Zientzia

Euskal LatinoDNAmerika

Euskaldunen artean oso zabalduta dagoen Y kromosoma bereizgarri bat, DF27, ohikoa da Latinoamerikako bost herrialdetako herritar mestizoetan ere. Emaitzak bat datoz euskaldunek Amerikaren kolonizazio garaian izan zuten protagonismoarekin. EHUko Biomics taldeak egin du ikerketa.

Euskal LatinoDNAmerika.
jakes goikoetxea
Gasteiz
2019ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Euskaldunek Amerikaren kolonizazioan eta kolonizazio osteko ustiaketan eta merkataritzan parte hartu zuten. Eta, han utzi zuten arrastoaren barruan, arrasto genetikoa ere badago. Latinoamerikako zenbait herrialdetako herritarren DNA (azido desoxirribonukleikoa) aztertuz gero, euskaldunetan ohikoa den Y kromosoma mota bereizgarri bat aurkitu daiteke: DF27. Arrastoa handia da: DF27ren maiztasuna %30 ingurukoa edo %30etik gorakoa da Kolonbiako, Panamako, Nikaraguako, El Salvadorko eta Guatemalako herritar mestizoetan. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Gasteizko Biomics ikerketa taldeak egin du azterketa, Marian Martinez de Pancorbo buru. Forensic Science International: Genetics Supplement Series argitalpenean kaleratuko dute.

Y kromosoman oinarritu dute ikerketa. Gizakiek 23 kromosoma pare eduki ohi dituzte zelula bakoitzean, 46 guztira: gizonek, 22 XX bikote eta XY bikote bat, 23.a; emakumeek, aldiz, 23 XX bikote, Y kromosomarik gabe. Kromosomen erdiak aitarengandik jasotzen dira, eta gainerako erdiak, amarengandik. Gizonen kasuan, aitarengandik jasotzen dute Y kromosoma, kromosoma sexuala deitutakoa.

Biomicsen «oso interesatuta» daude euskaldunek munduan utzitako arrasto genetikoa ikertzen. Kaleratu berri duten azterketarako jada eskura zeuzkaten laginak erabili dituzte. Latinoamerikako ikertzaileek Euskal Herrira ekarritako laginak dira. Lehen beste markatzaile batzuk ikertzeko baliatu izan dituzte; orain, ordea, DF27ren arrastoa aztertzeko.

Euskaldunen arrasto genetikoa oso handia da Kolonbian. Euskal arbasoak dituztenen portzentajea %35ekoa da Biomicsek aztertu dituen laginetan, eta %37,21ekoa 1.000 Genoma nazioarteko proiektuaren laginetan.

Emaitzak Oscar Alvarez Gila EHUko Historia doktorearekin kontrastatu dituzte, Historia fakultatearekin elkarlanean aritu baitira. Alvarez Gilaren arabera, datuak logikoak dira, Cartagena de Indias Kolonbiako hiriko portua baitzen Espainiaren eta Amerikaren arteko salerosketen porturik garrantzitsuena XVI-XVIII. mendeetan. Zenbat eta harreman komertzial handiagoa, orduan eta euskal arbasoen arrasto genetiko handiagoa.

«Horrek ikerketa sendotzen du», Martinez de Pancorboren iritziz, «historiak eta genetikak bat egiten dutelako, eta horrek erakusten duelako emaitzak fidagarriak direla». EHUko Biologia Zelularreko katedraduna, EHUko DNA Bankuko zuzendaria eta Biomicseko ikertzaile nagusia da Martinez de Pancorbo.

351 lagin propio

Herritar mestizoen DNA laginak aztertu dituzte; hau da, arbaso europarrak eta amerikarrak dituztenenak. Indigenenak ez, «haien haplotaldea ezberdina baita». Listuaren edo odolaren bidez jaso dute Y kromosomako informazio genetikoa. 60 kolonbiarren laginak aztertu dituzte, 53 panamarrenak, 165 nikaraguarrenak, 29 salvadortarrenak eta 44 guatemalarrenak. Biomicsen emaitzak bat datoz 1.000 Genoma proiektuko datu baseko laginetakoekin.

Euskaldunen arrasto genetikoa ikertzeko asmoak ez dira bukatu. Amerikan bertan, Argentinako laginak aztertu nahi dituzte, euskaldunen migrazioa oso handia izan baita han. DNA laginak badauzkate. Filipinetako arrasto genetikoa ere ikertu nahi dute.

Ikerketa DF27 haplotaldean oinarritu dute. Y kromosomaren kasuan, haplotalde bat da Y kromosoman mutazio edo aldaketa berak dituen mutil edo gizon talde bat. Guztiek dute arbaso komun bat aitaren aldetik, eta guztiek aitaren bidez jaso dituzte mutazio horiek.

Haplotaldeak lurraldeei eta eskualdeei lotuta egon ohi dira, lurralde edo eskualde berean bizi direnek bertako herritarrak bereizten dituen oinarrizko mutazioak izaten baitituzte. Era berean, erakusten dute haplotalde bereandauden gizakiak nondik nora mugitu diren.

