Mugetako «kontrol arrazistak» salatuz abiatu da Mugak Zabalduz

Pirinioetatik Alpeetarako bidea egingo du karabanak, Europan migratzaileei ezartzen dizkieten mugetan barrena. Bidasoko muga igaro nahian hildakoak omendu dituzte

Bidasoko muga pasatu nahian hildako migratzaileen omenez monolitoa jarri zuten, atzo, Irunen. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Irun
2022ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
«Nabarmendu nahi dugu mugak direla ilegalak edo irregularrak, eta ez pertsonak. Urteetan hemen ipintzen ari diren kontrol arrazistek jendea behartzen dute sarbide gero eta arriskutsuagoak bilatzera». Carovane Migranti taldeko Giacomo Donadioren hitzek azaltzen dute aurtengo Mugak Zabalduz karabanaren aldarrikapenen funtsa. Atzo, prentsaurrekoa eman zuten Mugak Zabalduz karabanako, Caravana Abriendo Fronteraseko, Irungo Harrera Sareko, Carovane Migrantiko eta Aita Mari erreskate ontziko ordezkariek, Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) batzen —edo banatzen— dituen Santiago zubian. Mugak kritikatu, eta migratzaileentzako pasabide seguruak exijitu zituzten.

Migrazioaren historia errepasatu du Irungo Harrera Sareko Itziar Gomezek: «1972an, Bidasoa ibai honetan 130 pertsona migratzaile ito ziren, 80 portugaldar eta 50 afrikar». 50 urte geroago, historia errepikatzen ari da: eman dituzten datuen arabera, azken urtean bederatzi migratzaile hil dira Bidasoko muga inguruan. Irmoki gaitzetsi du migratzaileei ematen dieten tratua: «Hendaia eta Irun arteko muga honetan gaude, eta egunero ikusten ditugu kontrol zorrotzak eta arrazistak, gizatasuna kentzea, kanporaketa ilegalak, pertsona zuriak beltzak umiliatzen». Alternatibak galdegin ditu: «Giza korridoreak eskatzen jarraituko dugu denontzat, izan zuri ala izan beltz, migratzaileen oinarrizko eskubideak defendatzen, Euskal Herria harrera herria izan dadin aldarrikatzen». Izan ere: «Migratzeak ez luke lotuta egon behar heriotzarekin».

Eta hildako horiek guztiak ere omendu dituzte prentsaurrekoaren ostean: «Hemen azken arnasa eman zuten migratzaileen oroiminez» jartzen duen monolitoa inauguratu dute zubiaren alboan.

Aldarrikapenek ez dute etenik izan arratsaldean. Baionako Pausa harrera zentrotik giza katea egin dute. Bertan azaldu dutenez, horixe da Ipar Euskal Herrian harrerarako dagoen zentro bakarra: «Ez da nahikoa». Gainera, salatu dute Bidasoan «hildako gehiegi» egon direla, eta Europaren migrazio politikak ere deitoratu dituzte: «Frantziaren eta Europaren migrazio politikak duintasunik eta gizatasunik gabeak dira». Elkartasuna zigortzen dela ere kritikatu dute: «[Migratzaileak] Harreran hartzen dituztenek jasaten duten presioa salatzen dugu». Bestelako eredu bat defendatu dute: «Euskal Herria harrera herria da, eta hala izango da aurrerantzean ere».

Hasi baino ez da egin

Garai batean eta gaur egun migratzaileei Europan jarritako mugak eta errepresio guneak ari dira markatzen Mugak Zabalduz karabanaren ibilbidea. Bidea hasi baino ez dute egin: Euskal Herrian egon ziren herenegun eta atzo, Bidaso inguruan, eta Irundik abiatuko dira gaur. Antolatzaileen esanetan, 150 lagun inguruk parte hartuko dute; Euskal Herrikoak dira asko, baina Herrialde Katalanetatik, Madrildik eta Italiatik etorritakorik ere bada. Pirinioak eta Alpeak zeharkatuko dituzte, eta hainbat bisita egingo dituzte. Besteak beste, Gurseko (Okzitania) kontzentrazio esparru ohira joango dira, baita Frantziaren eta Italiaren arteko mugan dagoen Claviere herrira ere. Hamar egunen ostean, Bartzelonan amaituko dute karabana, hilaren 24an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.