EH Bilduren Nafarroako lehendakarigaia

Laura Aznal: «Gure helburua da eskuinaren politikak alde batera uztea»

Hiru egunen faltan, «animatuta» dago Laura Aznal. Garrantzitsua deritzo UPNren eta PSNren arteko arrakala handitzeari: «EH Bildu zenbat eta indartsuago, ezkerreko politika orduan eta ausartagoak egingo dira».

IDOIA ZABALETA / FOKU.
IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun

EH Bilduren Nafarroako zerrendako beste hainbat kideren moduan, udalgintzatik dator Laura Aznal lehendakarigaia (Iruñea, 1971). Ezkabarteko hautetsi izan zen aurreko legealdian, eta parlamentari honetan. Orain, Bakartxo Ruizen lekukoa hartzeko ardura egokitu zaio, eta, urtarriletik kanpainaurrean murgildurik, Nafarroa zeharkatu du. «Bertako jendearekin egoteko aukera izan dut; oso aberasgarria izan da». Hiru egunen faltan, «animatuta eta baikor» dago.

Zer helburu duzue maiatzaren 28ari begira?

Kopuru jakin bat lortzea bainoago, eskuinaren politikak alde batera uztea dugu helburu. Orain, fase berri batean gaude. Eskuinak Nafarroako politiketan ez eragitea nahi dugu, eta, legealdi honetan bezala, erritmorik ez markatzea.

Inkestek goranzko joera adierazten dute. EH Bilduren zerrenden aferak eraginik izango du?

Estatuaren politikaren okerrena ekarri nahi izan dute Nafarroara, eta uste dut ez dutela lortuko. Gu joan gara herriz herri proposamenak egitera. Aste hasieran atera den inkesta batean adierazten da Nafarroako herritarren kezka nagusiak osasungintza, enplegua, prekaritatea, etxebizitza eta abar direla. Arreta desbideratu nahi dute, baina ez dute lortu.

Bere estrategian, UPNk EH Bildu aipatzen du. Zuk nahiago izan duzu polemika horietan ez sartu. Zergatik?

Eskuina etengabe hitz egiten ari da EH Bilduri buruz, eta horrek adierazten du ez duela proiektu politikorik Nafarroarentzat. EH Bildu behin eta berriz aipatuz, euren ezgaitasuna ezkutatzen dute.

Badago interpretazio maltzur bat: UPNk EH Bildu sendotu nahi du, horrek zaildu egingo diolakoan PSNri zuekin hitzartzea, eta erraztu haiek gobernatzea.

Esparza jaunak askotan adierazten du erabakiak hemen hartu behar direla, Nafarroan; ez Madrilen, ez Bilbon. Baina, gero, Madrilgo erabaki baten zain dago, bizirik irauteko. Aurrez ere ikusiak ditugu halakoak, eta PSNren tentazioak ezagutzen ditugu, zoritxarrez. Gobernatzea da haren obsesioa, eta edozer gauza egingo luke.

UPNk gobernura iristea lortuko ez balu hirugarrenez… zer?

Oso garrantzitsua litzateke. UPNren eta PSNren artean arrakala handitzea lortu genuen, eta arrakala hori handitzea eta sakontzea da gure helburua. Nafarroan beste alternatiba bat dago: EH Bildu zenbat eta indartsuago egon, ezkerreko politika orduan eta ausartagoak egingo dira.

Txibitek ez du kanpoko menpekotasunik nahi, ezta EH Bildu gobernuan egotea ere.

Hasteko, Txibitek berak esan du EH Bildurekin legeak eta akordioak hitzartu dituztenean jendeak irabazi duela eta eskubideak zabaldu direla. Bestalde, guk edukietan egiten dugu lan. Oso argi ditugu lehentasunak: sistema publikoa indartzea; eskubideak zabaltzea eta bermatzea, hizkuntz eskubideak barne; autogobernuan urratsak egitea eta trantsizio ekologiko eta energetiko demokratikoa sortzea.

