LIBURU AURRERAPENA

Airea ez da debalde

'Bizitzea ez al da oso arriskutsua'-ren ondoren, egunerokotasunez eratutako saiakera literarioaren ubera hari jarraitzen dio Joseba Sarrionandiaren 'Airea ez da debalde' honek ere. Bihar aurkeztuko du euskal idazle horren lan berria Pamiela argitaletxeak.

2019ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
KORAL ZALDIA

Lucio arrantzalea zen, gauza benetakoen zalea, pragmatikoa gaur egun esango litzatekeenez, otarrainak harrapatzera etortzen zen itsasora. Ezin zuen seriotzat hartu bere txalupara sartu zen alproja hura, zertara eta koralezko zaldia bilatzera itsasoan.

—Urpean dabilen zaldia? esan zuen Luciok. Inork ere ezin izango du ikusi existitzen ez dena. Zaldia lehorrean ibiltzeko dago eginda, arnasa sudurretik hartu eta zurda haizetan ibiltzeko, oinak harrien gainean…

—Imajinaziozkoak ere badira animaliak... erantzungo zion besteak. Pentsamenduak bultza ditzake zaldiak lauhazka.

Luciori harrigarria egiten zitzaion lagunaren ikuspegia. Ez zen ametsa, ez zen ezinezkoa, bene-benetakotzat hartzen zuen zaldia eta, gainera, ematen zuen ondo ezagutzen zuela.

Zentzugabekeria hutsa zen halako zaldia urpean ipintzea.

—Ez dut nik ipintzen, zaldia bera dabil hor urpetik zehar.

Nik entzun egiten dut haren ferra hotsa, ikusten dut haren zurda itsas belarren artetik pasatzen, hortik zehar dabil bere koral moduko kolore gorriarekin...

Lucio hausnarrean geratu zen, arraioa!, zaldiaren irudia sartu zitzaion gogora. Denbora memelokeriatan galtzea ere! Besteari bizkarra ematekotan zegoenean, ederra litzatekeela pentsatu zuen. Ederra litzatekeela halako zaldi bat pasatzen ikustea, hitzezkoa balitz ere...

Hala ere, zertarako. Horixe, polita, baina zertarako!

—Ondo dago zuk imajinaziozko zaldi bat bilatzea, ogiaren bila ibili behar ez duzunez gero. Baina nik jatekoa eraman behar dut etxera. Nik lana egin behar dut.

—Behar dugu zaldia.

—Gehiago behar dugu ogia.

—Zaldia ere denek behar dugu.

—Nik nahiago dut ogia ikusi bizi dugun bizimodu txakur honetan.

—Ogiarekin ase ondoren, zaldia ere nahi izango duzu. Bi gose dira, ogiarena eta zaldiarena, biak beharrezkoak.

Zaldia arrantzatu ahal izango zuela otu zitzaion Luciori. Onuraren bat aterako ziola beharbada, ustekabean harrapatutako izurdeari bezala. Baina, ezetz esan zion besteak, koral zaldia ezin zela harrapatu, pasatu egiten zela bakarrik. Ikusgarria zela, hunkigarria zela pasatzen ikustea, baina ezer utzi gabe desagertzen zela.

—Eta uste duzu ahaleginak merezi duela pasatzen ikusteko bakarrik, desagertzen ikusteko bakarrik?

—Jakina merezi duela.

Eta halako batean Luciok ere ikusi zuen zalditxo gorria, belarrietatik buztanerainoko suak hartua bezalakoa….

Eta gauzei begiratzeko era ere aldatu zitzaion, beste gauza batzuk ikusten zituen. Eta itsasora otarrainen bat harrapatzera ateratzen zen arrantzale pobreak ere sentituko zuen harrezkero beste gose hori.

