Koronabirusa

Txertoa zahar etxeetan: eskubide eta buruhauste

Adinekoen egoitzetako egoiliarrak izan dira COVID-19aren kontrako txertoa jaso duten lehen herritarrak, eta, oraingoz, zentroetako erabiltzaile gehienak agertu dira txertoa jartzearen alde. Berriki, ordea, hautsak harrotu ditu Oiartzungo Aiton Etxeko kasuak, eta eztabaidagai bilakatu da erabakiaren inguruko eskubidea.

COVID-19aren kontrako txertaketa kanpaina, Hondarribiako Caser Betharram zahar etxean. GORKA RUBIO / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2021eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Pandemiaren ilunean, itxaropen izpitzat jo dute askok gaitzaren kontrako txertaketa kanpainaren hasiera. Azkeneko bi asteetan ekin zaio prozesuari Euskal Herrian, eta zahar etxeetako egoiliarrak ari dira txertatzen lehentasunez; betiere, hala erabakitzen duten kasuetan. Bestelako osasun tratamenduen gisara, ez da nahitaezkoa jasotzea, hautazkoa baizik. Oro har, txertoa jasoko duen pertsonari berari dagokio erabakia hartzea, eta bermatua behar luke txertoa jasotzeko eskubideak. Zenbait eragileren ustez, ordea, eskubide hori lausotu egiten da zenbaitetan. Oihartzun handia izan du, esaterako, Oiartzungo (Gipuzkoa) Aiton Etxe egoitzan gertatutakoak, baita sumina ekarri ere. Zentroko zuzendaritza erabiltzaileei gaitzaren aurkako txertoa jartzearen kontra agertu da, argudiatuta «esperimentazio fasean» dagoela eta «epe laburrean albo ondorio larriak» eragin ditzakeela. Aldundia harremanetan jarri da zentroarekin, datozen egunetan bilduko da erabiltzaileen familiekin, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko zenbait ordezkari ere izanen dira bertan. Gainera, esan du «beharrezko neurriak» hartuko direla egoiliarren eskubideak babesteko:«Erakundeak txertaketa eskubidea bermatuko die hori nahi duten erabiltzaile guztiei».

Gipuzkoako Senideak elkarteak ezinegona azaldu du gertatutakoarengatik, eta zenbait eske egin dizkio aldundiari: txertaketarako «protokolo argi eta homogeneoak» ezar ditzala eskatu du elkarteak. Bestalde, argudiatu du egoitzak, itunpekoa izanik ere, diru publikoa jasotzen duela kudeaketarako, eta, beraz, «aldundiak ezarritako gidalerroei jarraitu behar diela». Iritzi berekoa da Gipuzkoako EH Bilduko bozeramaile Juan Karlos Izagirre. «Ulertezina da egoitzaren jarrera; oztopoak jarri zaizkie erabiltzaileei», salatu du. Gainera, Izagirreren arabera, «zaintza lanak pribatizatzearen ondorioetako bat» da Oiartzungo kasua. «Pentsaezina litzateke osasun etxe batean horrelakorik gertatzea».

Hala, egoitzetako egoiliarrei eskubideak ukatu zaizkiela salatu dute zenbait adituk, eta, horiek horrela, esku hartu beharra aldarrikatu dute. «Osasun langile batek, edozein arlotakoa izanik ere, ez du inolako eskubiderik pertsona bati oztopatzeko bere osasuna hobetu dezakeen tratamendu edo esku hartze bat jasotzeko aukera», adierazi du Marije Goikoetxea Deustuko Unibertsitateko irakasleak. Bioteka gaietan aditua da Goikoetxea, eta eta zahar etxeetako auziak eta argitze aldera martxan diren batzorde etikoetan hartzen du parte.

Goikoetxeak argi ditu egoiliarrak txertatu edo ez erabakitzeko eman beharreko pausoak, eta lehenbizikoa da inportanteena: erabiltzaileari berari galdetzea. «Horretarako, informazioak argia izan behar du, bereziki ongi azaldua. Kasu batzuetan, gerta daiteke zahartzaroko dementzia duten pertsona batzuek guztia ez ulertzea estreinako aldian. Bada, tira, azaldu diezaiogun hiru aldiz, eta agian hobeki ulertuko du horrela», azaldu du. Dioenez, erabiltzailearen nahia errespetatzea da «gakoa», erabakia edozein izanik ere. «Txertoa ez duela jarri nahi erabakiz gero, ezin zaio eskatu iritziz aldatzeko, jakina».

