Korsika. Hizkuntzaren egoera

Erlojuaren kontra

Korsikera dakitenen kopurua nabarmen jaitsi da, eta galtzeko arriskuan dago hizkuntza. Gaur egun, ordea, joera positibo bat sortu da: gero eta hiztun gazte gehiago daude uhartean.

Erlojuaren kontra.
ander perez zala
Sartene
2018ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Korsikera galtzeko arriskuan da. Hala dio Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak, eta horren jakitun daude Korsikan bertan ere. Hizkuntzak ez du lege estatuturik ez Korsikan, ez Frantzian, eta hiztunen kopuruak beherantz egin du hamarkadotan. Erlojuaren kontra ari dira lanean korsikeraren aldeko elkarteak, eta berpiztea eta koofizialtasuna dute helburu, hizkuntza gal ez dadin. Gaur egun, beheranzko joera hori alda lezakeen gertakari batean murgilduta dago hizkuntzaren bilakaera: hezkuntzan egindako lana lehen fruituak ematen hasi da, eta nazionalisten garaipenak arnasa eman liezaioke korsikerari. Ordea, oraindik asko dago egiteko.

Zaila da zehaztea zenbat hiztun dauden. Ez dago estatistika ofizialik, eta ez da ia inkestarik egin. Bada galdeketa bat, 2012an egindakoa, Korsikako Gobernuaren aginduz: jasotako datuen arabera, urte hartan 86.000- 130.000 hiztun zeuden Korsikan, 300.000 biztanleren artean. Inkestaren arabera, «hiztun aktiboak» ziren, eta, horiez gain, beste 20.000 herritar zeuden korsikera ulertzen zutenak eta hizkuntza horretan elkarrizketa txiki bat edukitzeko gai zirenak; denera, 150.000 hiztun, urte horretako biztanleriaren erdia. Kopuru hori, ordea, gehiegizkoa litzateke, Parlemu Corsu elkarteko zuzendari eta bozeramaile Micheli Lecciaren arabera: «Harrigarria iruditzen zaigu kopurua 130.000 izatea. Gu beti zenbaki apalenetik abiatzen gara, kasu honetan 86.000. Gure ustez, hiztun kopurua 60.000 eta 70.000 artekoa da, gutxi gorabehera hiri baten biztanleria. Zergatik dio inkestak kopurua handiagoa dela? Askok Korsikarekiko sentimendu handia dutelako, lotura estua dutelako irlarekin, eta beren familiak betidanik hemengoak izan direnez, ez dira ausartzen esatera ez dutela hizkuntza hori erabiltzen».

Uhartearen ipar-ekialdean hitz egiten dute gehien korsikeraz: hain justu, Korsikak biztanle gehien duen gunean. Eremu horretan daude Bastia, Calacuccia, Ponte-Leccia, Corte, Ghisonaccia... «Beste eremuekin konparatuta, gune hori ez da hain turistikoa, eta herri txikiekin lotura handia du. Hor hitz egiten da gehiago korsikeraz».

Transmisioa, beherantz

Transmisioan beherakada izan zen aurreko mendean, korsikera ez zelako lotzen arrakasta sozialarekin. Korsikarrei esan zieten lan bat lortzeko, miseriatik ateratzeko eta bizian estatus bat lortzeko beharrezkoa zela frantsesari garrantzia ematea. Eta askok ideia hori aplikatu zuten seme-alabekin. «Adibidez, nik txikitan ez nuen erabiltzen. Nire gurasoek bai, kalean batez ere, lagunak edo ezagunak topatzen zituztenean, baina nirekin hitz egiten zutenean, edo edozein gazterekin, frantsesez hasten ziren. Sistematikoa izan zen: helduek korsikeraz hitz egiten zuten elkarrekin, eta haurrekin, frantsesez. Hori zen pentsamoldea».

Pertzepzio sozialaz gain, bi mundu gerren ondorioz nazionalismo frantsesa areagotu egin zen, eta horrek ere eragina izan zuen transmisioan. Gerrek irlako ekonomiaren egoera okertu zuten, eta askok armadan sartu behar izan zuten; horren ondorioz, nazionalismo frantsesa gailendu zen. «Dena den, I. Mundu Gerraren ondorioz hasi zen txikitzen hiztunen kopurua. Frantsesak XVIII. mendean iritsi ziren, baina 1914. urtera arte uhartean ia denek hitz egiten zuten korsikeraz; eliteek hitz egiten zuten soilik frantsesez. Nik nire aitona-amonak ez nituen ezagutu, baina badakit amonak ez zekiela frantsesez, eta aitonak bazekiela gerran ikasi behar izan zuelako. Bigarren Mundu Gerrara arte, gehienek korsikeraz hitz egiten zuten; hortik aurrera, asko jaitsi zen, eta 1970eko hamarkadan erdiek zekiten soilik».

