Noiz sortua: 2020-03-10 00:30:00

Heriotzaren errepidera kondenatuta

N-121-A errepidean egunerokoan ibiltzen diren anitzek ez dute euren bizitza arriskuan jartzea bertze erremediorik: lanerako edo ikastera joateko hartzen dute egunero, ez dago ia garraio publikorik, eta nazioarteko garraioa hartzeko prestatuta ez dagoen bide batetik joan behar izaten dute.
N-121-A errepidearen argazki bat, Baztanen, artxiboko irudi batean.
N-121-A errepidearen argazki bat, Baztanen, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2020ko martxoak 10
Iruñetik Irunera (Gipuzkoa) joateko, hiru autobus daude egunean, astean zehar: 08:00etan, 13:15ean eta 18:00etan. Irunetik Iruñera, bi: 07:55ean eta 16:30ean. Gehiago daude Irun eta Lesaka (Nafarroa) artean eta Iruñea eta Elizondo (Nafarroa) artean, baina hor ere maiztasuna ez da handia: bi orduan behin daude autobusak lehendabiziko ibilbidean, soilik 19:00ak arte, eta bertze ibilbidean, ia hiru orduan behin. Denbora anitz pasatzen dute batetik bertzera joateko. Eta bertze konbinazio gehienak ez dira existitu ere egiten: herri txiki batetik bertzera joaterik ez dago garraio publikoan. Autobusak, beraz, erdi hutsik joaten dira maiz: jendeari ez dio balio ikastera edo lanera joateko, ordutegi eta maiztasun faltagatik. Eta horretarako erabiltzen dute, hain justu, eskualdeko herritar gehienek N-121-A errepidea: lanera eta ikastera joateko, egunero.

Errepideak duen arazoetariko bat da, baina ez bakarra. Azken asteotan, komunikabideetan behin eta berriro atera da errepidearen izena, istripuen ugaritasunagatik eta eragiten dituen heriotzengatik. Hildako anitz, gainera, errepide horren inguruan bizi diren herritarrak dira.

«Amorru pixka bat ematen dit ikusten ditudanean kartelak erranez kamioiek A-15era joan behar dutela. Ez da hori. Arazoa hagitzez integralagoa da», salatu du Asier Calderon Baztan-Bidasoko LABeko arduradunak. Ez du ukatu kamioien trafiko handia arazotsua denik, baina arreta horretan soilik ez jartzeko eskatu du. «Garraiolariak kriminalizatzen ari dira, baina horretan ere patronalak pisu handiagoa du: anitzetan izaten dira langile hagitz prekarioak, presioa dutenak lehenbailehen ailegatzeko helmugara eta ordu gehiegiz ibiltzen direnak errepidean».

Hiru arazo nagusi ikusten ditu LABeko kideak errepidearen gaitzari lotuta: garraio publikoaren eskasia, eta enplegu eta zerbitzu publikoen falta. «Nafarroa iparraldeko herritarrak ahaztuak izan gara urteetan». Eta horrek guziak erantzule nagusi bat du, haren ustez: Nafarroako Gobernua. «Hautu politiko batengatik ez dute inbertsiorik egin, eta hutsune handia dugu zerbitzu publikoetan». Interpretazio horrekin arrunt bat dator Joseba Otondo Baztango alkatea. «Azkeneko hamarkada hauetan guzietan, Nafarroan pilaketa bat izan da Iruñeari buruz eta Iruñerriari buruz: jarduera ekonomikoarena, jendearena, zerbitzuena... Eta hori, bertzeak bertze, Nafarroako gainerako lurralde eremuen kaltetan edo eremu horien bizkar egin da». Osasun arloan, adibidez, Iruñera edota Donostiara joan behar izaten dute maiz herritarrek, baita administrazioko tramiteak egitera ere. Enplegua ere eskasa da, Calderonen hitzetan. «Desindustrializazio prozesu batean gara: duela hogei urte zeuden lanpostuek ez dute zerikusirik gaur egun daudenekin». Industriaren partez turismoa eta hirugarren sektorea bultzatzen hasi direla salatu du, baina horrek ez dakarrela deus onik: «Sortzen diren lanpostu horiek zerbitzuetakoak dira, duten prekaritate guziarekin; eta ez da apusturik egiten nekazaritza munduarekin, adibidez». Otondok ere uste du bizkarra eman zaiola lehenago garrantzitsua zen lehen sektoreari: «Landa eremuan historikoki garrantzitsuak izan diren sektore produktiboak desegituratu dituzte. Gaurko egunean, Nafarroako mendialdean nekazaritzarik ja ez dago populazio aktiboaren dedikazio termino adierazgarrietan».

