Korsika. Presoak

Parisen marra gorria

Associu Sulidarita elkarteak sostengua ematen die preso politikoei. Haren iritziz, irtenbidea argia da: «Lehenik hurbiltzea, eta gero amnistia».

Parisen marra gorria.
ander perez zala
Ajaccio
2018ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Yvan Colonna ezingo da Korsikako kartzela batean izan. Ez, behintzat, oraingoz. Izan ere, astelehenean Frantziako Estatu Kontseiluak erabaki zuen, hamaikagarrenez, bereziki zaindu beharreko preso estatusa (DPS) izaten jarraituko duela. Colonnak helegitea aurkeztu zuen estatus hori ken ziezaioten, Bastia hegoaldeko Borgu kartzelara joateko (Korsika) eta etxetik hurbilago egoteko. 2003az geroztik, kontseiluak urtero errepasatzen du DPS estatusa kendu ala ez, baina ez du inoiz aldatu erabakia. Kontseiluak argudiatu du «arrisku» bat dagoela: presoak aukera hori balia lezakeela ihes egiteko, eta horren ondorioz erabaki duela estatus berarekin jarraituko duela. Arlesen dago preso, Frantzia hegoaldean. Bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zioten, 1998an Claude Erignac prefeta hiltzeagatik. Colonnak beti ukatu du hala egin zuela. Haren abokatuaren iritziz, kartzelatik ateratzea eragotzi nahi diote presoari: hiru urte barru, 2021ean, espetxetik ateratzeko aukera irekiko zaio. Orain, haren abokatuak iragarri du Europako Giza Eskubideen Auzitegira joko duela.

Frantziako Justiziarentzat, Colonna eta beste hainbat preso «terroristak» dira; mugimendu nazionalistarentzat, berriz, preso politikoak, eta beren aldarrikapen historikoetako baten parte: amnistia eta hurbiltzea. Gilles Simeoni Korsikako presidenteak eta Jean-Guy Talamoni Korsikako Legebiltzarreko presidenteak aldarri hori eraman zuten Parisera, baina Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak atea itxi zion, gurutzatu ezin den marra gorri bat delakoan. Ikusteko dago zein izango den Emmanuel Macronen jarrera, baina ez dirudi bestelakoa izango denik.

Amnistia, hurbiltzea, biak?

«Amnistia adostea posible da: halako kasuak izan dira François Mitterrand eta Jacques Chirac presidente zirela, baina egun, gure ustez, oso zaila da halakorik lortzea», adierazi dio BERRIAri Sebastian Sbraggia preso ohiak eta Associu Sulidarita elkarteko presidenteordeak. Sbraggia 1998tik 2003ra egon zen kartzelan, gazte nazionalista bat hiltzea egotzita; errugabea zela adierazi zuen hainbatetan, eta 2004an ebatzi zuten errugabea zela. «Gatazkak irtenbide politiko bat behar du, eta amnistia horren parte da. Horren alde ari gara lanean sortu ginenetik».

Associu Sulidarita preso politikoei sostengua ematen dien elkartea da. Besteak beste, hilero 200 euroko diru laguntza bidaltzen diete presoei, eta babes juridikoa ematen diete behar duten bakoitzean: esaterako, abokatuak kontratatuz. Presoen familiei ere laguntzen diete: akordioa lortu zuten AirCorsica konpainiarekin, eta bidaia batzuk doan egiteko aukera ematen diete senideei, edo, beste batzuetan, merkeago egitekoa. «Eskertzekoa da. Orain, preso gutxiago daude, eta aukera gehiago dugu bidaiak doan egiteko. Hala ere, ezin gara kexatu, bidaiak merkeago baititugu».

Elkarteko familia batzuk Macronekin izan dira jada; ez, ordea, Frantziako presidente denetik. Presidentegai zela, Korsikan izan zen Macron, eta orduan adierazi zuen Frantzian ez zegoela preso politikorik; halere, itxaropen «pixka bat» sortu zuen senideengan, presoak hurbiltzeko aukera zabalik utzi baitzuen. Ez modu orokorrean, kasu bakoitzaren arabera baizik; hain justu, euskal presoekin egiten ari den moduan. «Ez da hori guk nahi duguna. Gure jarrera bera izan da beti: lehenik hurbiltzeak, eta gero amnistia. Baina egoera blokatuta dago; espero dut gure ordezkariak gai izango direla negoziazioetatik emaitza baikorrak lortzeko».

Egun, Korsikako 11 preso politiko daude: hiru Bastian, eta gainerakoak Frantzian, Paris inguruko kartzeletan, Colonna izan ezik.

Sbraggiaren iritziz, egungo gobernuak ez du eztabaidarako borondaterik: «François Hollande aurreko presidenteak esan zuen preso guztiak ekarriko zituztela Korsikara, eta ez da halakorik gertatu. Orain, ez dakit zer pentsatu; ez dut asko espero Macronengandik, haren adierazpenak ikusita».

Korsikako kartzelak

Parisentzat Korsikako kartzelak «seguruak» ez izatea da beste arrazoi bat presoak ez hurbiltzeko; izan ere, han egonda, presoekespetxetik ihes egiteko aukera izango omen lukete. «Ergelkeria iruditzen zait hori. Han hiru preso daude, eta ez da arazorik izan. Batzuetan, badirudi Frantziako Estatuak nahiago duela gatazka armatuari eutsi, eta damutu egin dela FLNCk hartu zuen erabakiaz».

Elkartea ere justiziaren jomugan dago. Franck Paoliri lagundu izana leporatu diote Katty Bartoli presidenteari, Paoli ihesean zegoenean. Paoli behin-behinean dago preso, iazko irailetik, Paris inguruko Fleury Merogiseko kartzelan. «Horrek erakusten du oso zaila dela irtenbide bat lortzea; ezin diete horrelako erabakiei eutsi», Sbraggiaren ustetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.