Manu Cabacas eta Fina Lizeranzu. Iñigo Cabacasen gurasoak

«Guk bagenekien aurrera egingo genuela, egia gure alde genuelako»

Iñigo Cabacasen hilketari buruzko epaiketa amaituta, gurasoek uste dute «pozik» egoteko arrazoiak badituztela. Orain, epaiaren zain daude, eta «justizia egitea» eta sei urte eta erdiko gurutze bidearen ostean «atseden» hartzea baino ez dute nahi. Bideoa albistearen amaieran.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko azaroaren 16a
00:00
Entzun

Azken hiru asteak gogorrak izan dira Fina Lizeranzu eta Manu Cabacasentzat. Euren seme Iñigo Cabacasen hilketari buruzko epaiketan kontu mingarri asko entzun behar izan dituzte. Lekukoen testigantzak, esaterako: epaimahaikide, kazetari eta ikusleen begietara, lekukoen deklarazio asko berdintsuak izan dira, eta berritasun gutxi ekarri diote lehenago entzundakoari; semea galdu duten gurasoentzat, aldiz, gertatutakoaren kontakizun bakoitza beti da min zaharra berritzea eta sufrimenduaren kontagailua ostera ere zeroan jartzea. Behin eta berriro. Testigantza bakoitzarekin. Hiru astez.

«Fisikoki lehertuta» amaitu dute saio askotan, Fina Lizeranzuk aitortu duenez. Entzuten ari zirena gogorregia suertatu zaienean —ertzainen elkarrizketen grabazio osoa jarri zutenean, esaterako— aretoa utzi behar izan dute. Baina amaitu da. Orain, «justizia egitea» eta «atseden hartzea» baino ez dute nahi.

Nolako aho zaporea utzi dizue epaiketak?

MANU CABACAS: Pozik gaude epaiketarekin. Amaitu zenean, minduta atera ginen, eta halako derrota sentsazio batekin, defentsen jokabidea ikusita, nola biltzen ziren Lakuako abokatuekin eta fiskalarekin, eta esan zituzten gauza batzuk entzunda. Baina hurrengo egunean, gauzak hotz aztertuta, konturatu ginen horrek erakusten duela egia noren aldean dagoen. Haien tesi guztiak desmuntatu ditugu, eta oso pozik gaude horregatik.

FINA LIZERANZU: Epaiketan oso urduri egon nintzen, eta pentsatzen nuen ez niola eutsiko. Epaiketaren aurretik oso baxu nengoen moral aldetik. Baina gero konturatzen zara gizakiak nolako indarra duen. Entzun ditudan gauza batzuk mingarriak suertatu zaizkit; fiskalarenak, batez ere. Haren ahotik entzuteak ez zela deliturik egon hondoratu egin ninduen. Hurrengo egunean harengana jo nuen, eta ez zidan entzun nahi izan; beharbada, pentsatuko zuen iraindu edo zerbait desatsegina esan behar niola. Hala bada, oker dago. Bakarrik esan nahi nion lan ona egin zuela, baina ez zuela amaitu, hura hilketa izan zela esatea falta zitzaiolako.

Epaiketan entzun duzue aurretik ez zenekiten zerbait?

F. L.: Nik beti pentsatu dut Iñigo, egun batzuk geroago hil bazen ere, praktikan hilik eraman zutela ospitalera. Auzi medikuak esan zuenean ezetz, Basurtura kontziente iritsi zela, baina norabidea galduta, horrek nahasi egin ninduen, nik neure ideia eginda nuelako: Iñigo zoriontsu egongo zela Athleticen garaipena ospatzen ibili zelako, eta kolpea iritsi zenean ez zela ezertaz ohartuko eta, beraz, ez zuela sufritu. Hori entzun eta gero, oso egun txarrak pasatu nituen. Pentsatzen nuen. «Sufritu ote zuen?». Aldiz, entzun nuenean anbulantzia lehenago iritsi izan balitz ere haren egoera atzeraezina zela eta ezin izango zutela ezer egin haren bizia salbatzeko, horrek nolabaiteko lasaitasuna eman zidan.

Akusatu gehienak lehenengo egunean eta azkenengoan joan ziren epaitegira. Gainerakoetan, ez ziren agertu.

M.C.: Akusatuak mozorrotuta etorri ziren epaiketaren azken saiora, ileorde eta betaurrekoekin, eta atzeko atetik irten ziren. Oso koldarrak izan ziren, ez zuten gure aurrean pasatzeko barrenik izan: hori, guretzat, harrotzeko modukoa da. Haien abokatu batek esan zuen sei urte hauetan asko sufritu dutela; hori gure aurrean esatea zinismo hutsa iruditzen zait. Badirudi errua gurea dela, guk ertzain bat akabatu dugula edo Iñigo bera dela hil izanaren errudun. Ulertzen dut abokatuaren zeregina dela akusatuak defendatzea, baina horretan ere gutxieneko etikaz jokatu behar da.

