20. Korrika. Tolosa-Orio

Elkarlanerako zero kilometroa

Santiago zubia elkarrekin igaro dute euskalgintzako eta instituzioetako ordezkariek, lankidetzan egin beharreko bidearen ikur. Gipuzkoan sartu da Korrika, eta jende multzo handiak bildu dira herriz herri

Jendetza bildu zen atzo lasterketara; irudian, Hernani. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Hendaia
2017ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Ez da izan Korrikaren hasierako kilometroa, amaierakoa ere ez, baina bai hasiera izan nahiko lukeen kilometroa. Zero kilometroa. Euskalgintzako ordezkariak eta Euskal Herri osoko instituzioetakoak elkarrekin izan ziren Korrikan atzo arratsaldean, Santiago zubian, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan, Hendaia eta Irun artean. Euskara biziberritzeko bidean elkarlanak duen garrantzia irudikatu nahi izan du kilometro sinboliko horren bitartez AEK-k —haren ekimenez bildu dira—. Argazkia eginda, benetan norabide horretan sakontzeko eskatu dute.

Seigarren eguna atzo. Gipuzkoara sartu zen Korrika. Nafarroan eman zuen gaua. Besteak beste, Arribetik pasatu zen Korrika, eta Juan Gorriti artistari kasu egiteko baliatu zuten; harena da Korrikan orain darabilten lekukoa, eta, hori eskertu nahi izan zioten. Gorritik oroigarri bat eman zien furgonetako kideei, eta olerki bat ere irakurri zuen. 06:00 inguru ziren.

Lizartzatik barrena sartu zen Korrika Gipuzkoara, eta Tolosan zen aurki. Jendetza handia bildu zuen. Baita hurrengo herrietan ere: Andoainen —BERRIAko langileek kilometro bat egin zuten, eta Martin Ugalde kultur parkean ere sartu zen lasterketa—, Hernanin, Errenterian... Eskola umeak asko, eta bestelakoak ere bai. Errenterian, adibidez, 13:00 aldera sartu zen lasterketa, eta kale bazterrak leporaino bete ziren Korrikarekin. Oiartzunera handik, eta Hendaiara (Lapurdi) heldu ziren ondoren.

Muga, zubi bihurtua

Ibilbidean bazen gorriz markatutako kilometro bat Hendaian: azkena. Gipuzkoarako mugako kilometroa, 1.198.a. Mugaren arrastoak baziren lasterketa iristerako: Irundik Hendaia aldera, Frantziako Poliziak zuen kontrola ezarria, eta inguruan militarrak ere baziren; Hendaiatik Irun aldera, kontrola Guardia Zibilak ezarri zuen, Korrika iristeko minutu gutxi falta zirela. Zubiaren bi aldeetan hori.

Hendaiako zatian bilduak ziren erakundeetako eta euskalgintzako ordezkari ugari. Instituzioetatik, esate baterako, han ziren Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako sailburua, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko kontseilaria, Mathieu Berge EEP Euskararen Erakunde Publikoko presidentea eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia; Arabako eta Bizkaiko diputazioetako ordezkariak ere baziren. Euskalgintzaren ordezkari gisara, Kontseiluko zuzendaritza osoa elkartu zen, Paul Bilbao idazkari nagusia buru —BERRIA Taldeko arduradunak ere joan ziren—. Eta haiekin batera, baita herritarrak ere, esanahi handiko kilometroa izaten baita beti Santiago zubikoa.

Areago atzokoa. «Zubigintza irudikatu dugu». AEK-ko koordinatzaile nagusi Mertxe Mugika pozik da irudiarekin. «Esangura berezia du: euskararen lurralde osoko eragileak daude, administraziokoak eta gizarte eragileetakoak». Antzeko iritzia dute parte hartzaileek. Gizarteari begirako mezua dela dio Olano ahaldun nagusiak, adibidez: «Helarazi dugu liskar politikoa alde batera utzi behar dela eta euskarak batu egiten gaituela». Batasunaz aritu da Josu Labaka ere, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakaria: «Zatitzen gaituen zubiaren gainean egin dugu lasterka elkarrekin. Euskarak batu egiten gaituela erakutsi dugu».