Ikasketa aukerak ere urriak dira, Calderonek azaldu duenez. «Hemen ikasteko hagitz aukera guti ditugu: batxilergoa bukatuta, jendea kanpora joaten da. Eta edo hartzen du pisu bat bertze nonbait, edo errepidean ibiltzera behartua dago». Eta horrek ondorio argia ekarri die eskualdeko herritarrei: N-121-A errepidea ezinbertzean erabili behar izatea. Otondo: «Egunerokoan lanari buruz jendeen joan-etorria handitu behar izan da, eta horrek ekarri du landa eremuan bizitzeak gero eta gehiago erran nahi duela lotarako gelditzea, eta eguneroko hainbertze jardueretarako hiriguneetarako joan-etorrian ibili behar izatea. Gure eskualdea punpatzeko oinarrizko arteria bat bihurtu da N-121-A errepidea».

Dirua eta politika

Interes politiko eta ekonomikoak ikusten ditu Calderonek Nafarroako Gobernuak egindako inbertsio eskas horren gibelean. «Erriberan, adibidez, azpiegitura askoz hobeak daude. UPNren garaian, bazekiten non zituzten botoak, non lortzen ahal zituzten gehiago horrelako gauzak eginez, eta, hemen, Nafarroako Gobernuaren inbertsio publikoa hutsa izan da urteetan». Errepidea bertze adibide bat da: «Ez zaio sekula seriotasunik eman». Otondok eredu ekonomiko jakin baten isla ikusten du guziaren oinarrian: «Dinamika globalago baten barnean eta azken hamarkadetan indartu diren joera ekonomiko sakonen arrimuan, ekonomiaren eta Europako Batasunaren hedapena izan da, merkatu handien garapena, merkatu handi horiek garatu ahal izateko komunikazio azpiegituren gisa guzietako hedapena». Horren barnean kokatzen du N-121-A errepideko gainkarga ere. «Badira urte batzuk eragile politiko eta ekonomiko jakin batzuek erabaki zutela N-121-A errepidea europar mailako errepide bat izanen zela eta interes ekonomiko eta logika politiko jakin bati erantzunen ziola». Horrek berekin ekarri du eskualdeko errepide bat baino gehiago izatea N-121-A: «Egun, europar mailako errepide bat da: ez da eskualdeko errepide bat Iruñearekin lotzeko». Bertzeak bertze, Calderonek zehaztu du gasolindegi ugari daudela errepidean, eta Nafarroako Gobernuak etekina ateratzen duela haien zergetatik. Gasolindegietako langileak, berriz, guti dira, eta enplegua sustatzekotan bertze modu batez sustatu beharko litzatekeela uste du LABeko kideak. Galdera zuzena egin die enplegua errepidearen gainkargaren bidez lortu nahi dutenei: «Zein da bizitza baten prezioa?».

