Turkia. Istanbulgo alkatetatzarako bozak

AKPren nagusitasuna, pitzatuta

Imamoglu CHP alderdi laiko errepublikanoaren hautagaiak irabazi ditu Erdoganen eskariz Istanbulen errepikatutako hauteskundeak. Herrialdeko hiri garrantzitsuena galtzeak alderdi islamista astindu du

AKPren nagusitasuna, pitzatuta.
Igor Susaeta.
2019ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Iazko ekainaren 24an, AKP Justizia eta Garapena Alderdiak presidentetzarako eta legebiltzarrerako hauteskundeak gehiengo osoa lortuta irabazi zituenean, bazirudien Recep Tayyip Erdogan herrialdeko presidenteak bere neurrira eratu ahal izango zuela Turkia. Urtebete lehenago herritarrek konstituzioa erreformatzea onartu zutenez, eskuineko agintari islamistak sistema presidentzialista ezarri ahal izan zuen, baina, hamabi hilabete geroago, Istanbulgo alkatetzarako bozetako emaitzek AKPren nagusitasuna pitzatu dute. Ekrem Imamoglu CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoa alderdi laikoko hautagaiak irabazi zituen hauteskundeak herenegun; AKPren eskariz eta hauteskunde batzordearen onespenarekin errepikatu ziren, martxoaren 31koan «irregulartasunak» egon zirela salatuta. Eta Turkiako hiririk inportanteena galtzeak astindu egin du azken ia hogei urteetan herrialdeko alderdi hegemonikoa izan dena.

Emaitzen berri izan eta berehala, Erdoganek kiroltasunez onartu zituen, eta Imamoglu zoriondu zuen. Baina ez litzateke harritzekoa izango AKPren barruan mugimenduak egotea. Turkiako hainbat komunikabideren arabera, behinola alderdiaren buruzagitzako kide izan zirenetako batzuek beste alderdi bat sortzeko intentzioa dute. Ahmet Davutoglu lehen ministro ohiaren eta Ali Babacan Ekonomia ministro izandakoaren kasua da.

AKPko diputatu ohi Samil Tayyarren esanetan, alderdiak joan den maiatzaren 6an galdu zituen hauteskundeak. Izan ere, alderdiak egun hartan erabaki zuen Istanbulgo emaitzak inpugnatzea. 14.000 botoko aldea atera zion orduan Imamogluk Binali Yildirim alderdi islamistaren hautagaiari. Oraingoan, ordea, 800.000 boto pasakoa izan da —parte hartzea %84,4koa izan da—. Mustafa Yeneroglu AKPko diputatuaren ustez, «nagusitasun moralarekin» jokatzeagatik galdu dituzte hauteskundeak. «Itxaropena berreskura dezakegu baldin eta autokritika zintzoa egiten badugu. Horretarako, oinarrizko eskubideetan, botere banaketan eta arrazionaltasunean zentratu beharra daukagu». Herenegungo emaitzak kontuak hartuta, ikusteko dago Erdoganek aurreikusitako hauteskunde egutegiari eutsiko ote dion. Presidentetzarako eta parlamenturako bozak, berez, 2023an dira egitekoak, baina, horiek aurreratuta, alderdiak jasan dezakeen higadura saihesten ahalegindu daiteke iaztik estatuburu eta gobernuburu dena.



Higadura horren lehen zantzuak martxoaren 31ko udal hauteskundeetan nozitu zituen. Bi hiri garrantzitsu galdu zituen: Ankara hiriburua eta Izmir. Oraingoan, Istanbul 15 milioi biztanleko hiria izan da. Alderdi islamistak izan dira nagusi bertan azkeneko 25 urteotan, eta Erdoganek berak han eman zituen presidentetzarako lehen pausoak, alkate izan baitzen 1994 eta 1998 artean. «Istanbul irabazten duenak Turkia irabazten du», adierazi izan du behin baino gehiagotan. Esaterako, herrialdearen barne produktu gordinaren %30 biltzen du, eta, Imamogluk kanpainan salatu zuenez, islamistek hiriaren baliabide ekonomikoak «xahutu» dituzte azken urteotan.

Istanbulen garrantzia jakinik, Erdogan bera pertsonalki inplikatu zen martxoaren 31rako kanpainan. Imamogluren kontra aritzea izan zen, batez ere, bere zeregina. Gezurti deitu zion, eta leporatu «atzerriko agente bat» zela. Baina Imamogluk irabazi zuen, eta herrialdeko presidenteak beste portaera bat eduki du azken asteetan. Yildirim hautagaiaren bizkar utzi du pisu guztia, eta AKPren sortzaileetako bat izan zenak, 2016 eta 2018 artean lehen ministro izandakoak, ezin izan du inondik ere martxoan argi geratutako joera leheneratu. Adibidez, eskatu izan ziotenean argi zezala zergatik eskatu zuten hauteskundeak errepikatzeko, ez zen esplikazio argirik emateko gauza izan. AKPkoek argudiatu zuten hauteskunde mahaietako 225 presidente eta 3.500 kide ez zirela, legeak agindu bezala, funtzionario publikoak.

Beste profil batekoa

AKPk polarizazio soziala izan du xede, «gu edo haiek» moduko mezuak zabalduz. Imamogluk, berriz, bestelako bide baten aldeko hautua egin du. Alkate kargutik kendu zutenean, maiatzean, Dena ondo joango da izan zen aukeratutako leloa. Gorroto mezuak baztertu ditu, eta inoiz ez dio muzin egin AKPrekin hitz egiteari. Urtarrilean, esaterako, Erdoganekin batzartu zen, Istanbulen etorkizunaz hitz egiteko.

Gainera, CHP kemalistako beste buruzagi batzuen aldean, familia kontserbadore batean jaio zen, eta meskitara joan ohi da. Beraz, AKP=erlijiosoa, eta CHP=laikoa dikotomia hautsi du. Horregatik, zenbait sektore islamistetan begi onez hartu dute bere proposamena. «Zure bizilagunak ez badu zuk bezala pentsatzen, ez zaitez haserretu, besarka ezazu». Horixe izan da hainbatetan ahoratu duen esaldi integratzaileetako bat. Eta Istanbulen islamisten gotorleku izan diren barruti batzuetan gailendu da; esaterako, Beyoglun, Erdoganen jaiolekuan.

49 urte dauzka, eta, duela 11 urte CHPrekin bat egin zuen arte, eraikuntza enpresa batean lan egiten zuen. Azkeneko bost urteotan Istanbulen aldirietako herri bateko alkate izan da Beylikduzu herrikoa. Kudeatzaile eraginkorra izateagatik nabarmendu dute ingurukoek, eta Turkian esaten hasi dira bera izango dela CHPren hautagaia Turkiako presidentetzarako hurrengo bozetan.

Kurduak, Imamoglurekin

KCK Kurdistango Herri Konfederazioa pozik zegoen Imamogluren garaipenarekin. Ohar bat kaleratu zuen atzo, eta nabarmendu AKPk eta MHP Mugimendu Nazionalista Alderdiak osatutako «aliantza faxista» garaitu dutela Istanbulen. Gogoan izan zuen, gainera, lehengo astean Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdiko buruzagi espetxeratuaren izenean argitaratutako mezu bat. Ocalanek eskatzen zion HDP Herriaren Alderdi Demokratikoari —kurduak nagusi diren ezkerreko koalizioa— izateko «hirugarren bidea». KCKrentzat, mezu hori erabilita, AKPk «gerra psikologiko bat» sortu nahi izan du kurduen eta Ocalanen artean.

Sezai Temelli HDPko presidenteordeak, bestalde, eskerrak eman zizkien Istanbulen bizi diren kurduei, Imamogluren alde egiteagatik.

Parke bat Turkiaren erdigune
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.