Euskara biziberritzeko bidean ziklo aldaketa datorrela, testuinguru horretan iritsi da 20. Korrika. Aldaketaz mintzatu da Berge ere, EEPko presidentea: «Euskal Elkargoarekin une historikoa bizi dugu. Adostasuna eraikitzeko bidean beste pauso bat izan da kilometro hau». Instituzioetan beste aldaketa bat izan da, Nafarroako Gobernua Euskadi-Akitania euroeskualdean sartu baita. Horri erreparatu dio Ollo kontseilariak: «Elkarrekin lan egin behar dugu: bai administrazioek elkarren artean, bai gizarte eragileekin ere».

Adostasunaren bidean

Aurtengo Korrika «adostasun aldarriz» iritsi dela nabarmendu du Zupiria sailburuak. «Herritarren atxikimendua eta kontsentsu politikoa giltzarriak izan dira orain arte, eta hori handitzea da erronka». Egunerokoan horretan sakontzea aipatu du Bizkaiko Euskara zuzendari Ana de Castrok: «Denak txalupa berean aritzea». Bide beretik, Arabako Euskara diputatu Igone Martinez de Luna: «Egunez egun landu beharrekoa da. Elkarlanerako bideak badaude». Pausoak nabari ditu Jean Baptiste Coyos euskaltzainak ere —akademiaren ordezkari izan zen atzo—: «Harremanak indartzen ari dira gero eta gehiago».

Erlazioak sakontzearen ikur, eskuz esku egi zuten Korrika atzo, elkarri lekukoa pasatuz. Kilometro hasieran eta amaieran, bi euskara ikaslek eraman zuten lekukoa. Aldez alde hartu zuten Irun alderako bidea, eta, izatez, Korrika bazetorrela ohartu zirenean, presaka-presaka kontrola kendu eta alde egin zuten guardia zibilek.

Irribarretsu osatu zuten kilometroa. Eta orain? «Argazkiak jarraipena behar du. Bada garaia ziklo berria hasteko: adostasunekin eta desadostasunekin, baina konplizitatez», nabarmendu du Bilbaok. Labakak dio «benetako urratsak» egiten hasi behar dela. Euskalgintzaren eta erakundeen arteko lankidetzaz aritu da Olano: «Zubiak indartzeko unea da: agenda bat adostu behar dugu». Gisa bereko aldarria egin du Mugikak ere: «Eman dezagun pauso bat politika publikoetan. Hitzetatik aurrera pasatu behar dugu». Hurrengo Korrikarako norantza hori adostuta edukitzea, erronka jarri du AEK-k. «Batzuk gehitzeko, guztion beharra daukagu».

Korrikalariak gehitzen jarraitu zuen arratsean Korrikak. Donostiara sartu zen 18:45 aldera, eta erdialdera 21:00 ondoren iritsi zen. Auzoz auzo bildu zuen jendetza handia Korrikak, eta erdialdeko kilometroetan eragile ugarik parte hartu zuten. Euskara ikasteko doakotasunaren aldeko kilometroa ere izan zen, beste hiriburuetako gisan. Donostiakoak eginda, Urola Kostara abiatu zen Korrika.

Zazpigarren eguna gaur. Bizkaian izango da Korrika. 10:20an espero dute Ondarroan. Lekeition izango da bazkalondoan, eta, tartean, besteak beste, kazetariek izango dute kilometroa. Arratsaldean, Gernika-Lumon izango da, 17:30etik aurrera; Gernikako arbola inguratuko dute lekukoarekin. Atzera kontua hasia da: bost egun Iruñean lekukoa zabaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.