Koronabirusa

Mintzo guztiak ez dira berdin

Maskaren ondorioz, pertsona gor batzuek zaila dute ezpainak irakurtzea. Informazio falta ere salatu dute, azpidatzirik edo interpreterik ez dutelako izan. Eskubideen alde dabiltza lanean.

Asorna Nafarroako pertsona gorren elkartekoak, keinu hizkuntza egiten. I. U. / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Bularreko ekografia bat egitera joan zen Miren Segovia. Belarri bat lerro batez gurutzatuta ageri zen irudi bat zeraman berarekin, osasun langileei gorra dela adierazteko asmoz. Irudia erakutsi zuen, baina ez zion ezertarako balio izan. Zailtasunak izan zituen erizainekin erlazionatzeko, ez baitzuten elkar ulertzen. Ozenago hitz egiten zioten langileek, baina Segoviak ezin zuen ulertu zer esaten ari ziren: maskarak zeramatzaten jantzita eta ezin zituen ezpainak irakurri. Azkenean, lortu zuen zeladore batekin komunikatzea. Keinuen bitartez ulertu zuten elkar, ahotsa erabili gabe. Segoviak azaldu du ez duela inor epaitzen, eta ulertzen duela egungo egoera ez dela atsegina. Halere, nabarmendu du ezintasuna sentitu zuela: «Pertsona gorrekin jarduteko protokolo bat falta da, ez dituzte gure arazoak entzuten, gutxiengoa gara eta gure elbarritasuna ikusezina bilakatzen da».

Koronabirusaren ondorioz, zenbait pertsona gorrek salatu dute hainbat zailtasunekin egin dutela topo egunerokoan. Euskal Gorrak federazioak lanean dihardu haien eskubideen alde, eta bertako idazkari nagusia da Naiara Larrakoetxea. Adierazi du keinu hizkuntza ez dakiten entzuleekin komunikatu ahal izateko era errazena ezpainak irakurtzea dela, baina maskaren erabilerarekin ezin dela komunikazioa bermatu: «Ezin da espero era horretan guk ezpainak irakurtzea, baina badirudi ez zaiela beste auke- rarik bururatzen». Haren arabera, plastikozko maskarak baliagarriak izango lirateke ezpainak irakurtzeko trebezia handia dutenentzat, eta jakinarazi du maskaren ekoizpena ikertzen duen erakunde batekin harremanetan daudela. Hala ere, gaineratu du ez luketela sakoneko arazoa konponduko: «Ez da errealista pentsatzea ezpainak irakurriz komunikazio osoa lortzen dela. Egun, gutxienez, oinarrizko jarraibideak ezagutu beharko lituzkete guztiek; begien kontaktua mantentzea, adibidez».

Bada bestelako arazorik ez. Federazioko lehendakaria da Aitor Bedialauneta, eta azaldu du alarma egoeran gehienbat informazio falta salatu dutela. Ohartarazi du azpidatziak eta interpreteak ezinbestekoak direla gertatzen ari denari buruzko informazioa jasotzeko. Behin eta berriz saiatu ostean, lortu zuten beren aldarria gogoan izatea prentsaurrekoetan. Hala ere, esan du oraindik telebistako programazioan ia ez dagoela horrelako aukerarik. «Bi aukerak izan beharko lirateke eskuragarri, pertsona gor guztiok ez baitugu trebetasun bera ezpainak irakurtzeko edo keinu hizkuntzarako», adierazi du Bedialaunetak. Euskal Gorrak egiten ari den lana goraipatu du Segoviak, jardunean gogor ari direla erantsita.

Gabeziak estaltzen

Euskal Gorrak federazioa egunero dabil leku batetik eta bestetik heldutako informazioak moldatzen, komunitatea informatuta egon dadin. «Administrazioek eta erakunde publikoek uzten dituzten hutsuneak betetzen ari gara», azaldu dute. Haien arabera, ohituta daude irisgarritasun neurriak beteta ez egotera, baina nabarmendu dute momentu honetan osasuna eta bizitza jokoan daudela. Esate baterako, arreta keinu hizkuntzan jaso ahal izateko boluntarioen sare bat osatu dute. Segoviak, ildo beretik, Espainiako Gobernuaren jarrera salatu du. Haren ustez, interesen arabera jokatzen du gobernuak, eta interpreteak ere hala erabiltzen ditu; hauteskundeetan, adibidez. «Halakorik gerta ez dadin, eta nahiz eta gorrak izan, entzun gaitzaten, agintariak nekatu arte protestatu behar da».

Larrakoetxeak ere aldarria izan du gogoan. Azaldu du salbuespeneko egoera bat dela, eta komunikazioa inoiz baino gehiago zaindu beharko litzatekeela. Haren arabera, pertsona guztiek sentitu dute ziurgabetasuna, urduritasuna, beldurra eta kezka, besteak beste. Baina gaineratu du sentsazio horiek gorrengan nabarmenagoak direla, informazio falta dutelako, eta ondorioz, zaurgarriagoak direla. «Gizarteak ez luke onartuko albisteak beste hizkuntza batean jasotzea edo ezin ulertzea, baina gorrentzat horrela izatea onartzen da». Areago, nabarmendu du egoera okerragoa dela adineko pertsona gorrengan. Azaldu du batzuek bakartze bikoitza jasaten dutela, ez dutelako Interneteko sarbiderik edo familiekin komunikatzeko erarik.

Elkarteen lana

Segoviak azaldu du Euskal Gorrak federazioak Whatsapp bidez komunikatzeko aukera jarri duela pertsona gorren eskura, COVID-19aren sintomen inguruan galdetzeko, besteak beste. Larrakoetxearen arabera, elkarteak momentu honetan egiten ari diren lana ere baliotsua da. «Batzeko eta informazio trukatzeko leku bat dira. Gainera, sarritan, itxialdiak gizartearekin harreman sakonik ez izatea dakar guretzat», erantsi du. Halere, gaineratu du gizarte osoaren konpromisoa beharrezkoa dela, guztiek egin dezaketela urrats bat keinu hizkuntza edo gorrekin komunikatzeko baliabideak ezagutzeko.

Bedialaunetak sentsibilizazioa eta aniztasunarekiko errespetua nabari ditu faltan. «Gure hizkuntzarekiko eta identitatearekiko errespetua eskatzen dugu, eta kontuan har gaitzatela». Nabarmendu du 80 urte baino gehiago daramatzatela beren eskubideen alde borrokan, eta erakunde publikoekin elkarlanean, laguntza eta aholkularitza eskaintzen. Segoviaren arabera, gizarte osoaren konpromisoa beharrezkoa da, baina uste du kasu bat alboan izan ezean sekula ez direla gogoratuko pertsona gorrek dituzten arazoez. «Izan daiteke norbaitek enpatia izatea, baina soilik elbarritasun arazo hau dugunok borrokatzen gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.