Beraz, Y kromosoma ezberdinak, haplotalde ezberdinak, eskualde jakinen bereizgarri dira. «Logikoa da: eskualde batean bizi den banakoak mutazioa izaten du, eta haren ondorengoak uzten ditu aldaketa horrekin», azaldu du Martinez de Pancorbok. «Beraz, leku horretan maizago gertatzen da beste leku batzuetan baino. Munduko eskualde bakoitzak bere ezaugarriak ditu Y kromosomari dagokionez». Euskal Herrian oso zabaldua dago DF27 haplotaldea.

Gizonen eboluzioa eta mugimenduak aztertzeko, Y kromosoma aztertzen da. Emakumeena ikertzeko, berriz, zeluletako mitokondrietako DNA ikertzen da, informazio genetiko hori amek transmititzen baitute. Mitokondriako DNAn oinarritutako haplotaldeak ere badaude. Mitokondriako DNA baliatzen da lagin zaharren azterketa egiteko, Y kromosomak baino aukera gehiago eskaintzen baititu, eta Y kromosoma denborarekin asko degradatzen baita.

Zuhaitz erraldoia

Haplotaldeak zuhaitz batekin aldera daitezke. Pertsona bakar batetik abiatuta —lehen gizona eta lehen emakumea afrikarrak ziren— gizakien ibilbidearen historia osoa osa daiteke, zuhaitz erraldoi bat osatuz. Europako mendebaldeko jatorrizko haplotaldea R1b-M269 zen. «Eztabaida handia dago oraindik, batzuek uste baitute Europan sortu zela; besteek, berriz, Asiatik etorri zela».

Haplotalde horretatik, urteen eta mutazioen poderioz, adar berriak sortuz joan dira, adar horietatik adar gehiago, eta, Euskal Herriaren kasuan, DF27k berak ere baditu azpihaplotalde edo adar txikiagoak. «Baina, adar batera iristeko, adar horren aurreko guztietatik pasatu behar duzu. DF27 izateko, M269 ere izan behar duzu». Pertsonak, besteak beste, mutazio pilaketa bat dira.

Euskal Herrian ohikoa da DF27 mutazioa. Haren maiztasuna %70etik gorakoa da, Biomicsen 2017. urteko ikerketa batek erakutsi zuenez. Oso portzentaje altua da. Baita Aragoin ere (Espainia). Hortik kanpo, txikiagoa: Galizian, Kantabrian, Madrilen, Andaluzian, Katalunian... Azterketak egin zituzten Bretainian, Irlandan eta Frantziako zenbait lekutan ere, baina ia ez zuten DF27ren arrastorik aurkitu. «Beraz, pentsatu genuen jatorria hemen zuela, litekeena da Pirinioetan izatea», zehaztu du Martinez de Pancorbok.

Noiz sortu zen DF27 mutazioa? Biomicsen ikerketen arabera, duela 4.200-4.600 urte. Epe hori kalkulatzeko, DF27 dutenen Y kromosometan aztertzen dute ea bestelako mutazio batzuk dituzten. «Mutazio azkarragoak» deitu die Martinez de Pancorbok: leinu bat ezartzeko balio ez dutenak, asko aldatzen direlako, baina antzinatasuna kalkulatzeko balio dutenak. Kalkulu matematiko bat egiten dute: ikertzaileek badakite mutazioak denbora tarte jakin batzuetan, belaunaldi batzuetan, gertatzen direla, eta mutazio kopuruaren arabera kalkulatzen dute zenbat denbora pasatu den jatorritik gaur egungo aldaketetara arte. Zenbat eta zaharrago, orduan eta aldaketa gehiago.

Historiaurreko arrastoak

DF27ren kasuan, «nahiko berria da». Martinez de Pancorboren esanetan, orain kalkulu teorikoa historiaurreko arrastoetako laginekin alderatu nahi dute, ikusteko ea DF27rik aurkitzen duten ezarritako epe teorikotik kanpo. Orain arte ez dute aurkitu duela 4.200-4.600 urte baino zaharragorik. Horretarako, arrasto biologikoak behar dituzte. «Hezur horiek aztertuko genituzke. Arrasto dezente ditugu, eta 6.000 urtekoak ere badaude. Berez, epea ondo baieztatuta dago; kalkuluak fidagarriak dira, baina beti gustatzen zaigu DF27 behin betiko baieztatzea edo ezeztatzea historiaurreko aztarnetan».

DF27ren kasuan, fenomeno bitxi bat ikusi dute: badaude pertsona batzuk ez direnak DF27ren azpihaplotaldeetako kide; hau da, nolabait esateko, haien Y kromosomak duela lau mila urte bezala jarraitzen du. «Ez da arrazoizkoa», uste du Martinez de Pancorbok. «Ezin dut sinetsi duela lau mila urte bezala geratu direnik». Orain ikusi nahi dute ea benetan DF27 hutsak diren edo taldeak dauden haien barruan. Horretarako, azterketa genetikoak egin behar dituzte, eta, azpitalde berriren bat izendatzekotan, mutazio berak dituen pertsona bat baino gehiago aurkitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.