urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Gurea eta beste aberri batzuk

2021eko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Bizkaian Donostialdean baino Aberri Egun alaiagoa izango dugu, atzo Athleticek irabazi bazuen finala. Reala nagusitu bazen, alderantziz izango da. Bata zein bestea dela, ziurra da ez Bizkaian ez Gipuzkoan ez dela bandera zuri-gorri edo zuri-urdin beste ikurrin egongo gaur leihoetan eta balkoietan, Iñaki Galdosi asteon irakurri diodan legez.

Zaila da gaur egunean aberriaren esangura azaltzea, baina ez dut arazorik horretan guztian sinboloek badutela lekurik onartzeko; eta futbola dago horien artean. Ez da arrazionala, baina komunitatearen aldarteari eragiten diote. Espainiako erregearen kopak, datorren asteko euskal selekzioaren partidek baino gehiago, dena esan behar bada, baina Basque Country Women`s Cup-ek ere balio beharko luke egunotako ilusioak hauspotzeko eta zatiketa interesatuak leuntzeko.

Espainiako selekzioak Kosovokoaren aurka izandako partida izan da futbolaren garrantzi sinboliko horren erakusle, eta zelan gera zaitezkeen barregarri zure konplexu identitarioek gain hartzen dizutenean. Askotan kontatu dut Kosovoren independentziaren lehen urteurrenean gertatutakoa: Brezovican egin nuen erreportaje bat; hegoaldean, Mazedoniako mugatik hur dagoen enklabe serbiarra da, eta eski estazio bat dago. Serbiarrek bandera espainiarrak haizatu ohi zituzten garai hartan euren agerraldietan, mendebaldeko estatu bakarra zelako (delako) oraindik ere Kosovoko estatua aitortzen ez duena. Eskiatzaile batekin berbetan hasita, gune serbiarrean egonik, Espainia aipatu nuen eta hark erantzun, «ez dut espainiarrekin berbarik egiten». Albaniarra zela ohartuta, euskalduna nintzela gaineratu nion, eta berehala aldatu zuen aldartea, «orduan bai, zurekin bai». Eta irribarrez erantsi zuen: «Badakizue zuengatik ez gaituela aitortzen Espainiak, ezta?».

EBko bost herrialde dira Kosovo aitortzen ez dutenak; Grezia eta Zipreren kasuan, lotura erlijioso eta nazional luzea daukate Serbiarekin eta Errusiarekin, eliza ortodoxoak eta otomandar inperioaren aurkako garaietatik. Eslovakiak eta Errumaniak bestelako lotura bat daukate Serbiarekin: hirurek daukate hungariar gutxiengo garrantzitsua. Baina Espainiaren motiboa? 2009an eskiatzaile albaniar hark argi zeukan, euskaldunak ginela Espainiaren ukazioaren zergatia. Gaur egun, baliteke gutaz gogoratu ere ez egitea, ia seguru Katalunia aipatuko luke. Zenbati ez zaio gertatu azken urteotan, munduan zehar «Basque» esan eta Bartzelona aipatzea mintzakideak?

Kosovo ez dago Serbiaren menpe, baina ez da guztiz independente ere: ez du Nazio Batuen egoitzan aulkirik. Belgradekin adostutakoan kenduko omen dio betoa Errusiak. 194. estatua litzateke NBEn. Haren atzetik zeintzuk etorriko diren aipatzea eskatuko baliote aditu bati, ez dut uste Euskal Herria horien artean sartuko lukeenik.

Eskozia independentea, Kaledonia Berria, Bougainville, Groenlandia, Katalunia, Irlanda Batua edo Gales bera, Erresuma Batua desegingo balitz, aukera errealagoak dirudite horiek. Dena alda daiteke, noski, baina etorkizun hurbilean, euskal bultzada independentista indartsua baino gertagarriagoa dirudi Espainiaren inplosioak, Kataluniatik bultzatuta, eta monarkiak eta estatu-ereduak higatuta. Kasu, ez dira gutxietsi behar era horretan sortutako estatuak ere, norberak irudikatutako askapen prozesutik arras desberdinak izanagatik: Sobietar Batasuneko hamabost errepubliketatik lauzpabost ziren mugimendu independentista indartsua zutenak, gainerakoei oharkabean iritsi zitzaien estatu bat eratu beharra, ordura arte zeukaten estatu handiak hondoa jo zuela jabetzerakoan.

Ez da duela 30 urte bezalako olatu sezesionistarik nabari munduan, egia da. Han-hemenkako tantak, baina, begi bistakoak dira. Ozeanian, Bougainvilleko lehen ministroak herritarrei independentziarako prest egoteko esan die asteon; herritarren %98k bozkatu zuten independentziaren alde duela urte eta erdi, eta pandemiak negoziazioak luzatu dituen arren, emaitza horrek ez du beste irtenbiderik: epe labur edo ertainean Papua Ginea-Berritik bereizitako estatu bihurtuko dira.

Handik hurbil, Kaledonia Berrian ere datozen egunetan baieztatuko dute herrialdearen independentzia erreferendumaren data, 2022ko apiriletik urrira bitartean. Badituzte bi arazo berehalako, edozelan ere, horren aurretik: orain arte pandemiak ia ukitu ez arren, azkenean artxipelagoan sartu da birusa. Bestetik, independentisten arteko zatiketak presidenterik ez hautatzea izan du ondorio, eta aurrekontuaren ardura estatuak hartzea, unionismoari opari galanta eginez: osasun egoera okerrenean, dagokizun ardura hartzeko ez bazara gai, nola nahi duzu independente izan? Datozen asteetan bideratu beharko dute auzia, erreferendumera bidean sinesgarritasuna berreskuratzeko.

Beste Kaledonian, berriz, hauteskundeetarako hilabete baino ez da geratzen, eta konpromiso argiarekin datoz independentistak: SNPren gehiengo handia erreferenduma egiteko mandatu zuzena izango da. Hor ere, ikusi beharko da Alex Salmonden aferak eta hark sortutako alderdiak zenbateraino higatzen duten independentismoa. Gauza bat argi dago: Londres historikoki maisua izan da aurkarien artean zatiketa-haziak ereiteko.

Hauteskunde hurbilagoa, Groenlandian dute: etzi izango da, eta ezker independentistak garaipen historikoa lor lezake.

Datozen asteetan mintzatuko gara beste aberriez. Gaur ospa dezagun gurea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.