urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Bidaiak eta traolak

2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Azken urteotan egin legez, ea gaur igandea ere artikulua idatziko nuen galdetu zidaten. Jende asko oporretan doan sasoia izanik, neuk ere atseden hartuko ote nuen. Aste Santuko oporrak, badakizue, oraindik ere ia mundu guztiak darabilen terminologiari jarraiki, laikoenak ere ez du esaten udaberriko oporrak gurean. Kazetari katalan bati ez liokete galdetuko Diada egunean artikulua argitaratuko ote duen, ez eta kurdu bati Newroz jaiaren bezperatan. Baina gure egun nazionala urardotu samar onartu beharko dugu, iraganeko debeku eta sakrifizioen memoriak eutsita doi-doi. Espainiako hauteskunde kanpainak bete-betean harrapatzen badu data, are lausoagoa dirudi datak.

«Lekuen hotsak ere mudatu egiten dituzte, tarra-tarra, maleten gurpil soinuaz» idazten zuen herenegun Andoni Egañak turistei buruz —bere buruari turista izaera ukatu, hori jende mota batentzat delakoan eta «bidaiari» deitzen diona, turistetan snobena da—, oso ikuspegi berezi bat hartuta: turista doan herriko biztanlearena. Duela urte asko egun batzuk egin nituen postaletako harea zuririk ez hotel handirik ez dauzkan Karibeko uharte batean. Dominika uhartean karibe edo kalinagu indigenek erreserba txiki bat daukate, tamalez hizkuntza duela mende bat galdu bazen ere. Beste batzuk irlaren erdiguneko altxor naturalen bila iristen dator, eta azkenik, kruzeroetako bidaiaria dago. Aztoramendu eguna izaten zen kruzeroa hiriburu txikiko portura sartzen zenean, Martinika edo Guadalupe edo Antigua atzeran utzita. Taxilariak moilan metatzen ziren, herritar batek baino gehiagok eguneroko arropak erantzi eta alkandora koloretsuak eta marakak eta zumitzezko txanoak janzten zituzten, antillarrez mozorrotzen ziren egungo antilatarrak.

Garifuna haien arrastoen atzetik, Saint Vincent uhartera ere iritsi nintzen, iparraldean badira oraindik britainiarrek Amerika Erdialdera deportatu ez zituzten garifuna bakanen ondorengoak. Uharteak harro saltzen zuen halaber Karibeko Piratak filma euren lurraldean filmatu zutela. Baina hori guztia aski ez, eta Grenadinetan harea fineko irla mordoxka izan arren, Saint Vincent-eko hareatzak beltzak direnez—harro altxatzen den Soufriere sumendiaren eraginez— hondartza bat harea zuriz estaltzea erabaki zuten, hala turista gehiago etorriko zirelakoan.

Batzuk ahalik jende gehien erakarri guran, eta turistak jatorrizko nortasunaren bila. Geroz eta gehiago dira ohiko bideetatik urrunduta bidaiatu nahi dutenak, euren asmo soilak ezohiko bide hori turistiko bihurtzen dela jabetu gabe. Nortasuna bera plastikozko bihurtzen da kanpokoaren neurrira egokitzeko antolatzen denean. Eta ez dut ezer ikuskizun turistiko baten aurka: Ekuadorko Amazonian «benetako» xaman bat ikustera eraman gura gintuen ostatuko nagusiak, emakume kooperatiba batek antolatutako erakustaldia turistikoegia zelakoan. Ohiko turistaren—ohiko turiston— denbora parametroetan ezinezkoa da ezer autentikoa izatea, berariaz guretzat eginda, ia ia ahaztuta ere transakzio ekonomikoa dagoela tartean. Denbora baita horretarako gakoa, geuk egingo genukeen legez: denboraren poderioz lagun egin dugun norbait, bere denbora eman digun adiskidea, gonbidatu genezake, konfiantza hartuta, gure eremu intimoarekin lotutako zerbaitera. Dirua dakarren eta gaur hemen eta bihar batek daki non egongo den bidaiariari, bere sosaren neurriko esperientzia proposatuko diogu.

Badira, bistan da, parametrook apurtzera jotzen dutenak. Palau uharteak tasa turistiko handia jarri zuen, turista gutxi eta dirudunak izata hobe zela ebatzita, sos gutxiko turista asko baino. Hurbilago, Faroe uharteek ere etena ezarri dute datorren astebururako: «Konponketetarako itxita» egongo dira mundu guztiarentzat, bideak garbitzeko eta irlak txukuntzeko joango diren ehun boluntariorentzat izan ezik. Milaka lagunek eman dute izena urtero egin asmo duten itxiera berezi honetarako.

Gurean instagram sare sozialerako lekuak sustatuko zituztela jakinarazi ziguten Euskal Autonomia Erkidegoko agintariek urte hasieran. Geroz eta gehiago dira, horratik, lekuaz gozatzera eta «ezinbesteko» argazkiaz ahaztera gonbidatzen dutenak. Venezia edo Paris izan litezke, baina argiena Austriako hiriburua izan da ziur aski: hashtag edo traolarik gabeko bisita proposatu dute, lelo argi batekin: «Welcome to Vienna. Not #Vienna» (ongi etorri Vienara, ez #Viena-ra). Zein leku ederrean gabiltzan munduari erakusten, zeinen leku ederrean gabiltzan eta, batez ere, zeinen gustura gabiltzan ahaztu baitzaigu. Aberri Eguna antipodetan ospatzeraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.