F. L.: Etor daitezela nire etxera, eta esan diezadatela neuk nola pasatu ditudan sei urte hauek.

Zer iruditu zitzaizuen fiskalaren jarrera?

M. C.: Fiskalarena lotsagarria izan da. Lekuko guztiek esan dute han ez zela ezer gertatzen ari, eta ertzainak sartu ziren moduan sartu zirela. Iñigoren lagunek, eta Iñigo ezagutzen ez zuten lekukoek ere esan dute hori. Eta deliturik ikusten ez duela esatea ere! Ez al daki hildako bat egon dela? Sartu ziren moduan sartzea ez al da delitua? Burura tiro egitea, jakinda zer gerta zitekeen? Iñigori eman zioten, baina plaza zegoen moduan egonda, beste edozeini eman ahal zioten.

Epaiketara iritsi aurretik ere kexa handiak egon ziren fiskalaren jarrera zela eta, ezta?

M. C.: [Instrukzio faseko] Saio gehienetara agertu ere ez zen egiten. Hasieran, beste fiskal bat izan genuen, baina hamar egun iraun zigun. Hasi zen ikertzen, galderak egiten, eta segituan tokiz aldatu zuten. Hau jarri zuten, eta hasieratik ez zuen ezer ikusi nahi izan. Batzuek esaten zuten ez duela ezer egin. Egin, egin du: trabak eta oztopoak jarri, guk helegiteak aurkeztu eta prozesu guztia luzatzeko.

Ugarteko esaten dioten ertzainburuaren deklarazioak ere zeresan handia eman zuen. Zuei zer iruditu zitzaizuen?

M. C.: Ugarteko gezurretan aritu zen, beti bezala, eta koldar baten moduan jokatu zuen, Aldekoak eta Otaolak bezalaxe, fardela [Juan Jose de Pablo] ofizialari pasatu nahian. Baina berak sartzeko agindua eman izan ez balu, han ez zen ezer gertatuko. Jakin nahiko nuke zergatik zuen herriko tabernan sartzeko obsesio hori. Edozein modutan, agindutakoaren ondorioak bere gain hartzeko ausardiarik ez du izan. Nik argi daukat Ugartekok akusatuen artean egon behar zuela.

De Pablo ofiziala aipatu duzu. Alderik sumatu duzue haren eta gainerako akusatuen jarreren artean?

M. C.: Bera izan da aurpegia emateko barrenak izan dituen bakarra. Saio batzuetara etorri zen, eta, komunerako bidean gurutzatzen ginenean ez zidan izkin egiten. Bitxia bada ere, litekeena da bera izatea zigortuko duten bakarra. Gainerakoek atzeko atetik ihes egiten zuten. Lotsagarria.

Antza denez, ertzain batzuek barkamena eskatu zizueten.

M. C.: Bai, Finari eskatu zioten. Baina guk, honaino iritsita, ezin dugu barkatu. Ez dugu behar inork barkatzeko eskatzerik; behar duguna da egindakoa onar dezatela. Eta inpunitatea amai dadila. Bestela, ez dugu ezer konponduko. Hau ez da berria. Beste garai batzuetan ere ikusi dugu: ikusi dugu zer egin duten, eta libre daudela, batzuei dominak ere eman dizkietela. Bada, hemen ere berdin: Aldekoa mailaz igo egin zuten, Ugarteko lekuz aldatu zuten, eta orain gehiago ari da kobratzen. Saritu egin dituzte.

Prozesuak sei urte eta erdi iraun du, eta jende askok ez zuen uste azkenean epaiketarik egongo zenik. Zerk eman dizue indarra denbora honetan guztian aurrera egin ahal izateko?

M. C.: Arrazoia genuela jakiteak. Egia ezin da ezkutatu. Nik banekien aurrera egingo genuela, egia gure alde genuelako. Han gertatutakoa hainbeste jendek ikusi zuenez, pentsatzen nuen egia ezin izango zutela ezkutatu. Horregatik, egia azaleratu behar zen. Nik Rodolfo Aresekin bilera izan nuenean hasiera-hasieratik esan nion: justizia egin behar da, guk eta Iñigoren lagunek atseden har dezagun, baina, era berean, instituzioagatik ere. Ertzaintzak ikerketan lagundu behar zuen bere izen ona garbitzeko. Baina alderantziz jokatu dute, hasiera-hasieratik. Frogak ezabatzeko asmoz eskopetak garbitzeko agintzea ere... Hori mafiosoa da, hemen eta edozein lekutan.

Gizartearen babesa sentitu duzue?