Nafarroako Gobernuan sartzeko prest zeundekete?

Esan bezala, guk lehentasunetan eta edukietan lan egiten dugu. Maiatzaren 28tik aurrera hitz egin beharko da. Guk adierazi dugu prest gaudela hitz egiteko eta akordioak lortzeko.

Aurreko gobernuan, PSNk izan du botere handiena, eta aurreko akordio programatikoan zer eta nola bete kontrolatu du. Hori jakinik, zer jarrera duzue negoziazioei begira?

Gu anbizio osoz goaz hauteskundeetara. Eskuinaren aurka beste alternatiba bat sortzeko protagonistak izan nahi dugu guk. Legealdian anbizio falta ikusi dugu, eta gobernuak egindakoarekiko tolerantzia handiegia.

Adibidez?

Autogobernuan. Bi transferentzia bakarrik egin dira, eta ospatu dugu Foru Hobekuntzaren 40. urteurrena, besterik gabe, oharkabean. Badago potentzial handia beste hainbat eskumen ekartzeko hona: ikerketa eta garapena, bekak, fiskalitatea... Trafikoan, EH Bildu gai izan da transferentzia horri data bat jartzeko eta errealitate bihurtzeko. Madrili asko begiratu zaio.

Parlamentuan onartu zen ebazpen bat Foru Hobekuntzaren erreformaren eztabaidari ekiteko, baina ez da ezer egin. Datorren honetan egingo al da?

Gu saiatuko gara, behin eta berriz. Oso beharrezkoa da eztabaida politiko eta soziala irekitzea. Bada garaia nafar herritarrek hitz egin dezaten, eta guk haiei entzun. Ez dute nahi, beldurragatik. Gehiegi begiratzen diete Madrili eta eskuinari. Batez ere eragiten diguten gaiei buruz erabakitzen badugu hemen, herritarrek irabaziko dute: adibidez, enpleguari buruz, energiari buruz...

Osasungintza da herritarrak gehien kezkatzen dituen gaia.

Guk aurrekontu akordioetan hainbat proposamen interesgarri sartu ditugu langileak kontratatzeko, azpiegiturak berritzeko, buruko osasunerako... Aurrekontuak aberastu ditugu. Osasungintzak egiturazko arazoak ditu, eta epe ertainerako konponbideak behar dira, baina gobernua piztutako suak itzaltzen ibili da, oso epe motzeko erantzunak emanez. Lehen arreta indartu behar dugu, gero eta indartsuago egoteak eragina izango baitu itxaron zerrendetan. Horretarako, enplegu baldintza duinak behar dira langile guztientzat, eta funtsezkoa da eragileekin lege berri bat hitzartzea. Bada garaia.

Euskararen diru laguntzak handitu dira, baina hizkuntza politiketan ez atzera ez aurrera geratu da, edo zuzenean atzera egin du. Zer proposatzen duzue euskarari dagokionez?

Guk bagenekien gobernu honekin ez zela erraza izango euskararen arloan pausoak ematea. Izan diren aurrerapen bakarrak gure proposamenei esker izan dira: Mendigorrian eta Larragan D eredua zabaltzea; helduen euskalduntzearen bidean aurrerapauso oso garrantzitsuak ematea —gure helburua da doakotasuna lortzea—, edo hedabideentzako aurreikusita zeuden murrizketak egin ez zitzaten eta erabaki hartan atzera egin zezaten eragitea. Helburua da euskararen lege berri bat egitea, zonifikazioa gainditzeko eta euskara merezi duen tokian jartzeko.

Posible ikusten duzue hori aurrera ateratzea?

Bagenekien ez zela batere erraza izango. Helburua da beste gehiengo batzuk sortzea. Adibidez, administrazioan, lanpostuen %3k soilik dute hizkuntz profila. Onartutako hizkuntz planak ez dira garatu. Hamahiru departamentuetatik bostek ez dute hizkuntz profila eskatzen lanpostu batean ere. Hori ez da Nafarroako errealitatea. Ausardiaz jokatu behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.