorako idatziaren edukia. Talde horretako zientzialariek atzo ohartarazi zutenez, estatuek 2030erako ezarriak dituzten konpromisoetan oinarrituta, Lur planetaren tenperatura 2,4 gradu berotuko da mende honetan. Eta herenegun arte COP26n hartutako konpromisoak beteta ere, 2,1ekoa litzateke planetaren berotzea.

Zero isuriko ibilgailuak

Diesel eta gasolina ibilgailuen salmenta amaitzeko konpromisoa hartu zuten atzo 34 estatuk Glasgown. Zero isuriko ibilgailuak soilik salduko dituzte 2040rako, eta helburu hori 2035era aurreratuko dute «merkatu nagusietan», sinaturikoaren arabera.

Sinatzaileen artean dira Herbehereak, Danimarka, Irlanda, Austria, Polonia, Norvegia, Lituania, Luxenburgo, Kanada eta Zeelanda Berria, besteak beste. Guztien artean, munduko ibilgailu merkatuaren %15 inguru hartzen dute. Aldiz, akordiotik kanpo gelditu dira ibilgailu gehien kontsumitzen dituztenak: AEBak, Txina eta Japonia. Konpromisoa ez sinatzea erabaki dute Espainiak, Frantziak eta Alemaniak ere.

Konpromiso bera adierazi dute hainbat eskualdek eta hirik. Bartzelonak, Londresek eta New Yorkek, besteak beste. Eta akordioarekin bat egin dute 11 ibilgailu ekoizlek ere. Horien artean daude General Motors, Ford, Mercedes-Benz eta Volvo.

Ekintzaile ekologistek, berriz, aldaketa sakonagoa eskatu dute kalean. Ibilgailu pribatuak alboratu eta hiriak eta herriak bizikletentzako, oinezkoentzako eta garraio publikoarentzako egokitzeko eskatu diete agintariei.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Macron eta Putin, joan den otsailaren 7an, Moskun. ©EFE

Macronek eskatu du Errusiaren segurtasun bermeak aintzat hartzeko

Igor Susaeta

Frantziako presidentearen arabera, Putinek gerraren amaiera negoziatzea onartzen badu aintzat hartu behar da NATO «bere ateetaraino heltzeko duen beldurra»

Turkiaren erasoaren aurkako manifestazio bat, azaroaren 20an, Qamixlin. ©EFE

SDFk jakinarazi du eten egin dituela AEBekin egiten ari ziren operazioak

Igor Susaeta

Milizia kurduak indar nagusitzat dauzkan eta Pentagonoaren babesa duen koalizioak ohartarazia zuen Ankarak eraso bat hasiz gero horri erantzutea lehenetsiko zuela. EIren aurkako borrokari eragingo dio

Vladimir Putin Errusiako presidentea, gaur, Moskun. ©EFE

Errusiak esan du «negoziatzeko prest» dagoela, bere interesak «bermatzeko»

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Ukrainako armadak adierazi du bere tropetako 13.000 soldadu eta 6.000 zibil hil direla gerra hasi zenetik. Haur ugariri hezkuntzarako eskubidea urratu dietela salatu du NBEko batzorde batek.

Boliviar bat Silala ibaitik ura hartzen, Txileko mugatik gertu. ©MARTIN ALIPAZ / EFE

Boliviak esan du Hagako epaiak Silala ibaiko ubide artifizialak eraisteko aukera emango diola

Mikel O. Iribar

Nazioarteko Justizia Auzitegiak ebatzi du Silala ibaia «nazioartekoa» dela, eta Txileri eta Boliviari eskatu die elkarren arteko elkarrizketak «etengabekoak» izateko. Santiagok ez dio kalte ordainik eman beharko La Pazi.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.