Egungo egoera

Egungo argazkia argia da. Korsikera hiztun zaharrak galtzen ari da, hizkuntza transmititzeko eragile garrantzitsuak, baina, aldi berean, joera positibo bat ari da sortzen azken urteotan: hiztun berriak sortzen ari dira, eta gero eta gazte gehiagok dakite korsikeraz. «20 urteko gazte hiztun gehiago daude orain, lehen baino. Hizkuntzaren transmisioan eten bat izan zen aurreko mendean, eta haurrek ez zuten korsikeraz hitz egiten. Orain, ordea, joera aldatzen hasi da», Lecciaren arabera. Joera horretan, arreta jarri du kanpotik datozenen seme-alabetan: «Urtero, 5.000 kanpotar etortzen dira Korsikara bizitzera. Horien seme-alabak hiztun potentzialak dira, eta gurasoek eta haurrek uhartearekiko lotura eta batasun gisa hartzen dute hizkuntza. Kanpotik datozen asko ohartzen dira behar dutela korsikera ikasi. Eta hori positiboa da, baina ez dugu lortuko hizkuntza salbatzea soilik kanpotarrei esker; hemengoek ere ohartu behar dute beren esku dagoela».

Hizkuntza berreskuratzen

Bide horretan jarri dira, pixkanaka, hainbat guraso. Beren seme-alaben eraginez, korsikera berreskuratzeko beharraz ohartu dira; eta korsikera galdua zuten beste hainbat pertsona horixe bera egiten hasiko dira. Helburu hori betetzeko, baliabideen beharraz ohartarazi du Lecciak: «Baliabideak ugaritzen baditugu, lortuko dugu hizkuntza salbatzea. Orain dinamismo berri bat dago: korsikerara itzuli nahi duten pertsonak daude. Beti egon da, baina egun asko areagotu da. Heziketa areagotzen ari da, zentro pribatuak irekitzen ari dira... Adibidez, ni PortoVecchiokoa naiz, eta hor formakuntza bat bada, 120 ikasle heldu dituena. Eta hori asko da, kontuan harturik PortoVecchio ingurua txikia dela. Eta Ajaccion, Bastian eta beste hainbatetan ere badaude horrelako formakuntzak, hizkuntza erakusteko».

Hori guztia berria da, eta «baikorra» hizkuntzarentzat. «Duela 30 urte baino gutxiago hitz egiten da? Bai, baina duela bost-hamar urte baino gehiago».

Korsikeraren erabilera erregistro berrietara zabaldu dela nabarmendu du Lecciak. «Alde batetik, hiztun zaharrak galtzen ditugu, hizkuntza transmititu zezaketenak, baina, orain, korsikera erregistro berrietan erabiltzen da. Ni haurra nintzenean, korsikera familian erabiltzen zen bakarrik, eta orain telebistan dago, kalean, irratian, eskoletan... Eta diputatu berriekin, asanblean ere bai. Paradoxikoki, familian lehen baino gutxiago erabiltzen da».

Hizkuntza eguneroko alor guztietara zabaltzea du helburu Parlemu Corsuk, eta, horri begira, hainbat proposamen egin dituzte. Garrantzitsuena, Korsikako enpresa guztiek hizkuntzari buruzko formakuntza bat izatea, langile guztiek ikas dezaten korsikeraz. «Langile askok, izan korsikar nazionalista, izan frantziar nazionalista, ondo hartu dute gure proposamena. Nahiago dute formakuntza hori lan orduetan jaso, lanetik atera ondoren baino, gauean».

Koofizialtasunaren inguruan, politikari nazionalistek Lecciari azaldu diote aldarrikapen zailena dela. Parisek gai guztiekin izan duen erreakzioa ikusita, dena zaila izango dela ohartu dira, baina batez ere hizkuntzaren koofizialtasuna jotzen dute auzi zailenetzat. «Koofizialtasuna behar dugu hizkuntza berriz pizteko, baina, horrekin batera, baliabideak, hemengo erakundeak benetan inplikatzea. Bestela, ezer gutxirako balioko du koofizialtasunak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.