Abortua El Salvadorren

Abortuagatik giltzapetuta

Imelda Cortez Palaciosek 20 urteko espetxe zigorra bete behar duen erabakitzeko jendaurreko saioa atzeratu egin dute berriz, zazpigarrenez. Espetxean dago 2017ko apiriletik. El Salvadorren, abortua debekatua dago edozein kasutan.

Zurine Rodriguez
San Salvador
2018ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Imelda Cortez Palacios etxeko komunean erditu zen, 2017ko apirilaren 17an. Arazoz beteriko erditzea izan zen, eta, odol jario handi baten ondorioz, konortea galdu, eta El Salvadorko Jiquilisco ospitalera eraman zuten. Cortezek ez zekien haurdun zegoela,ez baitzuen sintomarik, eta ez baitzuen aldaketa handirik nabaritu gorputzean. Medikuek haurdunaldi kriptikoa deitzen diote horri, eta uste baino ohikoagoa da. Artatu zuen sendagile egoiliarrak, erditu berri zegoela baieztatu zuenean, Poliziari deitu zion. Ordutik kartzelan dago, hilketa saiakera egotzita, eta Ministerio Publikoak hogei urteko kartzela zigorra eskatu du harentzat; defentsak, berriz, askatasuna. Herenegun zeukan jendaurreko auzi saioa, Usulutango epaitegian, baina atzeratu egin dute berriz ere — zazpigarrenez—, abenduaren 17ra arte, azken orduan Marisol Caceres de Roque fiskalak gaixorik zegoela esan zuelako.

Epaitegira joan ziren senide, lagun eta giza eskubideen defendatzaileek salatu zuten «defentsarako eta askatasuna berreskuratzeko eskubidea» urratzen ari direla.

Prozedura «normala»

Cortezi gertatutakoak ezohikoa dirudien arren, medikuek erabili zuten prozedura «guztiz normala da emakume batek abortu bat edo zailtasun obstetriko bat izaten duenean», azaldu du Maira Moisak, ACDA abortua despenalizatzeko herritarren mugimenduko kideak. El Salvadorren abortua erabat debekatuta dagoenez, osasun langileak Poliziari edo fiskalari deitzera behartuta daude. Gaur egun, emakumeei giza hilketa larria leporatzen diete, 30 urteko kartzela zigor eskaerekin.

Arlet Rivera aktibista trans-aren ustez, «El Salvador estatu feminizida bat da, eta emakumeok eskubiderik gabe bizirik irautera behartuta gaude». Cortezi babesa ematera joan zen Rivera herenegun, epaitegira. Berarekin batera, mugimendu feministako eta emakumeen elkarteetako ordezkariak egon ziren, luze, epaiaren irakurketaren zain. «Borroka eguna da gaurkoa [herenegun], egunero bezala, eta ozen erakutsi nahi dugu trans komunitatea Imeldarekin dagoela». Azken bi hilabeteetan, aktibista feministek behin baino gehiagotan deitu dute elkarretaratzera epaitegiaren aurrean.

Urduritasuna nabari da kalean, baina Alejandra Romerok, Cortez Palaciosen abokatuak, baikor jarraitzen du, hala ere. «Ez dago bere aurkako froga sendorik». Bi mediku txosten ditu alde. Lehenengoak baieztatzen du Palacios egoera larrian zegoela erditzean, eta bigarrenak alabaren osasun egoera ona zela. «Argi dago Imeldak ezin izan ziola laguntzarik eman bere alabari; hau da, ez dagoela homizidio saiakerarik». Fiskaltzak, gainera, ez du osorik kontuan hartu Cortezen egoera: aitaordearen sexu abusuak jasan zituen behin eta berriz. «DNA proba batek erakusten du Imeldaren aita dela haurraren aita, eta, hala ere, fiskaltzak lekuko gisa deitu nahi zuen».

Eskubideen ukazioa

Egun, 23 emakume daude herrialdeko hainbat presondegitan zigorra betetzen, guztiak hilketa larria egotzita. «Ez dago kondenarik abortatzeagatik; horregatik da hain zaila ulertzeko», azaldu du Maira Moisak. Normalean, prozedura judiziala abortuagatik hasten da, bi eta zortzi urte arteko kartzela zigor eskaerarekin, baina, instrukzioaren uneren batean, akusazioa aldatu eta giza hilketa larri izendatzen dute; ondorioz, kartzela zigorra 30-40 urtekoa izan daiteke. Zergatik gertatzen da aldaketa hori? Zigor kodeak ez duelako definitzen abortua zer den. «Anbiguotasun horrek ateak irekitzen dizkie gure gorputzak kontrolatzen dituztenei».

