Migrazioa. Harrera Euskal Herrian. 

Bilbotarrek egin diete harrera

Beste eragile batzuekin elkarlanean, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak bazkariak eta afariak eskaintzen dizkie Bilbora iritsi diren migratzaileei. Arropa ere banatzen die. Kide batzuek euren etxeetan eman diete aterpe.

Boluntarioak, atzo, bazkaria banatzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko uztailaren 5a
00:00
Entzun

Bilboko Zabala auzoko plaza bat, 14:30 aldera. Saharaz hegoalderako dozenaka lagun daude, egonean. Bazter batean mahai bat atondu dute. Ura eta zukua daude edateko; paella eta sandwichak, jateko. Euretako askok ilara osatu dute. Azken asteetan Bilbora autobusez eta trenez iritsi diren migratzaileetako batzuk dira, jateko beste aukerarik lortu ez dutenetakoak. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak eta beste GKE batzuek eroaten dute janaria. Astelehenean hasi ziren, eta aste osoan egongo dira. Gauetan, afaria ere banatzen dute.

Yolanda Reclusa da plataformako kideetako bat. Banan-banan agurtu ditu. Ondo dauden galdetu die. «Norbaitekin berba egiteko beharra daukate». Guztiak gizonezkoak dira, eta gazteak. Ez dira eroso sentitzen kazetariak eta argazkilariak ikusita. Kalean jan beharra ere ez dute atsegin, eta atzo plazatik aparteago atondu zuten mahaia, intimitate handiagoa lortzeko asmotan.

Ez dute hitz egin nahi, baina euretako batek bere ibileren berri kontatzea onartu du azkenean. 22 urte ditu, eta Boli Kostakoa da. Patou du izena. Duela urtebete utzi zuen bere sorterria. «Bidaia oso gogorra izan zen, oso zaila». Hamabost egun da Bilbora iritsi zenetik. Denbora tarte horretan hainbat herrialde zeharkatu ditu. Aurrena hegazkin bat hartu zuen, Kamerunera joateko. «Familiek esfortzu handia egiten dute gazte hauek Europara etorri ahal izateko. Daukaten diru guztia inbertitzen dute askotan», azaldu du Reclusak. Nigeria, Niger, Aljeria eta Maroko igaro ditu, Gibraltargo itsasartera iristeko.

Saharako desertuan igaro ditu urtebete hau osatu duten hilabete gehienak. Beroa pasatu du egunez, hotza gauez. Gosea eta egarria. Nekea. Halako sentipenak ditu gogoan. «Oso gogorra izan da desertua zeharkatzea. Lapurretan etortzen zitzaizkigun». Marokon baso batean egin zuen egonaldia, txalupa hartzeko zain. «Jainkoari eskerrak, inolako arazorik gabe zeharkatu ahal izan genuen. Guztira 36 lagun ginen».

Almerian (Espainia) lehorreratu ziren. Gurutze Gorriak egin zien harrera. «Elkarrizketa bat egin ziguten. Dena apuntatu zuten. Hiru egun egin nituen han eta Bartzelonara bidali ninduten». Ez daki zergatik Kataluniara. «Eurek erabaki zuten. Han Bilborako autobus txartela eman zidaten». Ez du inor ezagutzen Euskal Herrian. Baina orain badu familia moduko bat.

Plataformako kide baten etxean hartu du ostatu, oraingoz. Bere ama berria dela esan du. Eta ama biologikoarekin eta familiako gainontzeko kideekin sarri egiten du berba. Lasai eta patxadatsu egin du kontakizun guztia, baita bideko gorabeherak gogoratu dituenean ere. Etxekoez berba egitean aurpegia argitu zaio; bi etxeetakoez. «Pozik daude ondo nagoelako, eta animoak ematen dizkidate». Eta hemengo ama berriaren bizimodura oso ondo moldatu da. Lanera lagundu du egunotako batean, eta hunkituta itzuli da lantokiko guztiek ere abegi onez hartu zutelako. «Esker onekoak dira denak, eta pozik daude egiten diegun harrerarekin». Bilbon geratu nahi du. Sorterrian batxilergo ikasketak egin zituen; Lanbide Heziketan hasi gura du, elektrikari izateko.

Patou ez da bilbotar baten etxean bizi den migratzaile bakarra. Udalak utzitako aterpetxean kabitu ez direnetako batzuk hiriko hainbat familiarekin bizi dira. Beste batzuk gimnasio batean hartu dute aterpe; koltxoneten gainean egiten dute lo. Eta badira kalean lo egiten dutenak ere.

Arropaz betetako biltegia

Otorduak emateaz gain, arropa eta garbiketa pertsonalerako produktuak ere banatzen dizkiete. hainbat GKEk biltegi bat dute Pablo Picasso kalean, elkarlanean kudeatuta. Catherine Verbruggen da han egoten diren boluntarioetako bat. Ongi Etorri Plataformako kidea da. Gogoratu du ikasturte hasieran ireki zutela. «Apurka-apurka hasi ginen. Hasieran, Zierbenako portuan dauden migratzaileei laguntza ematea zen lehen helburua». Gero etorri dira Errekaldeko pilotalekuan lo egiten zuten migratzaileak eta Bilboko beste hainbat lekutan gaua pasatzen dutenak.

Suzy Ndjon da beste boluntarioetako bat, eta egunotan lan mordoa izan dutela kontatu du. Biltegia lepo betea dute: oinetakoak eta arropa nahi beste ikusi daitezke bazter guztietan. «Oso pozik gaude bilbotarrek eman diguten laguntzarekin. Ez dugu ezeren faltarik, etengabe ari delako jendea gauzak ekartzen». Monica Bernabe getxoztarra da horietako bat. Atzo joan zen lehenengoz biltegira. «Gizonezkoentzako gerrikoak eta nektarina kaxa bat ekarri ditut. Atzo [herenegun] lagun baten mezua jaso nuen, hau hemen dagoela kontatuz, eta etortzeko beharra sentitu dut». Gehiagotan etortzeko asmoa duela esan du. «Herritarrok egin beharko dugu erakunde publikoek egiten ez dutena. Haiek modu eraginkorragoan antolatu ahal izango lukete harrera, baina beste interes batzuk dituzte». Hunkituta itzuli da etxera.

Eragileek esan dute harrera zentro bat behar dela, eta erakundeak ados daude

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.