Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Biharamuna

Sanchezek UPren eta Ciudadanosen babesa nahi du inbestidurarako

PSOEk baztertu egin du PPren eta indar independentisten botoak negoziatzea: «Ez dugu koalizio handirik bilatuko», adierazi du Abalosek. ERCk ohartarazi du elkarrizketa ez dela «atzeragarria»

Sanchezek UPren eta Ciudadanosen babesa nahi du inbestidurarako.
ander perez zala
2019ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Apirilean baino aritmetika zailagoa duen arren, Pedro Sanchez gobernua osatzen saiatuko da berriz ere, eta, oraingoan, ahalik eta azkarrena egiteko asmoa du. Lehentasunak eta estrategia zehaztu ditu jada: «gobernu aurrerakoi bat» osatuko du, eta horretarako Unidas Podemosen (UP) eta Ciudadanosen (C's) babesa lortzen saiatuko da datozen asteetan. Ez du Alderdi Popularraren (PP) abstentziorik nahi, Jose Luis Abalos PSOEren Antolakuntza idazkariak atzo jakinarazi zuenez: «Ez dugu koalizio handirik bilatuko. Gure konpromiso handia da hirugarren hauteskunderik ez egotea, eta Espainiak gobernu aurrerakoi bat izatea. Kontzeptu horretan ez dago PPrekin koalizio handia egitea». Alderdi independentisten botoa negoziatzea ere baztertu zuen, baina, duela zazpi hilabete bezala, Kataluniako Esquerra Republicanaren (ERC) hamahiru diputatuek pisu handia izango dute —abstenitu egin zen inbestidurako bigarren bozketan—.

Apirilean bezala, batuketa zail bat ondu beharko du Sanchezek Espainiako presidentetzara itzultzeko. Zer formularekin egingo duen, horretaz ez zuen azalpen handirik eman Abalosek, baina irekia utzi zuen UPrekin koalizioan gobernatzeko aukera: «Entzuteko prest gaude. Etapa berri batean gaude, eta egoera berrira egokitu behar dugu. Herenegungo bozen ostean, ezkerreko blokea ahulagoa da: PSOEk 120 eserleku ditu (hiru gutxiago); UPk, 35 (-7); eta Iñigo Errejonen Mas Paisek (MP), hiru. Apirilean eskuratu zituztenak baino zazpi diputatu gutxiago dira; 809.450 boto galdu dituzte bidean. MPren botoek ez dituzte PSOEren eta UPren beherakadak konpentsatu; are, Errejonek alderdi sozialistaren ezkerreko boto emaileak zatitu ditu, Pablo Iglesias buru duen koalizioaren kontrapisu lana baldintzatuz: «Nagusitasunez irabazi dugu. Ezkerreko, zentroko eta moderazioko alderdia gara», aldarrikatu zuen atzo PSOEren Antolakuntza idazkariak.

Errejonek jakinarazi zuen gobernabidea errazteko aurkeztuko zela Espainiako Gorteetarako bozetara, eta, hortaz, haren hiru diputatuen babesa ia ziurtatua luke Sanchezek. Zailago izango du UPren aldeko botoak lortzea, apirilaren osteko negoziazioek nabarmen gaiztotu baitzuten bi agintarien eta bi indar politikoen arteko giroa; konfiantzak gutxigatik ez zuen hondoa jo. Iglesias eta Sanchez, ordea, elkarri beste aukera bat emateko prest daude, beste saiakera bat egiteko asmotan. Biek ala biek adierazi dute gobernu aurrerakoi bat osatu nahi dutela.

Egoera horri gehitu behar zaio Espainiako jarduneko presidenteari beste ate bat ireki zitzaiola atzo, Albert Riverak C's alderdia utziko duela jakinarazi zuenean; duela zazpi hilabete, PP aurreratzeko asmo argia erakutsi zuen Riverak, eta PSOEren inbestidura errazteari ezetza eman zion. Orain, hura joko politikotik kanpo dagoela baliatuta, Sanchezek espero du C's-ren zuzendaritza berriarekin akordioren bat egingo duela, gobernabidea ez bada, gutxienez inbestidura saioa errazteko.

Dena den, oraindik ez dago batere argi Riverak utzi duen alderdiak zer erabaki hartuko duen. Herenegun gauean, zuzendaritzako hainbat kidek jakinarazi zuten desblokeoan egongo zirela, iradokiz PSOEren presidentegaiaren hautagaitza erraztuko zutela. Bi aste barru batzartuko da alderdiaren kontseilu orokorra, eta bilera horretatik zuzendaritza berri bat atera liteke.