Horrela, erlijioaren eta osasun langileen zein Poliziaren aurreiritzi pertsonalak erabakigarriak dira. «Nahikoa da horiek esatea seme edo alabari kalte egiteko intentzioa zegoela, fiskaltzak ikerketaren hasiera agintzeko, homizidio larria egotzita», Moisak azaldu duenez. Kaltearen nahitasunak kasu «erabat kafkarrak» eragiten ditu. Hainbat emakume hamabost urterainoko zigorra betetzen ari da, baita erditze ostean haurrak bizirik zeudenean ere. «Egoera hain da muturrekoa, emakume batzuei hildakoa kartzelara joaten zaie bisitan: bizirik iraun zuten seme-alabak, alegia. Hildakoak hiltzaileak bisitatzen. Ez al da erokeria bat?».

Hori da Marinaren eta haren alaba Brizeidaren kasua. «Ni naiz bizirik iraun zuen haurtxoa», adierazi du Brizeidak, negarrari ekin bitartean. 17 urte ditu, eta Zuzenbidea ikasten ari da, abortatzeagatik kartzelatutako emakumeak defendatu nahi dituelako. «Oso zaila da ama gabe haztea, baina are zailagoa zure ama hiltzailea den estigmarekin haztea», azaldu du. Marina aske dago 2017tik. Indultua ukatu zioten, eta zigorra ordeztea lortu zuen. «Borroka egiten dut orain, gainerako kide guztiak kartzelatik atera daitezen eta emakumeok erabakiak libreki hartzeko aukera izan dezagun», argitu du, zapi berdea altxatuz.

Marinak, beste hainbat lagunekin batera, «askatutako emakumeentzat» antolatutako laguntza taldean parte hartzen du hilabetean birritan. Ana Aviles da taldea dinamizatzeaz arduratzen den gizarte langilea, eta ziurtasunez dio «guztiz beharrezkoa» dela «emakumeak osatu eta sendatzea», kasu gehienetan espetxe irteera oztopoz beteta baitago: «Batzuk ezin dira euren komunitatera itzuli, estigmarengatik; ezin dute lanik aurkitu, aurrekari penalak baitituzte, eta giltzurruneko zein bihotzeko osasun arazoak izaten dituzte hainbeste urtean kartzelan egoera lazgarrian egoteagatik».

Maria Teresa Riverak, aldiz, ezin du taldean parte hartu, bere herrialdetik milaka kilometrora bizi baita. Suedian dago orain, 2017an asiloa eskaini ziotenetik. Rivera espetxetik atera zen, zigor arloko prozeduran oker larriak egin zirela frogatuta. Aldiz, fiskaltzak errekurtsoa aurkeztu zuen, 40 urteko zigorra betetzeko kartzelatzeko eskatuz. Ihes egitera behartuta ikusi zuen bere burua. «Erbestetik ez dut diruz laguntzeko aukerarik, baina beharrezkoa den bakoitzean altxatzen dut ahotsa».

Gatazka, bake garaian

«Abortuaren egoera legezkoa ez da beti hain muturrekoa izan», azaldu du Moisak. Aurretik zegoen legeak abortua despenalizatu egiten zuen bortxaketa kasuetan, emakumearen bizitza arriskuan egon zitekeen egoeretan eta egoera terapeutikoetan. «Gatazkaren hasiera bake akordioen ondorengoa da». Orduan erabaki zen Zigor Kodea berritzea. Indarkeriak eta erailketek ezaugarritutako hainbat urteren osteko egoeraren ondorioz, eta sektore kontserbadoreen mobilizazio indartsuen eraginez, 1998ko Zigor Kode berriak delitu izendatu zuen abortua, Konstituzioan pertsona izaera ernaltze unetik identifikatuz. «Hor dago arazoa, enbrioia babesten da pertsona bat balitz bezala», esan du Moisak. «Estatuarentzat, emakumeok ernaltzeko bakarrik balio dugu», gehitu du Rivera aktibistak.

Giza hilketa larria egotzita epaitu dituzten emakume gehienek osorik bete dituzte kartzela zigorrak. Gainera, epaiketa gehienak arazo obstetrikoak edo haurdunaldian zailtasunak izan zituztenen aurkakoak izan dira, gehienetan euren erabakiz haurdunaldia eteteko ideia ere egon gabe. «Egoera konplexuagoa egiten duen beste elementu bat da», argitu du Moisak.«Preso dauden emakume askok abortuaren aurkako iritzia dute, eta zaildu egiten du artikulazio politikoa».

Abortatzeko eskubidea

Egungo legediak delituaren apologia ere aurreikusten du, bi urteko kartzela zigorrarekin. «Delituak sustatzeagatik atxilotzeko mehatxupean garatzen dugu gure aktibismoa», agertu du Sara Garciak. Abortuaren despenalizazioaren aldeko ACDA mugimenduko kidea da hori ere. Plataforma 2009tik ari da hiru ardatz lantzen: defentsa juridikoa, abortuari buruzko imajinarioaren aldaketa eta intzidentzia politikoa.

«Ez da erraza izan artikulatzea», baieztatu du Moisak. Hainbat hamarkadatan, abortua tabua izan da mugimendu feministaren barruan, jazarpenak eta kartzela zigorren beldurrak eraginda. Mugimenduan izan den belaunaldi aldaketak eta gerrako borrokalari ohien atzerapausoak eragin du abortuaz hitz egiteko giroa sortzea. «Gazteok abortuaren inguruan hitz egiteko beharra planteatzen hasi ginen, eta helduetako batzuek prozesu honetan lagundu gintuzten», azaldu du Moisak.