Egoiliarra bere kasa erabakitzeko gai ez denean baizik ez da jo behar beste pertsona bati galdetzera, Goikoetxearen ustez. Halakoetan, senitartekoek edo tutoreek dute eskumena, eta, kasu horietan ere, «ezinbestekoa» da ahal bezain beste errespetatzea egoiliarraren autonomia. «Adibidez, erabakia hartuko duena pertsona horren semea bada, ahalegina egin beharko du pentsatzeko aitak benetan zer nahi lukeen». Goikoetxeak aitortu du beti ez dela erraza izaten, eta, beraz, uste du profesionalengana jotzea dela «komenigarriena».

Epaitegira iristeko aukera

Erabiltzailea bera bere kabuz erabakitzeko gai ez denetan eta, gainera, senitartekorik edo legezko ordezkaririk ez badu, osasun agintariek beste ate bat jo behar dute prozesua bideratu ahal izateko. Kasu horietan, epaitegietan eman beharko da egoeraren berri, eta posible da kasua judizializatzea, epaitegiak erabaki dezan pertsona horren txertaketaren inguruan. Goikoetxearen iritziz, «hutsegite handia» da hori. «Ez dut uste pertsona hori babesteko modu egokia denik. Lehenetsi beharko genuke zaintzen gaituzten pertsona horiek erabakitzea guregan eragina duten gauzei buruz. Izan ere, normalean haiek ezagutzen gaituzte hobekien; edozein epailek baino hobeki, ziur». Goikoetxeari salbuespenezko egoera batzuetan bakarrik iruditzen zaio bide egokia auzitegiena. «Erabakiak zuzenean beste bati kalte egiten dionean, edota bi pertsonaren eskubideen artean liskarra gerta daitekeenean, adibidez, izan daiteke aukera bat; bestela, ez du laguntzen».

Kasu gehienetan, aurrera

Txertaketak abiatuak dira hainbat egoitzatan, eta hastekotan dira beste askotan. Zenbait zahar etxetako arduradunek aitortu dute batzuetan «nahasmena» izan dela nagusi, baina esan dute «atseginez» ari direla orain bidean aurrera. Gainera, agintariek emandako datuen arabera, egoiliar gehienek jarriko dute txertoa. Nafarroan, adibidez, %95i jarriko dietela esan du gobernuak.

Esaterako, atzo hasi ziren txertoa jartzen Lizarrako (Nafarroa) San Jeronimo zahar etxean. Jarri zituzten lehenbiziko dosiak, eta hilaren 28an jarriko dituzte bigarrenak. Zentroko zuzendari David Cabrerok azaldu duenez, joanden astean izan zuten data horien berri, eta segituan helarazi zieten informazioa erabiltzaileei eta haien erreferentziazko pertsonei. Nahiago izan diete informazioa bi aldeei jakinarazi, aldi berean. «Ahal dela, egoiliarrak berak hartu behar du erabakia, baina, ikusirik gaiak eztabaida eragin duela, nahiago izan dugu horrela jokatu», adierazi du. Lizarrako zahar etxearen kasuan, 70 egoiliarretatik bi zalantzati agertu dira, baina, zuzendariaren arabera, azkenean inork ez du eman ezezkoa. Beste bi kasutan, berriz, senideak izan dira txertoa jartzearen alde egon ez direnak, baina erabiltzaileen nahia gailendu da, eta hartu dute txertoa.

Euskal Herriko beste egoitza batzuetan datorren astean hasiko da txertaketa. Asmo hori dute, adibidez, Zestoako San Juan zentroan (Gipuzkoa). Egoitzako erabiltzaileei jarriko diete lehenik; aurrerago ailegatuko zaie eguneko zentrokoei eta etxebizitza babestuetan bizi direnei. Joseba Illarramendi zentroko zuzendariak esan du zahar etxeko egoiliar guztiek erabaki dutela txertoa jartzea; 35ek, zehazki. Erabiltzaileei beraiei galdetu diete txertoa jarri nahi duten edo ez, eta erabakitzeko gaitasunik ez duten kasu horietan senideekin hitz egin dute. Dena dela, Illarramendik argitu du, erabakia edozein izanik ere, kasu guztietan dela premiazkoa baimena sinatzea. Azaldu duenez, «lasaitua» hartu du guztiak txertatzera doazela ikustean. «Ezin dugu inor derrigortu, baina uste dugu iluntasun honetatik ateratzeko argi izpi bat dela hau».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.