Katalunia. Mobilizazioak

Ikasgela hutsak, epaiaren aurka

Ikasleen sindikatuek deitutako grebak arrakasta «ia erabatekoa» izan du: %5-10 joan dira institutu eta fakultateetara. Arratsaldean ere milaka lagun batu dira Bartzelonan, jai giroan

Milaka lagun batu ziren atzo arratsaldean «Olinpiar Joko errepublikarretan», Auzitegi Gorenaren epaiaren aurka protesta egiteko. LARA MADINABEITIA.
jon olano
Bartzelona
2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Kataluniako buruzagi independentistak ehun urteko zigorrera kondenatzen dituen epaiaren aurkako protestek ez dute etenik astelehenetik, Espainiako Auzitegi Gorenak sententziaren berri eman zuenetik. Atzo, ikasle mugimendua izan zen protagonista; milaka gazte kalera irten ziren, Ikasleen Sindikatuak eta SEPC Herrialde Katalanetako Ikasle Sindikatuak deituta, eta, unibertsitate ugarik zabaldutako datuen arabera, grebaren arrakasta oso zabala izan da; Gironako Unibertsitatean, esaterako, %5-10 joan dira eskoletara.

Hiru eguneko grebara deitu zuten bi sindikatuek, eta atzokoabigarrena zen. Universitat plazan jarri zuten hitzordua, eta milaka batu ziren, bertatik manifestazioan abiatzeko. Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera, 25.000 inguru elkartu ziren. Coral Latorre Ikasleen Sindikatuko bozeramaileak BERRIAri azaldu zionez, grebaren erantzuna %90ekoa izan da institutu eta fakultateetan: «Ikasleok badakigu mobilizazio honen buruan egon behar dugula. Arrakasta ia erabatekoa da, eta, horrela, salatu nahi dugu kriminalizazio eta desitxuratze kanpaina bat dagoela Kataluniako herriaren aurka, mobilizazioen izaera baketsua estaltzeko».

Era berean, Latorrek Generalitatearen jokabidea salatu zuen; egotzi zion epaia «ahapeka» arbuiatzea eta mossoak bidaltzea sententziaren aurka protestan ari direnen kontra. Aitzitik, eskerrak eman zizkien Euskal Herrian eta Espainian katalanekiko elkartasun egitasmoak antolatu dituztenei, eta «Altsasukoen aurkako muntaketa kriminala» salatu zuen: «Elkartasun horretan oinarritzen gara, argi baitago hau ez dela Katalunia Espainiaren aurka, batzuek saldu nahi duten bezala, baizik eta Kataluniako herria frankismoaren kontra». Atzo bertan, nazioarteko hamabost indar politikotako gazte antolakundeek arbuioa adierazi zioten epaiari.

«Olinpiar Jokoak» Gracian

Ikasle mugimenduaren grebak hirugarren eguna izango du gaur, eta bat egingo du Katalunia osorako deituta dagoen greba deialdiarekin. Testuinguru horretan, Jaume Casals Pompeu Fabra Unibertsitateko errektoreak erabaki du gaurko jarduera guztiak bertan behera uztea, aintzat hartuta grebak «zaildu» egingo duela «unibertsitateko ohiko jarduera guztietan gutxieneko segurtasuna» izatea. Gainerako unibertsitateek, berriz, ebaluaziorako balio duten jarduerak baino ez dituzte etengo.

Atzo arratsaldean, berriz, milaka lagun elkartu ziren Salvador Espriu lorategiaren inguruan, CDR Errepublikaren defentsarako batzordeek deituta, «Olinpiar Joko errepublikanoak» ospatzeko. Horrela, gogoan izan zituzten 1936an Bartzelonan egin zituzten Olinpiar Joko alternatiboak, Alemania naziak antolatutakoei kontra egiteko. Festa giroan batu ziren atzo, kirol eta jolas ugaritan arituta. Sarrian, ordea, eskuin muturra elkartu zen, Espainiaren batasunaren alde.

Bestalde, atzo erietxean zeuden oraindik azken egunetako istiluetan zauritutako hiru herritarrak, Generalitateko Osasun Departamentuak zabaldu zuenez. Horien artean, mossoen furgoneta batek jota garuneko traumatismoa izan zuen adingabea egonkor dago oraindik ere. Sendagiria eman diote, berriz, astelehenean Prat aireportuan Poliziak jaurtitako pilota edo foam jaurtigai baten ondorioz begi bat galdu zuen pertsonari. Gainera, laugarren egunez, errepide ugari moztu zituzten Katalunia osoan : besteak beste, AP-7a Castellvi de Rosanesen eta A-2a Esparragueran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.