Hauteskundeak

«Bigarren itzulirako» prest dira alderdiak, udal bozei erreparatuz

«Aliantza santuak» eskuin muturraren «markoa onartu» duela dio Otegik, eta orain ez dela «serioa» PP-Vox gelditzera deitzea. Ortuzarrek uste du ezin dela eraman «boz batzuen logika beste batzuetara»

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi, atzoko agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU.
xabier martin
2023ko ekainaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan gertatutakoa hizpide nagusietako bat izango da uztailaren 23ko Espainiako Gorteetarako bozen kanpainan. Udal eta foru gobernuen mapa berriak eta hura egituratzeko alderdiek egin dituzten eta ez dituzten itunak mintzagai dira jadanik kanpainaurre honetan, eta hala izango dira aurrerantzean ere, EAJko eta EH Bilduko gidarien esanei erreparatzen bazaie. Alderdiak prest dira «bigarren itzulirako».

Koalizio subiranistaren mahai politikoak balorazio ona egin du udal osaketen inguruan, 138 alkate lortu baititu (+21), eta 1.402 zinegotzi (+138). 366.000 botok «lehen indar munizipalista» bihurtu dute EH Bildu Hego Euskal Herrian, baina Otegik «zuhurtziaz» helarazi ditu «datu objektibo» horiek , «zirimiria bezalakoa den ziklo aldaketa baten atarian» baitago Hegoaldea, haren ustez. «Hitza jendearena da: datozen bozetan ikusiko da aldaketa horren bigarren urratsa egiten ote den».

Koalizio subiranistaren emaitzak printzipio batekin lotu ditu Otegik: «Gure kasuan, aurrena aberria da, eta gero alderdia. Aurrena jendea, eta gero siglak». Azaldu du «lehia siglen artean» kokatzen duten alderdiak nahastu egiten direla, «lehia proiektuen artekoa baita». Udalak osatzean islatu da, haren irudiko, EAJ, PSE-EE eta PSN ez daudela lehia horretan.

Maiatzeko bozak «modu argienean» azaltzeko, «metafora bat» aipatu du Otegik: «Bastidako, Gernikako eta Durangoko argazkietan, lotsa aurpegiak izan dira, ez aurpegi alaiak». EAJk eta PSEk PPrekin egin ei dituzten «itunak zilegi dira», koalizioko buruaren ustez, baina Espainiako eskuin muturrari «zilegitasuna» ematen diote, era berean. «PP sartu dute beren itunetara EH Bilduri alkatetzak kentzeko, eta zer onura ditu horrek?», galdetu du Otegik. Estrategia hori «akats politiko larria» dela uste du, PP-Vox bikotea «erabilgarri bihurtu baitu». Erantsi du EH Bilduren gorakadak «lurrikara bat» eragin duela «establishment-ean», eta EAJren eta PSEren arteko gobernuak, «ez abertzaleak eta ez sozialistak», gizartearentzat «kaltegarriak» direla: «Aliantza santuak eskuin muturraren markoa onartu du».

Kontuz PP-Voxekin

Horregatik, uztailaren 23ko bozak udal eta foru hauteskundeen «bigarren itzulia» izango dira EH Bildurentzat, eta «irabazteko» asmoz aterako da koalizioa. Kanpainan eskuin muturra gelditzeko dei ugari egingo direla aurreikusi du Otegik, eta galdetu du EAJk eta PSEk «zer argumenturekin» egingo ote duten hori: «Ez da serioa, eta jendea proiektu politikoetatik urruntzen du jarrera horrek».

Boz horietan, EH Bilduren helburua izango da «aldaketa politikoa hasi dela berrestea». «Benetako aukera bat» ikusten du Otegik koalizioak hauteskunde horiek irabaz ditzan: «Esaten duguna egiten dugulako». Koalizioa «antifaxista» dela azpimarratu du, eta Euskal Herriko mapa «beste kolore batez margotuko dutela boto emaileek».