The New YorkTimes egunkariaren erreportaje batek espetxeratutako emakume baten identitatea argitara atera izanak behar hori areagotu zuen. «Kartzelan bisitatu genuen; abokatu bat bilatu, eta defentsaz arduratu ginen».

El Salvadorreko 17ak

Hasieran hiruzpalau aktibista ziren jarrera aktiboa zutenak. Oso kriminalizatuak zeuden, baina, egun, abortuaren aldeko mugimendua nabarmen hazi da. «Aldatzen ari da herritarren imajinarioa, eta Argentinatik datorren airea ere asko ari da laguntzen», esan du, esperantzaz, Sara Garciak.

2014an, abian jarri zuten 17en askatasunaren aldeko nazioarteko kanpaina, abortatzeagatik kartzela zigorrak betetzen ari ziren emakumeen indultua eskatzeko. Bi indultu bakarrik lortu zituzten, baina «kanpainak balio izan zuen nazioartean elkartasun sareak sortzeko», Sara Garciak berretsi duenez. Ordutik, ACDA erakundearen estrategia juridikoa da emakumeen askatasuna kartzela zigorren berrikuspenaren bidez lortzea, edo ordeztearen bitartez. 2016an, hiru emakume espetxetik ateratzea lortu zuten, eta 2018an, beste bost. Oraindik, ordea, 24 prozedura dituzte martxan.

Egitasmoa epaitegietan eta kaleetan dago. Irailaren 28an, Legezko Abortuaren Aldeko Ekintza Egunean, adibidez, ehunka emakumek San Salvadorreko kale nagusiak zeharkatu zituzten, eta alderdi politiko guztien egoitzetan geldialdiak egin. «Mugimendu guztia geunden. Betikoak, lurraldeetakoak, gazteak, neskatxak, lesbianak eta transak. Denak bat», kontatu du Arlet Riverak.

Alderdien ikusezintasuna

Latinoamerikan abortuaren alde eratu den testuinguruari eta kaleetan izan duen eraginari esker, El Salvadorko hainbat alderdi politiko pausoak ematen hasi dira: «Mugimenduak bai, baina aldaketa sakonik oraindik ez», azpimarratu du ACDAk. Lorena Peñak, FMLNko diputatuak, lau egoeratan abortua despenalizatzeko lege proposamen bat eraman zuen gobernura: bortxaketa kasuetan, amaren bizitza arriskuan dagoen kasuetan, malformazio kasuetan eta bortxaketen ondorioz haurdun dauden adingabeen kasuetan. «Oso proposamen ona zen, eta horren inguruan hasi ginen lanean. Frontearen proposamenean jarri genuen esperantza», esan du Sara Garciak.

Hasieran, ezkerrak jarrera bakarra zuen, baina Arena eskuineko alderdi nagusiaren barruko askotariko jarrerek bi jarrera sortzea eragin zuten. Batetik, bateratzailetzat hartu zenak, Johnny Wright moderatuarenak, bi egoeratan babesten zuen abortu eskubidea: amaren bizitza arriskuan dagoenean eta bortxaketen ondorioz haurdun dauden adingabeen kasuan. Bestetik, berriz, ultraeskuineko Velazquez Parckerren proposamenak espetxe zigorra 50 urtera luzatzea proposatzen zuen.

Parlamentuan zein kaleetan sortzen ari zen eztabaidaren erdian, hurrengo bozetarako deialdia egin aurretik, bozketa atzeratu egin zen, quorum faltagatik. Falta zirenen artetik esanguratsuena proposamenik aurrerakoiena egin zuen Lorena Peña FMLNko diputatua zen, egun hartan ez zegoen hemizikloan. «Eliza ebanjelikoaren presioak atzera bota zituen. Fronteak huts egin digu», azaldu du Riverak.

Hauteskundeen aukerak

Egun, abortuaren inguruko eztabaida geldirik dago, martxoaren hasieran egingo diren bozen atarian. «Orain da alderdi politikoak interpelatzeko garaia», azaldu du Sara Garciak. Joan den irailaren 28an, legezko abortuaren aldeko karabanan, eskutitzak eman zizkieten alderdi politikoei, abortuaren inguruko euren jarrera jendaurrean adieraz zezaten.«Gaia hauteskunde kanpainan sartzea lortzen badugu, arrakasta handia izango da, kaleetan gaia puri-purian baitago», esan du Garciak. Moisak, berriz, ilusioz begiratzen dio Argentinari, eta «Latinoamerikan indarrez zabaltzen ari den zapi berdeen mareari»; Riverak, itsasaldi horrek El Salvadorren izan dezakeen eragina irudikatzen duen bitartean, hala esan du: «Lehenago edo geroago, guk ere lortuko baitugu».

«Espetxean, pobreak gaude; aberatsak ez dira hona ailegatuko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.