G7koen goi bilera Miarritzen. Kontragailurra

Gazte oihua G7koen aurka

Euskal Herriko gazteek hiru eguneko egitaraua bete dute kontragailurrean. Nazioartetik etorritako jendearen jarrera era baikorrean baloratu dute, eta azpimarratu tokiko erronken «ikusmira» izan direla

Herri bazkaria egin zuten atzo gazteek eskolan; atzealdean, preso batek diseinaturiko ziega. LARA MADINABEITIA.
Oihana Teyseyre Koskarat.
<i>Hendaia</i>
2019ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
«Euskal Herria eraikitzera goaz». Aldarri horrekin ireki zuten asteazkenean kontragailurreko Gazte Gunea, eta aldarri berberarekin itxi zuten atzo. Hiru egunetan, konferentziak eta tailerrak antolatu dituzte Hendaiako Jean Jaures eskolan (Lapurdi). Gauetan, Kaneta portuan den gaztetxe berrian egin dituzte kontzertu eta bertso saioak. «Oso aberasgarria izan da, eta gazteriaren oihuaz harro gaude», adierazi du Joana Detxart Baionako militanteak. Azken egunari garrantzi berezia eman diote: goizetik hasi dira tailerrak, gazte bazkaria egin dute eta ekitaldi politikoa ere burutu dute.

Irene aktibista feministak —ez du abizenik eman— «menstruazioaren prekaritateaz» eman du hitzaldia. Pariskoa da, eta hilekoak dakarren kostua salatzeko hainbat ekintza egin ditu aurten. Dozenaka pertsona bildu dira hitzaldian, eta, Irenek adierazi duenez, «plazer bat da» Euskal Herriko mugimendu feministekin harremanak sortzea, eta parada eman dio «ohartzeko gazte asko hunkitzen» dituela prekaritate mota horrek. G7koen bileran, genero berdintasunaren aldeko batzar berezi bat dago, baina Irenek uste du «feminismoa beste borroka sozialei lotzen zaiola, eta antikapitalismoaren barruan» ulertu behar dela. Nabarmendu du «interesgarria» dela Euskal Herriko emazteekin hitz egitea eta «horko errealitatea ezagutzea».

Oro har, antolatzaileek «balorazio baikorra» egin dute jardunaldiez, batez ere nazioartetik etorritako jendearen jarrerari begira. Olaia Matxain Galfarsoro Gazte Guneko kideak azaldu duenez, «baliatu dugu espazioa ideien truke bat egiteko, eta Euskal Herriko borroken ikusmira izan da». Gehitu du «jendeak interesa erakutsi duela tokiko problematiken inguruan». Berekin bat egin du Hendaiako gaztetxeko kide Ainhoa Dubranak: «Euskal gatazkaren jatorriekiko eta gaur egungo egoerarekiko interes handia erakutsi du kanpoko jendeak». Detxartek esan du guneak «gazte ikuspegia» eman diola G7 Ez plataformari, eta «beharrezkotzat» jo du horrelako toki bat.

Ondoren, gazte bazkaria prestatu dute eskolan. Dozenaka lagunek tokiko produktu biologikoak jan dituzte; horien artean, Isabelle Capdeville AMAP kontsumo talde sareetako partaideak. Horrelako produktuak gune alternatiboetan egotea «guztiz koherentziazkoa» iruditzen zaio.Gainera, «zirrara» sentitu du gazteak horrelako problematiken inguruan lanean ikustean.

Ekitaldi politiko bat egin dute bazkaria bukatzean. Guneak izan dituen erronkak oroitarazi dituzte: «Espero dugu gure borrokak indartzea eta euskal herritarren emantzipazio nazionalaren eta sozialaren alde borrokatzeko prest den gazteriaren zubi bat izan garela». Arratsaldean, espazio militanteetan dauden botere harremanei buruzko tailer batzuk egin dituzte, eta gazteek kulturgintzan daukaten tokiaz ere aritu da Paul Moal Darrigade.

Errealitatearen ispilu

Mintzaldi eta tailerrez gain, erakusketak ere prestatu dituzte, eta ikastetxearen beste aldean presoei egin diete tokia. Altsasuko auziari buruzko erakusketaz aritu dira Euskal Herriko zein nazioarteko pertsonak. Ezkerrean, preso batek eraikitako zelda baten erreprodukzioa jarri dute. Pertsonak ez ziren errazki sartzen bertara. Bertan zen Usurbildik (Gipuzkoa) joandako Maialen Gonzalez: «Askotan ez gara ohartzen zein egoeratan dauden presoak eta zer baldintza dagoen zelda horietan; gogorra da, baina errealitatea ikustea garrantzitsua da».

Gazte Gunetik kanpo, kontragailurraren hitzordu nagusietako bat izan zuten atzo Ficoba erakustazokan: Estatu gabeko nazioen arteko trukea izeneko hitzaldian batu ziren, bideokonferentziaz, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea, Marta Rovira Kataluniako ERCko idazkari nagusia eta Jean Guy Talamoni Korsikako Asanbleako presidente eta Corsica Libera alderdiko buruzagia. Ilara luzeak osatu ziren gelara sartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.