urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Indigenak

2019ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Badoa urtea eta badoa hamarkada, eta hamarkada berrian hizkuntzek berriz ere garrantzia izango dutela dioskute. Unescok hizkuntza indigenen urtea izendatu duen 2019 honetan, hilero hizkuntza bi hil ei dira, aste birik behin bat. Eta auziaren garrantzia ez dadin urte bakarrean gera, 2022tik 2032ra bitarteko hamarkada ere hizkuntza indigenen aldekoa izendatu dute.

Aipatu izan dut gaiak zer-nolako kontraesanak pizten dizkidan. Gertatu izan zait nazioarteko kongresuren batera bestelako interes eramandako lagunei, gai honetara iristean, hitza hartu behar zutela iriztea, eta euren txikitako mintzairaren edo euren herriko altxorren apologia egitea. Ustez sinpatia erakutsi nahi duten idazleak izan litezke, baina bizitza osoa daramate euren herriko hizkuntza hegemonikoaren eredu estandarrean idazten —eta hala egingo dute aurrerantzean ere—. Hurrengo idazlanetan honelako edo halako espresioak erabiltzea, ahozkotasunera edo euren eskualdeko hizkerara hurbiltzea ona izan liteke, baliabide bat gehiago beharbada, baina ez du zerikusirik hizkuntza gutxitu baten aldarrikapenekin eta normalizaziorako beharrizanekin. Are gehiago, ikuspegi sinboliko hutsean geratzean edo, are okerrago, sinpatia exotikoa lantzean, ez zaio inolako mesederik egiten bultzatu gura den hizkuntzari.

Joan den astean irakurtzen genuen Ipar Euskal Herriko ume gehienak, 2019an bertan, euskaraz ezer jakin gabe zihoazela eskolara, eta eskolak ere ez ziela euskaraz ezer ematen. Eta fokua zabaltzen badugu, gabezia horiekin guztiekin hexagonoko egoerarik osasuntsuena daukala ikusiko dugu. Bretainiako Diwanek zein Okzitaniako Calandreta ikastetxeek Seaskako ikastolek baino ehunka ikasle gutxi batzuk gehiago dituzte; dozenaka, aldiz, lurralde handiagoa eta biztanle gehiago dituzten komunitateetan egonda ere.

Ekologismoaren aldaera soziala izan liteke hizkuntzei eutsi beharra. Baina ingurumenaren babesa eta hizkuntzena nekez konpara litezke. Batarentzako hartu izan diren neurriek ez dute balio bestearentzako, eta antzeko ahaleginek erreserba indigenak eta baztertutako komunitateen abiapuntu izan ohi dira. Ustez hizkuntzen alde esaten diren aditz gehienekin errezeloa izaten dut. Nik ez dut nire hizkuntza sustatu, bultzatu, babestu edo antzekorik nahi. Horrelakoez kezkatzen ez diren hizkuntzen taldean nahi dut nire hizkuntza. Ez espainola, frantsesa, ingelesa edo errusiera bezain erraldoi; islandiera, estoniera, letoniera edo esloveniera bezain txiki baina halaber indartsu baizik.

Neurean lasai biziz etxean, ingeles txukunez hemendik kanpo, eta inguruko erdarak ere ahalik eta ondoena, espainola, frantsesa, portugesa, okzitaniera zein katalana. Hegemonia neureak daukala. Horretarako, ezinbestekoa da orain hegemonia daukan hizkuntzak rol hori galtzea, nire hizkuntzak orain rol hori daukan hizkuntzari rol hori galtzea. Nirea hegemonikoa izango bada, espainolari hegemonia kendu eta hizkuntza gutxitu beharko du. Badakigu denok hala dela, baina ez dugu hain gordin azaldu gura.

BBCk erreportaje polit bat egin du egunotan skolt sami hizkuntzari buruz. Finlandiako bazter batean hitz egiten du II. Mundu Gerraren ostean Errusiatik joanda sami komunitate batek, eta, hamarkadetako gainbeheraren ostean, nolabaiteko biziberritzea du azken urteotan. 700 laguneko komunitatea da, eta erdiek dakite hizkuntza. Erreportajera itzulita, BBCk zioen «Europako herri indigena» bakarra zela, beste batzuetan egin izan duten legez. Eta sare sozialetan erantzun diete ea ez ote dagoen beste herri indigenarik, euskaldunak, esaterako. Niri, egia esan, ez dakarkit inolako harrotasunik titulu horrek; are gehiago, euskal nortasunari erantsitako beste zama bat gehiago ez ote den. Mundu osotik datozen euskal herritarrak euskalduntzeko izango da lotura garrantzitsuagorik. Baina eman diezaiogun indigena hitzari esanahi zabalagoa, onar dezagun hizkuntzek bizi behar dutela aldarrikatzeko bide bat direla.

Egunotako beste albiste interesgarria The Guardian-ek dakar, hizkuntza txikienetik handienera. Brexit-ak ingelesa ofizial daukan estatua Europako Batasunetik irtetea ekarriko duenez, zer gertatuko da hizkuntza horrekin Europako erakundeetan? Oraindik ere ingeles hiztun elebakarrak egongo dira, Irlandako ordezkarietako asko, hain zuzen ere. Baina detaile hori ahaztuta, panorama interesgarria dakar, ingeles estaturik eta ingeles «indigenarik» gabe, hizkuntza horrek benetako zubi rol har baitezake. Eskandinaviar eta nederlandarren ingeles perfektutik, espainiar eta frantsesen hala moduzko eta eripurdikora, bere gabezia eta artifizialtasun guztiekin —zeinen ezaguna ezaugarri horiek, ezta?—, Nigerian edo Indian hartu duen rol bateratzailea izan dezake. AEBetatik eta Erresuma Batutik bereizitako ingelesa, norbere etxean bere hizkuntzan bizitzeko oztoporik ez dakarrena eta Europan elkar ulertzeko balio duena. Eta, erdibidean, inposatu nahi zuten erdara handi horiekiko menpekotasuna murrizten dutenak, haien hegemonia kentzeraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.