Osakidetza

Lehen arretako murrizketen kontra agertu da oposizio guztia, aho batez

Sagarduik esan du ez dutela osasun etxerik itxiko, baina udan ordutegiak moldatuko dituztela. Osakidetzaren aldaketak «epe luzekoak» direla ñabartu du Osasun sailburuak, kritikei erantzunez

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Edurne Begiristain- Ion Orzaiz
2022ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Ez da lehen aldia lehen arretako profesionalen faltaz ohartarazten duela, baina bai arazo horren ondorioz Osakidetza berrantolatu beharko dela iragartzen duena. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak herenegun Executive Forum España jardunaldietan egindako adierazpenek hautsak harrotu dituzte, eta «kezka» eta «haserrea» piztu. Are, Osasun Sailaren aurka ahotsa altxatu dute osasun profesionalek, eta Sagarduiri erantzukizunak bere gain hartzeko eskatu dio oposizioak, aho batez.

Ikusi gehiago:Baliabide faltari aurre hartu ez izana kritikatu dute osasun langileen ordezkariek

Lehen arretako zentroek gaur egun duten estualdiaren diagnostiko sakonik ez zuen egin sailburuak asteazkenean, baina adierazi zuen ezinbestekoa dela lehen arreta eta ospitale sarea «birdefinitzea»: «Beharrezkoa da aldaketa kultural bat, erabiltzaileek eta osasun profesionalek uler dezaten eskualdeko ospitale eredu batetik ospitale espezializatu batera pasatzeak mugikortasun handiagoa ekarriko duela». Zehazki, adierazi zuen askotan beharrezkoa izango dela leku batetik bestera mugitzea «prozesu jakin batzuetan arreta jasotzeko», eta gaineratu zuen medikuen faltan «litekeena» dela oporraldietan zenbait osasun zentro eta anbulatorio itxi behar izatea, edota gaixoak erizainek artatu behar izatea.

Adierazpenok berehala sortu zuten kalapita: mediku eta erizainen sindikatu zenbaitek haren hitzak gogor kritikatu zituzten, eta, atzo goizean, esandakoa ñabartu zuen Sagarduik, Radio Euskadi irrati katean. Osasun sailburua «harrituta» azaldu zen bere hitzek sortutako polemikarekin, eta argitu zuen Osakidetzan egin nahi dituzten aldaketak ez direla berehalakoak izango, «epe luzerako» baizik: «Hamar urte ere beharko dira».

Ikusi gehiago:78.139

Nolanahi ere, azpimarratu zuen herenegun esandakoak ez direla berriak «urte eta erdi daramat gauza bera esaten»—, eta gaineratu zuen proposatutako aldaketak «zerbitzua hobetzen jarraitzeko bide bat» baizik ez direla. Hala ere, zehaztu zuen ez zela ari familia medikuei eta pediatrei buruz, «zerbitzu espezializatu batzuei buruz baizik».

Argitu zuen, halaber, ez dutela osasun etxeak ixteko asmorik. «Ordutegiak moldatu, bai». Zehaztu zuenez, udan batez beste «bi edo hiru ordu lehenago itxiko dituzte ateak». «Urte osoan 20:00etan ixten duenak 17:00etan itxiko du, eta 17:00ak arte dagoenak 15:00etan». Ordutegi berrantolaketak urtero egiten direla azaldu du, «egokitzapenak» direla, eta horien eragina ahalik eta apalena izan dadin langileak hartuko dituztela.

Ikusi gehiago:Mutualiarekin egindako ituna ezeztatzeko eskea, atzera

Hala ere, aitortu zuen lehen arretako familia mediku eta pediatra falta landa eremuetan «arazo larriagoa» dela: «Landa eremuetan zailagoa izaten da osasun profesionalak denbora luzez mantentzea, espezializaziora jo nahi dutelako edo nahiago dutelako hiri handietan bizi». Arazo hori konpontzeko, Osasun Saila lantaldeak sustatzen ari da profesionalek euren artean bete dezaten herrietako zerbitzua, Sagarduik jakinarazi zuenez.

Hitzoi erantzun zien atzo Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak. Kezkatuta agertu zen Sagarduik iragarritako aldaketek landa eremuari «zuzenean» eragingo diotelako, eta biztanleak bertan errotzeko prozesua «zaildu» egingo duelako.

Oposizioa, aho batez kontra

Eusko Legebiltzarrean oposizioko talde guztiek aho batez kritikatu zituzten atzo Eusko Jaurlaritzaren asmoak. EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU, PP+C's eta Vox bat etorri ziren «planifikazio falta» izan duela Osasun Sailak, lehendik zeuden gabeziei ez dielako konponbiderik eman. Oposizioko taldeen ustez, Osakidetzan «egiturazko arazoa» bihurtu da mediku falta, eta haren atzean «aurreikuspen eta planifikazio falta» dago. Lau taldeek salatu zuten «aspaldi» aurreikus zitekeen arazo bati «utzikeriaz» eta «inprobisazioz» erantzun diola Jaurlaritzak. Argibide gehiago emateko, Sagarduiren agerraldia eskatu zuten.

EH Bilduren ustez, «prekaritatearen» eta azken urteotako «murrizketen» ondorio zuzena da familia medikuen eskasia. Rebeka Uberaren iritziz, dena ez da soldata kontua: «Zein lan baldintza eskaintzen zaie belaunaldi berriei? Ikusten ari garena da eskaintzen ari zaien kontratazio ereduagatik askok eta askok beste osasun publiko batzuen aldeko hautua egiten dutela, edo lehen arretatik beste eremu batzuetara doazela lanera». Uberaren iritziz, «eufemismoa» da Sagarduik aipatutako «kultura aldaketa», atzean osasun publikoaren «suntsipena, pribatizazioa eta murrizketak» baino ez daudelako.

Antzera mintzatu zen Elkarrekin Podemos-IUko Miren Gorrotxategi. Salatu zuen «politika publiko okerren» zama herritarren bizkar uzten ari dela Osasun Saila: «Kezkagarria da kultura aldaketez hitz egitea, esaten ari delako ez dagoela beste erremediorik, eta errealitatera egokitu behar dena herritarra dela. Badago irtenbidea: Eusko Jaurlaritzak bere politika aldatu behar du». Gorrotxategik uste du Osasun Sailak «pribatizaziorako bidea» hartu duela: «Ayusoren eredurantz doa».

PP+C's taldeko Laura Garridok ere kritika gogorrak egin zizkion Sagarduiri. Garridok gogoratu du Osakidetzaren arazoa aspalditik datorrela eta «egiturazkoa» dela, eta Osasun Sailak «axolagabe» jokatu duela, bere ardurari uko eginda. Garridok iritzi dio planifikaziorik ez dagoela: «Osasun Sailak hausnartu beharko du zer dela-eta Osakidetza ez den erakargarria langileentzat». Halaber, gaineratu zuen euskara eskakizuna «oztopo» dela osasun profesionalentzat eta horregatik falta direla.

Vox taldeko legebiltzarkide Amaia Martinezen arabera, profesional falta ez da berria, baina Eusko Jaurlaritza arazoari «tiritak» jartzen aritu da.

Ezker Anitza-IUk, berriz, salatu du «onartezinak» direla Sagarduiren adierazpenak: «Aldaketa kultural bat proposatzen du ordutegietan eta baliabideetan murrizketak justifikatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.