Albistea entzun

Urkulluk ukatu egin du epaiek hizkuntz politikan eragin izana

Euskararen kontrako «erasoei» aurre egiteko, hizkuntzaren inguruko herri akordio bat proposatu dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari

Iosu Alberdi -

2023ko otsailak 4

Eusko Legebiltzarrak urteko lehen kontrol saioa egin zuen atzo. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk zenbait gairen inguruko erantzunak eman behar izan zituen; besteak beste, euskara hizkuntz eskakizun gisa jartzearen aurkako azken epaien inguruan aritu zen; zehazki, ez du uste ebazpen horiek hizkuntz politikan eragiten dutenik.

EH Bilduko eledun Maddalen Iriartek adierazi du auzitegiek azken asteetan eman dituzten ebazpenak «oztopo» eta «eraso» direla euskararen erabilera normalizatzeko bidean. Hala, jarrera proaktiboa izateko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Galdegin dio euskalgintzarekin dituen harremanak indartzeko, eta euskara erdigunean jarriko duen herri akordio bat proposatu dio lehendakariari. Izan ere, Iriarteren esanetan, «erronka handiak» ditu euskarak, eta horiek aukera moduan jorratu behar dira.

Urkulluren esanetan, baina, Irunen (Gipuzkoa), Barakaldon (Bizkaia), Gasteizen eta Laudion (Araba) judizializatu diren auziak tokiko erakundeen esparrura mugatzen dira, lanpostu publiko jakin batzuk ondo zehaztu diren ebaztera: «Horietako bakar batek ere ez du zalantzan jarri hizkuntza normalizazioaren prozesua». Halere, azaldu du euskararekin zerikusia duen gai orok «kezkatzen» duela Jaurlaritza, eta lan egiten ari dela «hizkuntza politiko progresiboa eta tokian tokiko ezaugarrietara egokitua» aplikatzeko.

Osasun gaiez jardun du Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaile Miren Gorrotxategik, eta osasun publikoko medikuen esklusibotasunaren inguruko eztabaidaz galdetu du. EP-IUk urtarrilean proposatu zuen beste modu batera arautzea Osakidetzako zerbitzuburuen bateraezintasuna, zerbitzu publikoen eta pribatuen arteko «interes gatazkak» sor daitezkeelakoan. Gorrotxategik Urkulluri eskatu dio Jaurlaritzaren jarrera argitzeko, EAJko zenbait kidek erantzun kontrajarriak eman dituztelakoan.

Urkulluren ustez, eztabaida ez dago mahai gainean. Haren ustez, esklusibotasuna ezartzeak «lehia gogor bat» eragingo luke, eta «kostu handiago bat», langileak falta baitira. Hala, osasun sistema publikoaren eta pribatuaren arteko harremana defendatu du: «Biak aurrez aurre jartzeak ez dio inori mesede egingo».

De Miguel auziaren ingurukoak ere erantzun behar izan ditu Urkulluk. Lehendakariak azaldu du bera izan zela Alfredo de Miguelen aurkako neurriak hartzen lehena, EAJren Buru Batzarreko presidente zela, eta EAJk ez duela zerikusirik auziarekin: «Hamahiru urteko ikerketaren ostean, ez dago EAJren kontrako ezer». PP-Ciudadanoseko eledun Carlos Iturgaizek galdetu dio gaiaz, eta De Miguel babestu izana leporatu dio Urkulluri: «Zure alderdiak beso zabalik hartu zuen».

Egindakoaren defentsa

Alderdiek sailburuak ere interpelatu dituzte. Esaterako, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak ikastetxeetako segregazioaren kontra hartzen ari diren neurriak babestu ditu. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek, berriz, Espainiako Gobernuak Gasteizen sortu nahi duen migratzaileentzako zentroa kritikatu du, eta euren harrera eredua defendatu, bere azken osoko bilkuran.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Armendariz, Zaballatik atera berri. ©Etxerat

Aske geratu da Iñaki Armendariz euskal presoa

Berria

25 urteko zigorra osorik beteta atera da Zaballako kartzelatik.

Foro Sozialak Donostian egindako azken jardunaldiaren aurreko argazki ekitaldia, atzo. ©GORKA RUBIO / FOKU

Presoen gizarteratzea «galaraziko ez duen lobbya»

Xabier Martin

Aitzol Aslak dio Auzitegi Nazionalak «moteldu» egin duela presoen prozesua. Txemi Perezen ustez, gizartea «beheko kanpalekuan» da jada

Sebas Gurtubai Darocako (Espainia) espetxetik irten berritan ©Etxerat

Sebas Gurtubai eta Zigor Blanco aske geratu dira, hogei urteko espetxealdia beteta

Berria

Zigorraren hiru laurdenak aspaldi beteta zituzten bi presoek, baina osorik bete dute espetxe zigorra. Darocako (Espainia) espetxetik atera da Gurtubai, eta Basaurikotik (Bizkaia) Blanco.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...