M. C.: Guretzat zazpi urte hauek oso mingarriak izan dira, baina indartuta atera gara jendeak kalean eman digun babesa ikusita. Aurrekoan telebistan ikusi nuen biktimen inguruko saio bat. Biktima askok esaten zuten behin baino gehiagotan bakarrik sentitu direla eta ez dutela inoren besarkadarik jaso. Nik nire mina eta elkartasuna helarazi nahi diet biktima horiei, baina guk, zorionez, ezin dugu horrelakorik esan, jende askok babesa eman digulako.

Eta instituzioena?

M. C.: Gizartearentzat esker oneko hitzak ditut, baina instituzioak, oro har, gaizki portatu dira gurekin. Behin, Jonan Fernandezek esan zidan ez zitzaidala komeni etsaiak egitea. Nik erantzun nion justizia eskatzeagatik etsaiak egin behar banituen prest nengoela munduko etsai guztiak egiteko. Baina oker zegoen: etsaiak barik, lagunak egin ditugu. Kalean, autobusean, dendetan, ezagutzen ez dudan jende asko nigana hurbildu eta agurtu egiten nau, edo besarkatu, edo denda batzuetan ez didate kobratu nahi izaten. Hori gertatzen da jendeak badakielako Iñigori gertatu zitzaiona injustua izan zela. Jendearen berotasun hori da Iñigok utzi digun ondarerik preziatuena.

Eusko Jaurlaritzak ere ez dizue babesik eman?

M. C.: [Eusko Jaurlaritzako lehendakari] Urkullu oposizioan zegoenean azalpenak eskatzen zituen, baina orain sei urte daramatza berak azalpenik eman gabe eta guregandik ihesi, gu legendunak izango bagina bezala. [Segurtasun sailburu] Estefania Beltran de Herediarekin bilera bakarra izan genuen, eta esan zigun ahal zuen guztia egingo zuela gertaerak argitzeko. Baina kontrakoa egin du: gertatutakoa estali. Bilera hartan, eta haren aurrean, Jonan Fernandezek esan zidan ETAren biktima askok ere ez zekitela haien senideak nork hil zituen. Zertara zetorren hori? Zer esan nahi zidan? Iñigo ETAkoa zela? Edo guk ez genuela eskubiderik gure semea nork hil zuen jakiteko? Tira, horretan ere ez du guztiz asmatu, behintzat akusatuen aulkian ikusi ditugu eta.

Zuen ustez, zergatik gertatu zen hura guztia?

M. C.: Nik beti pentsatu dut hura mendekua izan zela. Han herriko taberna zegoen, hilabete batzuk lehenago istiluak izan zituzten jendearekin Errekaldekoa gertatu zenean [Kukutza gaztetxearen hustea], eta astinaldi bat eman nahi zuten, Aresen «zero tolerantzia» kontu horrek hauspotuta. Baina nik galdetzen diot neure buruari: zer lortu dute? Onuraren bat atera al dute?

Zuen abokatuen jardueraz zer iritzi duzue?

M. C.: Epaiketa amaitu zenean esan nien, baina jendaurrean ere adierazi nahi diet gure esker ona Irma Orozko eta Jone Goirizelaia abokatuei, eta haiekin lanean aritu diren guztiei, oso pozik gaudelako egin duten lanagatik eta badakigulako nolako zailtasunak gainditu behar izan dituzten. Jakin dute gure asmoa ulertzen, hau da, guk ez genuela mendekurik nahi, justizia baizik. Harro nago haiek aukeratu izanaz.

F. L.: Azken saioan, ondorioen azalpenean, Jone oso ondo egon zen. Defentsek ez zuten argudiorik izan hari kontrakorik esateko.

Eta hemendik aurrera, zer? Nolako epaia espero duzue?

M. C.: Batez ere, zigorrik gabeko epaia ez dadila izan. Behintzat, justizia egin dadila. Eta gero, lasai bizi ahal izatea. Ez dut esango ahaztu, semea ez dudalako inoiz ahaztuko, baina bai orri hori pasatu ahal izatea. Iñigoren lagunak, berdin: nahikoa eskatu diegu, nahikoa eman digute, eta gustatuko litzaiguke haiek ere euren bizitzaz gozatzeko aukera izan dezaten, atseden har dezaten.

F. L.: Orain, atsedena baino ez dugu behar. Eta Iñigoren lagunek ere atsedena behar dute. Badituzte euren bikotekideak, euren seme-alabak, baina segitzen dute batzartzen gauzak antolatzeko, eta nik atseden har dezatela nahi dut, merezi dute eta. Guk ere merezi dugu. Ez nuke kontua gehiago luzatu nahi, urteak aurrera doazelako.

[youtube]https://youtu.be/eglK9RSveZc[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.