Mira

Haurtzaroaren museo interaktiboa

WASHINGTON (AEB). 2020-07-20. Bisitari bat Edgar Degas artista frantziarraren Hamalau urteko dantzari txikia eskulturari begira, National Gallery of Art-en. Bisitarientzat ireki berri dute. MICHAEL REYNOLDS / EFE.
Aintzane Usandizaga.
2020ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
— Ez izan presarik...

— Ez al nauzu oroitzerakoan sobera edertzen? Preziosismo gehiegirekin gordetzen? Beti diozu gustura bueltatuko zinateketela hona, baina... Oroitzen al duzu bene-benetan zer zen haurra izatea? Gogoratzen zara zenbateraino luze zen ordu bat gurasoak zure bila noiz etorriko esperoan, hamabi urterekin? Zer zen arratsalde bat supermerkatuan seirekin? Zer hurrengo urtebetetzerako egunak zenbatzen egotea bost urte betetzeko? Oroitzen duzu zer zen zure gorputzarentzat nerabe izatea?

Mundu oso bat ikusten dut nire inguruan, esku-eskura. «Aukera guztiak zabalik...», esatea gustatzen zaizuen moduan. Baina ezin haiengana heldu. Dena hartu nahi nuke, ukitu, probatu, salto, korrika egin... baina ez dut nik erabakitzen zer noiz eta nora. Tope egiten dute nire atzamarrek behin eta berriz. Beti dago muga bat, traba bat. Debekua. Ez ikusiagatik nabarmen sentitzen duzuna. Eta ez okurritu «zergatik?» galdetzea. Nire «zergatik?» horixe da mundu honetan gehien ernegatzen zaituena.

Badirudi guztiek niri ihes egiten didan zerbait dakizuela... Nigan edo nire parean ulertzen ez dudan zerbait ikusten duzuela... Begiak erdizka itxi eta barre txepel hori egiten duzue orduan, zuen arduragarrantzitsuenpoltsak gogor eutsiz, «ulertuko duzu noizbait!» esanez bezala...

Nik orain ulertu nahi dut.

Eta bitartean hemen naukazue. Zain. Hazteko zain, zer jan nahi dudan aukeratu ahal izateko zain, gauez ateratzeko baimenaren zain, ulertzeko zain... zain... zain...

Noiz arte da bat haurra? Hamalau urterekin haurra naiz oraindik? Eta duela bostehun urte? Haurra izango al nintzen? Zer da haurra izatea? Nora iritsi behar dut?

— Ez izan presarik hori jakiteko... Nik ere ez dakit. Nora iritsi behar den jakitean amaitzen zaio bati heltzeko grina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.