«Alde horretatik bai, atera daiteke batuketa bat. Hori landuko dugu», adierazi zuen atzo Abalosek C's-k inbestiduran izan dezakeen jarreraz.

Moncloarako formulak

Sanchezek berehala hasi nahi ditu negoziazioak, eta ostertzean du jada harentzat egokiena den formula: UPren, C's-ren, MPren, EAJren, eta PRCren edo Teruel Existeren diputatuen babesarekin gainditzea inbestidura saioa. Era horretara, gehiengo osora iritsiko litzateke, eta lehen bozketan aukeratuko lukete Espainiako presidente.

Bigarren bozketa behar izanez gero, kontrako baino aldeko boto gehiago beharko lituzke; horrek, beraz, behartuko lioke abstentzioak negoziatzera, eta, testuinguru horretan, hainbat aukera izango lituzke. Arriskua, harentzat, Kataluniako alderdi independentistek jar ditzaketen baldintzak dira: bai ERCk eta bai Junts Per Catalunyak (JxC).

Prozesu subiranistaren aurkako sententziaren osteko hauteskundeak izan ziren herenegungoak, eta datorren balizko legealdia horren osteko lehena ere izango da. Kataluniako agenda politikoak, hortaz, asko baldintzatuko du Espainiako gobernabidea datozen asteetan.

Abalosek, ordea, atzo argi utzi zuen PSOEren negoziazioetarako beste ardatza: alderdi independentisten botoa ez duela negoziatuko: «Testuinguru horretan, saiatzen jarraituko dugu, bakarrik bada ere, independentisten menpe ez egoteko». Horrek erakusten du C's garrantzitsua izan daitekeela, batez ere inbestidura saioko lehen bozketan.

Riveraren alderdi ohia hondoratu egin zen herenegun, apirileko 57 eserlekuetatik 10era jaitsita. PP aurreratzea jarri zuten helburu, eta are eskuinerago egin zuten hilabeteotan, Vox eskuin muturreko alderdiaren mehatxuarengatik. Azkenean, C's-k ez du lortu Pablo Casado buru duen alderdiari gailentzea, eta Voxek gainditu egin du diputatu kopuruan. Eskuineko blokeko lehen alderdi izateko nahia zapuztu, eta hirugarren alderdia bilakatu da.

PPk apirilean galduriko eserlekuetako batzuk berreskuratu zituen, eta oposizioko alderdi gisa bere burua sendotuagoa ikusi zuen. Alberto Nuñez Feijoo Galiziako presidenteak atzo hitz egin zuen alderdiaren izenean, datozen asteei begira: «Egoera kezkagarriago batean gaude. Sinesgarritasuna galdu du Sanchezek. Saltsa handiago batean sartu gaitu, eta espero dut Espainia ez dela berriz blokeatuko».

Horri begira, PPren Kataluniako presidente Alejandro Fernandezek atzo berriz proposatu zuen «alderdi konstituzionalistak» elkar daitezela Cataluña Suma izeneko koalizioan, Kataluniako alderdi independentistak garaitze aldera: «Elkartuta hamar diputatu lortuko genituen [herenegun]. Elkarrekin lortuko dugu erabakigarriak izatea Katalunian».

Kataluniari begira

Igandeko emaitzak kontuan hartuta, ERCk uste du bere eta Sanchezen arteko elkarrizketa ez dela «atzeragarria», eta, hortaz berehala elkartu behar direla Kataluniaz eta haren inbestidura saioaz hitz egiteko.

Apiriletik hona bi eserleku galdu arren, Esquerra Republicana boto gehien jaso zuen alderdia izan zen Katalunian, eta pisu hori baliatu nahi du gobernabidean erabakigarria izateko. Marta Vilalta alderdiaren bozeramaileak atzo jakinarazi zuenez, prest daude Sanchezekin batzartzeko, eta hautu bat egiteko exijituko diote Espainiako gobernabideari eta Kataluniako egoera bideratzeari begira: «Sanchezek erabaki behar du irtenbide demokratiko bat eta elkarrizketa nahi dituen, ala eskuin gehiago. Pilotak bere teilatuan jarraitzen du».

JxCk pozarren baloratu zituen atzo Espainiako Gorteetarako bozetan izandako emaitzak, apirilean baino eserleku bat gehiago lortu baitzuen. Laura Borras diputatuak aukera baliatu zuen Sanchez kritikatzeko: «Haren ardura falta, eta hitz egiteko eta politika egiteko gaitasunik eza. Horregatik azalpenak eman beharko lituzke. Horren ondorioz sortu du desegonkortasun politikoa Espainian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.