Otegik gaineratu du EH Bilduk «etxeko lanak» egin dituela Madrilen azken legegintzaldian, eta «ohore bat» dela PPko presidente Alberto Nuñez Feijook xede edukitzea koalizioak babestu dituen lege guztiak indargabetzea. «Pentsioak jaitsiko ditu?», galdetu du; «esan dezala lehenbailehen».

EAJko presidente Andoni Ortuzarrek ere erreparatu die udal osaketei eta uztaileko bozei. Maddalen Iriarte EH Bilduko hautagaiak lortutako garaipena gainditzeko, EAJn uste dute Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldungai nagusi jeltzaleak PPren babesa izango duela, Durangoko Udalean gertatu den moduan. Baina itunen «logika hori ezin da eraman» Espainiako bozetara, Ortuzarren ustez: «Hauteskunde desberdinak dira, garai desberdinak». Maiatzaren 28ko bozak «gertuko hauteskundeak» direla uste du: «Lau urte zailen kudeaketari begiratu zaio maiatzaren 28an, eta hautesleen parte bat etxean gelditu da, eta abisu bat eman digu, kaskarreko bat».

Edonola ere, EAJko burua sinetsita dago EH Bilduk «ordaindu» egin beharko duela Bermeon (Bizkaia) alkatetza hartzeagatik, EAJk han hauteskundeak irabazi ostean. Bastidari dagokionez (Araba), «urak lasaituko» direla aurreikusi du, EAJk aginte makila hori PPri utzi ondoren.

Horrez gain, «PP-Vox bikotearen arriskuaz» ohartarazi du EAJko presidenteak. EAJrentzat, ez da gauza bera Madrilen PSOEk ala PPk gobernatzea. Harentzat, «oso kezkagarria» da PPk «Voxen merkantzia ultra guztia erostea, oposizio eskuindarrena eta muturrekoena, Voxi botoak kendu eta boterera iristeko». Euskadi Buru Batzarreko presidentearen ustez, «kezkagarriena, Voxekin akordioak egitea baino gehiago, hain gogorra den PP hori hain muturrean egotea da, mendeku egarriz». Bikote horrek irabaztea «estatu osoan» izango litzateke «kaltegarria», baina «bereziki Euskadin», aurreikusi du Ortuzarrek: «Frogaturik dago historikoki Euskadi hautatu dutela zartakoak emateko».

Horregatik, uste du gainontzeko alderdiek «alertan» jarri behar dutela, «eta azazkalak atera». PP eta Vox bikoteak irabaziko balu, Ortuzarrek iragarri du EAJ ez besteak bozkatzea ez dela «praktikoa» izango, eta PSOEk irabaziz gero, «EAJ aintzat hartu» beharko duela Sanchezek:«Gehien balio duen botoa EAJrena da».

Txibitek aurrera egin nahi

Nafarroan, berriz, Maria Txibite jarduneko presidenteak beste lau urtez gobernatu nahi du, eta, horretarako, EH Bilduren abstentzioa beharko du, koalizioaren Iruñeko alkategai Joseba Asironi aginte makila ukatu ondoren. Txibitek Geroa Bairekin egin nahi du akordioa, eta uste du harekin «eskuzabal» jokatu duela PSNk parlamentuko presidentetza dela eta.

Uxue Barkos Geroa Baiko presidentearekin batzartu da Txibite Nafarroako Parlamentuan, eta berretsi du EH Bildurekin ez duela inongo akordiorik egingo. Bihar bertan jarraituko dute negoziazioek, «edukiei buruz eta programari buruz» hitz egiteko. Batzar horiek bikoak edo hirukoak izango ote diren galdetuta, hau da, Nafarroa Zurekin ere egongo ote den galdetuta, Txibitek erantzun du hirukoa behar duela gobernuak, eta batzarra ere hirukoa izatea espero duela.

Bestalde, UPNko presidente Javier Esparzak azpimarratu du bere alderdiak lortu duela boto gehien Nafarroan, eta eskerrak eman dizkie boto emaileei, «ulertu dutelako zein garrantzitsua den botoa UPNren barruan pilatzea». EH Bildu eta PSN gaindi ditzakeen «alderdi bakarra» UPN dela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.