Garraio eredua ere jarri dute auzitan alkateak eta sindikalistak. Adibidez, trenez ere ibil zitekeen garraio astuna. Otondo: «Europako Batasunean zama garraioaren %18 banaz bertze trenbidez egiten da; Austrian, %48; Alemanian, %24; eta Nafarroan, %1,6». Arrazoi ekonomikoak ikusten ditu horren gibelean ere: «Eta interes ekonomiko pila hori modu ezberdin batean adierazten da lurralde edo geografia bakoitzaren arabera, lurralde bakoitzeko botere ekonomikoen eta toki bakoitzeko elite ekonomikoaren modernizazio puntuaren arabera eta logika kulturalaren arabera». Gibelatua ikusten du egokitu zaiena: «Pirinioen hegoalde honetan, 1970eko hamarkadan bizi den elite ekonomiko bat tokatu zaigu».

Baztango alkateak salatu du, halere, herritarren artean ordaintzen dituztela garraio eredu horrek ekartzen dituen «kanpo ondorioak». Erraterako, heriotzen edota langileen baldintza prekarioen bitartez: «Hain merke da garraio guzia, komunikazio azpiegitura horiek, esternalitate horiek denak herritarrek pagatzen ditugulako. Bai gure sakeletatik zergen bidez, bai eta deslokalizazioen eta lan baldintzen makurtzearen bidez».

Bidea: tokiratzea

Orain arte proposaturiko soluzioak ez dira eraginkorrak epe luzera, Calderonen eta Otondoren ustez: autobide bat egitea ez litzateke ez egokia eta ez jasangarria, eta Nafarroako Gobernuak jarri nahi duen 2+1 ereduak ere ez ditu asetzen —norabide batean lerro bat eta bertzean bi egitea litzateke—. Errepidetik harago, oinarrizko arazoa konpondu beharko litzatekeela uste dute biek ala biek. Nafarroako Gobernuari egin dio galdea Calderonek. «Erran ditugun gabezia guzti-guztiak Nafarroako Gobernuaren ardura dira: enplegua sustatzea, inbertsio publikoak egitea eta bertan bizitzeko alternatibak eskaintzea. Udalek eskumen guti dute horretan». Otondok uste du ekonomiaren birtokiratze bat sustatu beharko litzatekeela, bertze logika batean. «Batzuek autobidea aipatzen dutelarik, bota izan da 1.000 milioi euroko aurrekontu bat. Baina planteatzen dudan galdera da, diru hori erabiltzeko prest badaude, zergatik ez duten eskualdean inbertitzen dirutza hori». Horrek konponbidea lekarkeela uste du. «Inbertituta, gutiago mugitu beharko ginateke. Eskualdean trantsizio logika batean kokatzen diren hainbertze jarduera ekonomiko sustatzeko diru publiko aski izanen genuke, eta, azkenean, ekonomia birtokiratzen, eskala ttipiagokoetara ekartzen lagungarria gertatuko litzateke. Mugitzeko behar gutiago izanen genuke, azkenean». Proiektuak herritarren bizkar egin ohi direla salatu du, ordea: «Baztanen oraindik baditugu 90 baserri bide txukunik gabe, eta hor ari gara errepide azpiegitura berriak proiektatzen oraino hainbertze herritarrek gutxieneko bide azpiegitura bat ez dutelarik». Baztandik urrats gutira duten Baxenabarre jarri du kontrako adibide: «Harrigarria da, aise errepide azpiegitura eskasagoa izanik, nola bizi diren, nola ari diren populazioa atxikitzen, nola ekonomikoki dinamikoak diren».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Apirilaren 7an eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 12.401 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 790 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 4.149 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Saltoki txikiak itxita Iruñean. ©Iñigo Uriz / Foku

Kontrolak indartuko dituzte Aste Santuan

Berria

Martxoaren 21az geroztik SARS-CoV-2 birusaren kasu berri gutxien atzeman duten eguna izan da atzokoa Euskal Herrian. Testa egin gabe ari dira sendagiria ematen gaitzak jotako osasun langileei.

Urkullu lehendakaria eta Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua ©Irekia
Lanbidek Bilbon duen buego bat, aurreko astean ©Luis Tejido (Efe)

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna