Turkia. Istanbulgo alkatetzarako bozak

Parke bat Turkiaren erdigune

Istanbulgo Gezi parkeko hirigintza planaren aurkako protestak antolatzea egotzi zieten hamasei lagunen aurkako epaiketa hasi da. Herrialdeko gobernua «eraisten saiatzea» leporatzen diete.

Gezi parkeko protesten seigarren urteurrena oroitzeko elkarretaratzea, iragan maiatzaren 31n, Istanbulen. SEDAT SUNA / EFE.
mikel rodriguez
2019ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Duela sei urte gertatu zen. Hirigintza plan handi bat hastekoa zen Istanbulgo Gezi parkean eta ondoko Taksim plazan. Horren eraginez, hiriko gune berde nagusietako bat desagertuko zen, Otomandar Inperioaren aroko kuartel militarra berregin eta merkataritza zentro bat eta luxuzko etxebizitzak eraikitzeko. 2013ko maiatzaren bukaeran, hainbat ekintzaile ekologistak kanpaleku bat antolatu zuten protesta egiteko, eta Polizia bortizki oldartu zitzaien. Erantzun gogor horrek sortu zituen ondorioen eraginez, hirigintza plan baten aurkako protesta bat Recep Tayyip Erdoganen —lehen ministroa zen orduan— eta AKP Justizia eta Garapena Alderdiaren aurkako mobilizazio olatua bilakatu zen, Turkiako dozenaka hiritara hedatu zena. Protesta horien antolatzailetzat jotako hamasei pertsonaren aurkako epaiketa hasi zen atzo, eta horien aurkako akusazioak ez dira nolanahikoak: gobernua «eraisten saiatzea» leporatzen die fiskaltzak, eta bizi osorako kartzela zigorra eskatu du haien aurka.

Udalerri bateko proiektu baten aurkako borroka bat gatazka nazional bihurtu zen, eta paradoxak nahi izan du epaiketa hastea udalerri horrexetan egin diren alkatetzarako hauteskundeen biharamunean, hauteskunde horiek ere auzi nazional bihurtu diren une berean. Geziko protestak zenbait astetan luzatu ziren, eta, Turkiako medikuen sindikatuaren arabera, denera zortzi lagun hil ziren, horietako lau zuzenean Poliziak hilda. Erdoganen autoritarismoaren sinbolo eta haren aginte ia erabatekoan oposizioaren erresistentzia foku bihurtu zen Gezi. Sei urte geroago, oposizioak irabazi ditu udal hauteskundeak.

Hogei hilabete espetxean

«Ez naiz protesta baketsuak egin zituzten ehunka milaka norbanakoen ezberdina, eta askatasuna eta errugabetzea eskatzen ditut». Osman Kavala enpresariak egin zituen adierazpen horiek, atzo, Istanbul ondoko Silivri espetxean egin zuten auzi saioan. Akusatu nagusia da Kavala, eta behin-behineko espetxealdian duten bi akusatuetako bat da —hogei hilabete daramatza preso—. Bertzea Yigit Aksakoglu irakaslea da, eta hark zazpi hilabete egin ditu. Gainerako akusatuen artean, nabarmentzekoa da Cal Dundar kazetaria; 2016an bortz urteko espetxe zigorra ezarri zioten, «estatuko sekretuak argitaratzea» leporatuta, Cumhuriyet egunkariko erredaktore buru zela, bideo bat argitaratu zuelako Turkiako Gobernuaren eta Sirian borrokan ari ziren muturreko islamista suniten arteko harremana frogatzen zuena. Alemanian bizi da erbesteratuta.

Geziko protestak sustatu zituen taldeak Taksim Elkartasuna izena zuen, eta horko 26 kide 2015ean errugabetu zituen Istanbulgo auzitegi batek. Talde kriminal bat osatzea eta ordena publikoa haustea leporatu zieten, eta zigor eskakizunik larrienak 30 urteko espetxealdikoak ziren. Oraingo hamasei akusatuek itxaropena dute epai hori aurrekari bat izateko. «Ekintza zehatzak desitxuratu egin dira, eta fikzio fantastikoko lan bat egin da», salatu zuen atzo Kavalak. Kavala kultura arloan eta giza eskubideen inguruan jarduten duen elkarte bateko burua da, Anadolu Kultur izenekoa, eta fiskaltzak leporatzen dio zenbait protesta sustatzea erakunde horren bidez.

2013ko uztailaren 3an jakin zen auzitegi batek agindu zuela bertan behera uzteko hirigintza plana. Protestak aski zabalduta zeuden ordurako, eta borroka global bihurtuta: Poliziaren indarkeria endemikoaren aurka, Erdoganen autoritarismoaren aurka —egun haietan egin zituen adierazpenek manifestarien haserrea areagotu bertzerik ez zuten egin—, eta AKPren gobernuak sustatutako garapen ereduaren eta eredu sozialaren aurka. Oposizioko alderdiek bat egin zuten manifestariekin; ezkerreko taldeek karrikako mobilizazioa sustatu zuten, eta Kurdistango burujabetzaren aldeko mugimenduak ere babesa adierazi zien manifestariei.

AKPren nagusitasuna, pitzatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.