2018ko abenduak 1, larunbata

'GUILLESPIE'S DRUMMER SHOT DEAD'

Jakin nahi duzu zelan hil zen Chano Pozo? Ba, taberna honetan ohikoak ziren bai Chano eta bai Cabito, Harlemgo beste batzuetan ere ezagunak izango zirela imajinatzen dut. Luciano Pozo, Chano, kubatarra, danborjolea, Manteca doinuaren autorea, eta Eusebio Muñoz puertorricarra, marine izandakoa Gerra Handian, hargatik deitzen diote Cabito. Ez nintzen arren ez bataren laguna ez bestearena, hantxe barran nengoen, eta Chano ere hantxe zegoen Cabito heldu zenean. Marihuana gora eta belarra behera hasi ziren eztabaidan.

—Marihuanaren ordez oreganoa saldu zenidan, kabroia! —esan zuen Chanok.

—Jo eta hamabost dolar ostu zenizkidan erantzun zuen Cabitok. Dirua itzultzen ez badidazu, garbituko zaitut berehala.

Trufatu zen Chano:

—Neska bat ezagutu dut honanzkoan eta harekin gastatu dut diru guztia…

Kalera irten eta kanpoan jarraitu zuten eztabaidan. Handik gutxira, Chano bakarrik itzuli zen tabernara. Eta bi neskarekin solasean zegoen Cabito heldu zenean. Hau, 38 kalibreko pistola eskuan, tabernako atetik hasi zen tiroka. Bost edo sei tiro sartu zizkion Chanori gorputzera: paparrean, sabelean, bihotzean, ezkerreko birikan, gibelean eta barean.

Harlemgo Sydenham ospitalera eraman zuten, baina hilda heldu zen eta medikuak hamar eta laurdenetan sinatu zuen heriotza ziurtagiria. Atzo gertatu zen hori, osteguna, 1948ko abenduaren 2an, hementxe, Lenox kaleko Rio Café & Lounge tabernan. Badakizu bakoitzak bere erara kontatzen dituela gauzak. Hauxe bera ere beste batzuek igual bestela kontatu ahal dizute.

Abenduak 3

TELEBISTA

Marrazki bizidunak zortzi eta erdietan amaitzen dira, kalabazitarekin. Orduan, albistegia hasten da. Terrorismoa, bonbardaketak, lurrikarak, etxe eroriak, hildakoak kalean, umea kaletik zehar ihesean…

—Aita, hemen zeurekin bizitzen utziko didazu beti? esan dit Ainhoak neure magalean kuzkurtuz.

—Klaro, zer ba?

—Nik ez dut telebistan bizi nahi.

Abenduak 4

ALDERDIAREN ESKOLA PAREAN

Ezin saihestua txakurra, atzeko hankak altxatu ezinik errepidean, hezur hausturaren batekin, eserita, zerura begira, oso-osoan kolpearen zain, eta txundituta, abiada handian pasatu beharreko automobilak gelditu direlako, gogor balaztatuz lehenengoa, berrogei zentimetrora, gero bigarrena, eta hirugarren autoa, eta hala, abiada handian pasatu beharrekoak geldirik, eta zain denak, bata bestearen zain, hau da, txakurraren zain.

Auto ilara Hemingway Marinaren eta Alderdiaren Eskolaren artean, Habanaranzko aldean. Lau, bost, sei, era guztietako autoen ilara gero eta luzeagoa, gelditzeko agintzen duen bide-seinale bihurtutako txakurraren hilzoriaren aurrean.

Klaxon bat. Ezin altxatu den txakurraren intziria. Lehenengo autoko txoferra jaitsi da, eta, auzoko umea balitz bezala, besoetan darama txakurra bide bazterrera. Txakurrak ez dio ausiki egin. Gizonak espaloian utzi du animalia, Alderdiaren Eskolako harresiaren alboan.

Eta badoa auto ilara Miramarrerantz, badatoz beste batzuk ere abiadura handian. Giza abiaduraren lekuko pribilegiatua izango da txakur hori aldi batez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.