andoni egana
HITZ ETZANAK

Diesela

2018ko uztailaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Begirasun gaiztoak sumatu zituen halako batean. Hatz erakusleak ikusi zituen bera seinalatuz. Marmarrean ari zen kuadrilla baten parean pasatzean hitz bakan batzuk entzun ahal izan zituen doi-doi, eta berari buruz ari zirela pentsatu zuen: «...aurpegia behar du! Besteren biziak ez dio batere axola!». Zorritsua balitz bezala hartzen zutela ohartu zen, eta jendeak diosala ere ukatu egiten ziola. Eta errudun sentitzen hasi zen. Ez zuen barkamenik merezi. Kartzelan bukatuko zuen, familiarengandik urrun, oso urrun.

Madarikatu egin zuen bestek aholkaturik —berak ez zuen deus ulertzen eta ez zitzaion piperrik axola— diesel auto bat erosi zuen duela hamar urteko egun hura. Erregai kontu hutsa zirudien. Hasiera hartan, normal joan zitzaizkion gauzak, ez ongi eta ez gaizki, baina, azken bost-sei urtean, gaizki aukeratu zuela entzuten hastetik ia gaizkile sentitzera pasatu da.

Etsitzear egon da, baina ez du etsiko. Gobernuek, gobernuz gaindiko estamentu boteretsuek, saltzaileek, hedabideek... esango diote nahi dutena. Atzo ona zena gaur txarra dela, adibidez. Berak badaki, ordea, inguruko giroa dela garrantzitsua. Konkretua delako. Ingurugiroa, berriz, abstrakzioa, komenentzira erabiltzen dute helburu ulergaitzak lortzeko gaitasuna eta premia dutenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.